detergent

1. Kim.

Osagai nagusitzat agente tentsioaktibo bat duen produktua. Substantzia horren molekulak kate hidrokarbonatu batez eta buru ioniko batez osatuak daude. Beste osagai garrantzitsu batzuk lagungarriak dira (builders direlakoak). Polifosfatoak izaten dira eta agente tentsioaktiboen lana errazten dute. Detergenteak garbitzeko erabiltzen dira nagusiki eta bai hezetze-agente eta emultsionatzaile gisa ere. Biodegradagarritasun-arazoak sortu izan dituzte (gaur egun, biodegradagarriak erabiltzen dira), eta eutrofizazioaren eragile ere izan daitezke.

Sarritan, detergente eta agente tentsioaktibo terminoak sinonimo gisa erabiltzen dira. Agente tentsioaktiboa uraren gainazal-tentsioa jaisten duena da. Detergentea, berriz, propietate horri esker garbitzen laguntzeko erabiltzen den substantzia. Beraz, detergente oro da tentsioaktibo (edo konposatu tentsioaktiboduna), baina konposatu tentsioaktibo guztiak ez dira garbitzeko soilik erabiltzen eta, beraz, ez dira denak detergente.

Gaur egun, detergente gehienak sintetikoak dira, eta solido zein likidoak izan daitezke
Gaur egun, detergente gehienak sintetikoak dira, eta solido zein likidoak izan daitezke

1. Kim.
Osagai nagusitzat agente tentsioaktibo bat duen produktua. Substantzia horren molekulak kate hidrokarbonatu batez eta buru ioniko batez osatuak daude. Beste osagai garrantzitsu batzuk lagungarriak dira (builders direlakoak). Polifosfatoak izaten dira eta agente tentsioaktiboen lana errazten dute. Detergenteak garbitzeko erabiltzen dira nagusiki eta bai hezetze-agente eta emultsionatzaile gisa ere. Biodegradagarritasun-arazoak sortu izan dituzte (gaur egun, biodegradagarriak erabiltzen dira), eta eutrofizazioaren eragile ere izan daitezke.

Detergenteak Edit

Egilea: Jesus Maria Aizpurua

DETERGENTEAK

Xaboiak dira detergenterik sinpleenak eta lehendabizi erabili zirenak. Gantz-azidoen sodio- edo potasio-gatzez osaturik daude, eta substantzia organiko hidrofoboak azaletik, arropatik edo baxeratik garbitzeko erabiltzen dira, zikinkeria uretan emultsionatzen baitute. Garbiketa industrialerako xaboien ahalmena ahulegia zela-eta, 1907. urtean, lehen detergente xaboitsua asmatu zen Alemanian; horretarako, xaboi arruntari sodio perboratoa eta silikatoa gehitu zioten. Bi gehigarri horien lehen hizkiak bilduz sortu zen bere izena: Persila.

grafikoak1

Gaur egun, detergente gehienak sintetikoak dira, eta solido zein likidoak izan daitezke

Gaur egungo detergente gehienek tentsioaktibo sintetikoak dituzte, eskuarki, kate luzeko alkil sulfatoak eta sodio alkilbentzenosulfonato linealak (SAL). Molekula horien kate alifatikoaren formak, lineala ala adarkatuak, ez du eraginik garbiketa-ahalmenean, baina bai detergentearen apar-sorreran eta biodegradagarritasunean. Kate adarkatuek apar iraunkorrak eta biodegradagarritasun urria eragiten dituzte, eta kate linealeko tentsioaktiboak, berriz, bakterioen eraginpean errazago digeritzen dira. Hala ere, SAL tentsioaktiboak dituzten hondakin-urak araztegietan tratatu behar dira isuri aurretik. Detergente komertzial gehienetan molekula tentsioaktibo anionikoak edo ez-ionikoak erabiltzen dira, eta formulazioaren % 10-20 izaten dira.

