database
Ezagutza-arlo jakin bati buruzko informazioz osatutako datu-bilduma egituratua. Datuen egitura fisikoa datuok erabiliko dituzten aplikazioekiko independentea da, eta datuak behin bakarrik gordeta egon arren, aplikazio batek baino gehiagok erabili ahal izango ditu.
- eu datu-base
- es base de datos
- fr base de données
- 1. Inform.
- Ezagutza-arlo jakin bati buruzko informazioz osatutako datu-bilduma egituratua. Datuen egitura fisikoa datuok erabiliko dituzten aplikazioekiko independentea da, eta datuak behin bakarrik gordeta egon arren, aplikazio batek baino gehiagok erabili ahal izango ditu.
Datu-basea Edit
Egilea: Maite Oronoz
Datu-basea, definizioz, elkarrekin erlazionatutako datuen bilduma bat da. Har itzazu, adibidez, ezagutzen duzun jendearen izena, telefono-zenbakia eta helbidea. Informazio-multzo horrek datu-base bat osatzen du. Gaur egun, ordea, datu-baseei buruz aritzen garenean, ordenagailuetara lotuta ulertzen ditugu. Datu-base informatizatua ordenagailuetan biltegiratzen den datu-erregistroen bilduma egituratu bat da. Egituratze horrek datuak biltegiratzea, atzitzea, eguneratzea eta ezabatzea errazten du, bai eta datu horiek prozesatzea ere.
Datu-base informatizatuetan gordetako datuak testuzkoak edo zenbakizkoak izaten dira maiz, baina, azken urteotan, irudiak, bideo-klipak eta audio-mezuak ere gorde ditzakegu datu-baseetan (multimedia datu-baseak), baita mapak, eguraldiari buruzko datuak eta satelite bidezko irudiak ere (informazio geografikoko sistemak). World Wide Weben, ohikoak dira atzean datu-basea duten web-orriak.
Datubasea kudeatzeko sistema (DBKS) erabiltzaileei datubase bat sortu eta mantentzeko aukera ematen dien programamultzo bat da. Horrenbestez, DBKS xede orokorreko softwaresistema bat da, datubaseak definitu, eraiki, maneiatu eta hainbat erabiltzaile eta aplikazioren artean partekatzeko aukera ematen duena. Datubase bat definitzeko, datu-motak, egiturak eta datuek datubasean gordetzeko dituzten murriztapenak zehaztu behar dira. Datubasea eraikitzea, berriz, DBKSak kontrolatzen duen biltegiratzeeuskarri batean datuak gordetzeko prozesua da. Eta datubasea maneiatzea funtzio hauek egitea da: datubasean kontsultak egitea datu zehatzak eskuratzeko, datubasea eguneratzea minimunduko aldaketak jasotzeko, eta datuei buruzko txostenak sortzea. Eta, azkenik, datubase bat partekatuz gero, hainbat erabiltzailek eta programak erabil dezakete aldi berean. Gainera, babeskopiak egiteko, datuak hainbat euskarritan errepikatuta edukitzeko, datu-baserako sarrera babesteko eta kontsultak optimizatzeko baliabideak eskaintzen dituzte DBKSek. Datubaseak eta softwareak datu-base sistema (DBS) osatzen dute elkarrekin.
Datu-base sistema gehienak eredu bati jarraituta egituratuta egoten dira (eredu hierarkikoa, sareko eredua, objektuei orientatutako eredua eta abar), eta, datu-base eredu horretarako, hainbat biltegiratze fisikoko antolamendu dira posible. Azken urteotan, XML Native datu-baseen inguruan lan egiten hasiak dira. Datu-base horietan, edukiak XML (eXtended Markup Language) erabilita antolatzen dira. Eredu erlazionala da datu-base eredu ezagunenetarikoa, eta, horretan, oinarrizko egitura erlazio-taula da. Taula horretan, entitate bati buruzko (adibidez, langile bati buruzko) informazioa biltegiratzen da zutabetan eta errenkadatan (errenkadei, eredu honetan, tupla izena ematen zaie). Beraz, erlazio bat tupla-multzo bat da, zeinetan zutabeetan entitatearen atributuak adierazten diren (langilearen izena, helbidea eta nortasun-agiria, adibidez) eta errenkadetan entitateen instantziak gordetzen diren (langile jakin batzuk). Erlazioko atributuen artean, oinarrizko gako izeneko atributu-multzoak (multzoa atributu bakarrak osa dezake) tuplen artean bakarra identifikatzen du (adibidez, langilea identifikatzeko, nortasun-agiria atributua erabiliko genuke oinarrizko gako moduan, hark bakarrik baitu zenbaki hori). Gako arrotz izeneko atributu-multzoak (bakarra ere izan daiteke) beste erlazio bateko (edo erlazio bereko) oinarrizko gakoari egiten dio erreferentzia. Gako arrotzek, beraz, datu-baseko tauletako tuplen artean erlazioak ezartzeko balio dute. Modu horretan, enpresa bateko informazio osoa (adibidez, langileei, bezeroei eta produktuei buruzkoa) hainbat erlaziotan biltegiratuta eta erlazionatuta eduki dezakegu datu-basean, eta datu horien guztien gainean kontsultak egin ditzakegu, edo eragiketak egikaritu. Eredu erlazionalean informazio errepikatua murrizteko eta arazo logiko eta egiturazkoak ekiditeko, normalizazio izeneko diseinu-teknika erabiltzen da.
Datu-baseetako datuen gaineko kontsultak egiteko lengoaiarik ezagunenetarikoa SQL da (kontsulta-lengoaia egituratua, Structured Query Language). Lengoaia hori estandarra bihurtu da, eta, hori horrela izanik, DBKS batetik besteetarako datu-baseen garraioa erraz egin daiteke. SQLk datuak definitzeko, kontsultak egiteko eta datuak eguneratzeko sententziak ditu. Lengoaia-interfaze erazagutzailea eskaintzen duenez, nahikoa da emaitzak zer izan behar duen adieraztea, nola exekutatu behar duen eta kontsultaren optimizazioa DBKSaren esku lagata. SQLn kontsultarako sententzia-egitura erabiliena SELECT … FROM … WHERE da (sinplifikatuta, hau esan nahi du: aukeratu atributu hauek… erlazio hauetatik… baldintza hauek betetzen direnean).
Datu-baseak erregistro-fitxategi gisa gordetzen dira fisikoki, eta, normalean, disko magnetikoetan gorde ohi dira. Fitxategietan erregistroak antolatzeko hiru modu dira ohikoenak: ordenatu gabe, ordenatuta edo hash funtzioen bidez kokalekua kalkulatuta. Fitxategiak antolatzeko beste aukera batzuk ere badaude, adibidez, B zuhaitzak eta erregistro mistoz osatutako fitxategiak. Antolamendua aukeratuta dagoela, indize deituriko atzipen-egitura laguntzaile gehigarriak definitu ohi dira atributuen gainean. Zenbait bilaketa-baldintzari erantzunez erregistroak bizkorrago berreskuratzeko erabiltzen dira indizeak. Datuak biltegiratzeko egiturarik egokiena aukeratzeari errendimendu ona bermatuz, noski datu-basearen diseinu fisikoa egitea esaten zaio.