diabetes

1. Med.

Odolean eta gernuan glukosa gehiegi izatea ezaugarri duen gaixotasuna.

Kasu askotan, II motako DM loditasunarekin lotuta dago
Kasu askotan, II motako DM loditasunarekin lotuta dago

1. Med.
Odolean eta gernuan glukosa gehiegi izatea ezaugarri duen gaixotasuna.

Diabetesa Edit

Egilea: Xabier Huizi

DIABETESA

Areko Langerhansen irletako beta zeluletan intsulina izeneko hormona ekoizten da, eta bere funtzioa odoleko glukosa zeluletan sartzea da. Diabetes mellitus (DM) gaixotasuna intsulina-gabezia nahiz intsulinak bere funtzioa betetzeko zailtasuna izaten da, eta, ondorioz, hipergluzemia (odolean glukosa gehiegi) gertatzen da. Diabetesa asaldura kronikoa da, oinarri genetikoa du, eta prebalentzia handia: populazioaren % 4-5i eragiten dio.

Hipergluzemiak luzaro iraunez gero (urtetan), konplikazioak sortzen ditu, giltzurrunetan (nefropatia diabetikoa), begietan (erretinopatia diabetikoa), oinetan (oin diabetikoa), nerbioetan (neuropatia diabetikoa), odol-hodietan (iskemia) nahiz bihotzean (bihotzekoa). Beraz, garrantzitsua da hipergluzemiak ekiditea, hots, Diabetes mellitus ondo kontrolatzea.

Diabetes-motak

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) diabetes-mota hauek bereizi zituen 1985ean:

  • I motako DM edo intsulinaren menpekoa den DM. Gaztaroan agertzen den diabetesa da, 30 urte izan baino lehenago. Diabetes-mota guztietatik % 10-15 mota horretakoak dira. Asaldura autoimmunetzat hartzen da: norberaren ß zelulak deuseztatzen dira, eta ez dute intsulinarik ekoizten. Hasiera-sintomak azkarrak eta bat-batekoak izan ohi dira: polidipsia (egarri handia), poliuria (txiza asko), polifagia (gose handia), argaltzeko joera eta abar.

  • II motako DM edo intsulinaren menpekoa ez den DM. Helduaroan nahiz zahartzaroan agertzen den diabetesa da. Diabetes-mota guztietatik % 80-85 mota horretakoak dira. Ez da eragile zehatza ezagutzen. Gehienetan (kasuen % 60-90ean), pertsona lodia izan ohi da, eta horrek intsulinaren eginkizuna zaildu egiten du. Areko ß zelulen funtzioa gutxitua egon ohi da, baina intsulina sortzeko gai dira. Hasiera-sintoma garbirik ez dago, hau da, ez da modu akutuan agertzen, isilpean baizik.

  • Beste DM-motak. Talde horretan, hainbat asalduren ondorioz sortutako DMak sartzen dira, adibidez, areko gaixotasunen (pankreatitisa, minbizia), akats genetikoen, endokrinopatien (Cushing-en sindromea, hipertiroidismoa) nahiz infekzioen (errubeola, zitomegalobirusa) ondorioz sorturikoak. Diabetes-mota guztietatik % 5 mota horretakoak dira.

  • Haurdunaldiko DM. Haurdunaldian agertzen den diabetesa da. Haurdunaldi guztien % 4ri eragiten dio. Intsulinaren funtzioa gutxiagotua egoten da, haurrari glukosa gehiago irits dakion. Haurdunaldia igaro ostean, desagertu egiten da, baina emakume horrek probabilitatea handiagoa izango du etorkizunean II motako DM izateko.

grafikoak1

Kasu askotan, II motako DM loditasunarekin lotuta dago

Diagnostikoa

Odoleko glukosa-maila (gluzemia) neurtuz egiten da. Bi egunetan, pertsona baraurik dagoela, gluzemia 126 mg/dl baino handiagoa bada, DM dela jotzen da. Zalantza dagoenean, Glukosaren Ahotiko Tolerantzia Testa egin ohi da. Proba horretan, pertsonari 75 gr glukosa edanarazten zaio, eta, bi ordu igaro ostean, gluzemia neurtzen zaio. Bi egunetan, gluzemia 200 mg/dl baino handiagoa bada, DM dela jotzen da. Bestalde, gluzemiak DM diagnostikatzeko adinakoak ez baina tarte normalak baino handiagoak direnean, pertsonak glukosarekiko intolerantzia duela diagnostikatzen da. Glukosarekiko intolerantzia dutenen jarraipena egin behar da, urte gutxi barru DM izan dezaketelako.