grafikoak2

Koipe-tantak eta ehunak surfaktantez inguratzen direnean, haien arteko aldaratze-indarrak sortzen dira. Horretara, ehuna ez da berriz zikintzen

Detergente likido nahiz solidoen formulazioetan ur-biguntzaileak gehitzen dira substantzia tentsioaktiboen eragina areagotzeko. Ur-gogortasuna moteldu egiten dute kaltzio eta magnesio ioiekin adsorbatoak ala kelatoak osatzen baitira. Tarteka, sodio fosfatoaren zenbait forma (trisodio ortofosfatoa edo tripolifosfatoa) erabiltzen dira horretarako, baina nazio gehienetan debekatuak daude, ibai eta lakuetan metatuz gero eutrofizazioa eragin dezaketelako. Horien ordezko ioi-bahitzaile gisa, azido etilendiaminotetraazetikoa (EDTA) eta azido nitriloazetikoa (NTA) erabiltzen dira. Boratoak ere erabil daitezke xede berberarekin. Formulazio solidoetan, sarritan erabiltzen dira ioi-trukaketarako gehigarriak, eskuarki, zeolita sintetikoak eta polielektrolito polikarboxilikoak. Garbiketak dirauen bitartean uraren pH-a kontrolatzeko, sodio karbonatoa edo sodio bikarbonatoa dute detergente solidoek, tentsioaktibo anionikoen eragina deuseztatzen duten substantzia azidoak neutralizatzeko. Ur-biguntzaile eta pH-kontrolatzaileak formulazio-pisuaren % 20-45 izan ohi dira.

Gehigarri zuritzaile gisa, sodio hipokloritoa eta antzeko substantziak erabiltzen dira Ipar Amerikako nazioetan. Giro-tenperaturan eraginkorrak dira eta ez dute aktibatzailerik behar. Aldiz, Europan, peroxidoetan oinarritutako zuritzaileak erabiltzen dira, sodio perkarbonatoa, sodio perboratoa edo hidrogeno peroxidoa askatzen dituztenak. Zuritzaile horiek 60 °C-tik gorako tenperatura behar dute aktibo bihurtzeko; bestela, tetraazetiletilendiamina TAED, edo burdin eta manganeso-konplexuzko katalizatzaileak gehitu behar zaizkie tenperatura baxuagotan erabili ahal izateko. Osagai zuritzaileen batez besteko edukia % 15-30ekoa da detergente komertzialetan. Arroparen horixkatzea ezkutatzeko kumarina motako distiratzaile optikoak ere gehitzen dira detergenteetan (% 0,1, gutxi gorabehera). Molekula horiek argi ultramorea absorbatzen dute, argi urdinantza emititzen dute eta arropa distiratsuagoa bihurtzen dute.

Betegarriek erosoagoa bihurtzen dute detergentearen erabilera. Formulazio solidoetan sodio sulfatoa edo boraxa gehitzen dira hautsa pikortatua mantentzeko. Aldiz, formulazio likidoetan, alkoholak gehitzen dira beste osagaien disolbagarritasuna handitzeko eta detergentearen fusio-puntua jaisteko. Arropa- eta baxera-garbigailu automatikoak herdoil ez daitezen, sodio silikatoa erabiltzen da. Zenbait arropa-detergentek Bacillus subtilis edo Bacillus licheniformis bakterioek ekoitzitako entzima gehigarriak dituzte (% 0,75 inguru), belar eta odol-orbanak garbitzeko. Azkenik, bestelako gehigarrien artean, apar-murriztaileak, zuntz-leungarriak edo perfumeak aipa daitezke.

grafikoak3

a) Koipe-tanta batek ehun baten gainean jartzean sortutako q angelua; b) θ < 90° denean, surfaktanteak aski dira ehuna garbitzeko. Mekanismo hau roll-back izenez ezagutzen da; c) θ > 90° denean surfaktanteak ez dira aski ehuna erabat garbitzeko, eta beste garbigarri batzuk erabili behar dira