e-mail

2. Telekom.
sin. electronic mail, e-mail message, electronic mail message, e-message

Posta elektronikoaren erabiltzaileak hartzaile bati edo gehiagori bidaltzen dien mezua.

Ingelesez, e-mail eta electronic mail terminoak electronic mail message terminoaren sinonimotzat erabiltzen dira, nahiz eta lehenengoa mezua eta bigarrena posta izan. Bestalde, e-mail gainerako hizkuntzetan ere asko erabiltzen da, mezua adierazteko

1. Inform.
Komunikazio-sare bateko aplikazioa, mezuak bidali, hartu, kontsultatu, ezabatu eta antolatzeko aukera ematen duena. Bidalitako mezuak sareko zerbitzarian edo ordenagailu ostalarian gordetzen dira hartzaileak kontsultatu eta ezabatu edo ordenagailura deskargatu arte.

Posta elektronikoa Edit

Egilea: Alaitz Erkoreka

POSTA ELEKTRONIKOA

Azkeneko urteetan, jende asko eta askori posta elektronikoa telefonoa baino erosoagoa iruditzen zaio, bai harreman pertsonaletarako bai profesionaletarako. Izan ere, oso denbora gutxian posta elektronikoa harremanetarako tresna bikaina bihurtu da, dela lagunen arteko harremanetarako dela bezero, hornitzaile, langile eta abarren arteko komunikaziorako.

Askori azken hamar bat urteetako asmakizuna dela irudituko zaien arren, posta elektronikoa da Interneten erabiltzen dugun tresnen artean zaharrenetakoa. Hain zuzen ere, duela 30 urte inguru sortutako baliabidea da, eta, aurreikuspenen arabera, badirudi aurrerantzean ere luze erabiliko dela. Izan ere, posta elektronikoaren erabiltzaileen kopurua gero eta handiagoa da. Gainera, kontuan izan behar da hornitzaile askok doan eskaintzen dutela posta elektronikoaren zerbitzua (Euskaltel, Yahoo, Hotmail, etab.), eta horrek, noski, posta elektronikorako sarbidea izateko aukera ematen die gero eta erabiltzaile gehiagori.

Mezua idazteaz gain, posta elektronikoak fitxategiak bidaltzeko aukera ere ematen du, hala nola erosleen fakturak, argazkiak, txostenak eta beste hamaika fitxategi-mota. Gainera, doako zerbitzua eskaintzen duten hornitzaileen bidez, posta elektronikoa sarera konektatuta dagoen edozein terminaletatik kontsultatu eta kudeatzeko (mezuak bidali, jaso, gorde, sailkatu, etab.) aukera dago.

Posta elektronikoaren segurtasuna

Mezuak idazteko arau orokorrak

Posta elektronikoaren bidezko harremana ez da erabat segurua. Izan ere, kontuan izan behar da zer, nori eta nola bidaltzen zaion.

Hori guztia kontrolatzeko, ingelesez eta beste zenbait hizkuntzatan netiquette terminoaz ezaguna den kontzeptua sortu zen, hau da, mezu elektroniko bat bidali nahi denean kontuan hartu beharreko arauen multzoa. Nolabait esateko, arau-multzo horrek posta elektronikoaren erabiltzaileen arteko harremana egokia dela bermatzen du. Gainera, ez dira aparteko arauak ere, gehienak erabiltzaileen zentzu komunari jarraiki sortutakoak baitira: mezuaren gaia adieraztea komeni da, hartzaileak mezua interesatzen zaion edo ez jakin dezan; ortografia eta gramatika zaintzea komeni da, mezua sinesgarria izan dadin; etab. Bestalde, mezuan ematen den informazioarekin ere kontu handia izan behar da, hartzaileak helbide elektronikoa faltsutu eta mezua sarean zehar heda baitezake, beste baten izenean.

Beste arau asko ere badira, baina, esan bezala, oinarria bera dute guztiek: zentzu komuna. Labur esanda, ez da komeni norberak jaso nahiko ez lukeen mezurik bidaltzea. Izan ere, sarean dauden baliabideek muga bat dute, eta erabiltzaile guztien ardura da muga hori errespetatzea.

Birusak eta zabor-posta

Era berean, erabiltzailearen ardura da helbide elektronikoa behar bezala kudeatzea. Helbidea zenbat eta ezagunagoa izan, erabiltzaileak aukera handiagoa du interesatzen ez zaizkion mezuak jasotzeko, hala nola publizitatea, bidezko kausa baten aldeko laguntza eske bidaltzen diren mezuak eta, batez ere, erabiltzailearen terminalean birusa instalatzen duten mezuak.

Izan ere, azken hori da posta elektronikoaren etsairik nagusiena. Ordenagailuan instalatuz gero, birusek kalte handia eragin dezakete, eta ahaltsuenak ordenagailua erabat hondatzera hel daitezke. Posta elektronikoaren bidez heltzen diren birusei aurre egiteko, ezinbestekoa da ordenagailuan birusen kontrako programa bat instalatzea edo, bestela, sarearen bidez eskaintzen diren birusen kontrako zerbitzuak erabiltzea, mezuarekin batera bidaltzen diren fitxategi erantsiak aztertzeko.

Birusarekin batera, eta beste maila batean bada ere, zabor-posta deritzona ere oso deserosoa izaten da. Zabor-posta bidaltzaile ezezagunek igorritako mezuek osatzen dute, hau da, eskatu gabe jasotzen ditugunek: publizitatea, eskaintza bereziak, etab. Kasu horretan, egokiena da mezuei ez erantzutea, erantzunez gero zabor-mezu gehiago jasotzeko aukera baitago, eta, gainera, ordenagailuan birusa instalatzeko arriskua ere badago.

Esanak esan, eta nahiz eta teknologia berriak agertu, posta elektronikoak harremanetarako tresna bikaina izaten jarraituko du luzaroan.