Diabetesaren tratamendua eta kontrola

Helburua pertsonaren gluzemia egonkorra mantentzea da. Bost dira kontuan izan beharreko arloak:

  • Elikadura. Elikadurak osasuntsua eta orekatua izan behar du. Egunean bost otordu egitea komeni da (gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, merienda eta afaria), ahal dela, ordu jakin batzuetan. Ez da komeni otordu batean asko jatea eta hurrengoan batere ez: hobe da elikagaiak egunean zehar banatzea. Diabetesaz gain, loditasuna dagoen kasuetan, argaltzeko dieta egin behar da; hipertentsio arteriala dagoenean, gatzik gabeko dieta; hiperkolesterolemia dagoenean, gantz gutxiko dieta. Pertsona erretzailea bada, erretzeari uztea komeni zaio.

  • Ariketa fisikoa. Ariketa fisikoak glukosa-maila txikitzen du, eta pisua galtzen laguntzen du. Ariketa egokia egin behar da, gorputza behartu gabe: oinez ibili, bizikletaz ibili, igeri egin... Ariketa egunero egitea komeni da, gutxienez, 30 minutuz. Ahal dela, beti ordu berean eta otordu nagusi baten ondoren egin behar dira. Ariketa egitean, poltsan glukosa eramatea (azukre-koxkor batzuk) komeni da, ariketak berak hipogluzemia (odolean glukosa gutxiegi) sor baitezake.

  • Medikazioa. I motako DMren kasuan, intsulina beharrezkoa izaten da, eta larruazalpeko bidetik ipintzen da, injekzio bidez. II motako DMren kasuan, aukera hauek daude:

    • Lehen aukera: diabetesa tratamendu dietetikoaren bidez (elikaduraren bidez) soilik kontrolatzea.

    • Bigarren aukera: diabetesa, tratamendu dietetikoaz gain, ahotik hartzeko hipogluzemianteen bidez kontrolatzea. Ahotik hartzeko hipogluzemianteen artean, intsulina gehiago ekoitzarazten dutenak (sulfonilureak), intsulinarekiko sentikortasuna areagotzen dutenak (biguanidak) zein hesteetan glukosaren xurgapena gutxiagotzen dutenak (zuntzak nahiz alfa glukosidasen inhibitzaileak) daude.

    • Azken aukera: diabetesa tratamendu dietetikoaz gain, intsulina hartuz kontrolatzea. II motako DM dutenen artean, % 20-30ek intsulina behar duela kalkulatzen da.

  • Analisiak. Gluzemia egunean behin nahiz bi egunez behin neurtu behar izaten da, ondo dagoen ala ez ikusteko. Ohikoena, diabetikoak berak etxean autoanalisiak egitea da. Horretarako, badaude gluzemia kapilarra neurtzen duten tresna automatikoak. Hatz-mamia ziztatuz odol-tanta bat atera behar da, eta hura tresnan ipini. Bigarren proba hemoglobina glikosilatuarena da. Urtean bitan egiten da, eta azkeneko 2-4 hilabeteetan glukosa-mailak izan duen bilakaeraren berri ematen du.

  • Oinak. Diabetesak oinetan konplikazioak sor ditzake. Horiei aurrea hartzeko, oinak egunero zaintzea komeni da: oinetako erosoak erabiltzea, galtzerdiak egunero aldatzea, oinak egunero garbitzea eta behatzea, krema hidratatzailea ematea, kolpeak ekiditea eta abar.

Laburbilduz, pertsona diabetikoak oreka gorde behar du jaten duenaren (janariak glukosa baitakar), egiten duen ariketa fisikoaren (ariketak glukosa kontsumitzen baitu) eta hartzen duen medikazioaren artean.

grafikoak2

Intsulina larruazalpetik ipintzen da