complex

1. Kim.
sin. coordination compound
[Co(NH <span style="font-size:58%;vertical-align:sub">3</span>) <span style="font-size:58%;vertical-align:sub">6</span>]Cl <span style="font-size:58%;vertical-align:sub">3</span> konplexua
[Co(NH 3) 6]Cl 3 konplexua

1. Kim.
Metal bat hainbat molekula, erradikal edo ioirekin lotura kobalente koordinatuz lotzean eratzen den konposatua.

Konplexua Edit

Egilea: Izaskun Gil de Muro

KONPLEXUA

Kimikan, konplexu edo koordinazio-konposatu izenpean, konposatu asko eta oso desberdinak biltzen dira: batzuk solido disolbagaitzak dira, beste batzuk ioietan disolbatzen dira, eta beste batzuk soilik disoluzioan dira ezagunak; beste alde batetik, konplexuak anioiak, katioiak edo molekula neutroak izan daitezke. Oro har, kimikan, ioi metaliko baten eta estekatzaile edo ligando desberdinen arteko bilduraren ondorioari deritza konplexu, eta ioi metalikoa zenbait ioi edo molekula neutroz inguraturik azaltzen da. Ioi zentralari loturiko estekatzaile-kopuruari koordinazio-zenbaki deritza.

Gaur egungo koordinazio-kimika A. Wernerri (1893) zor diogu. Hark proposatu zuen ioi metalikoak bi balentzia-mota izan zitzakeela: balentzia nagusia edo primarioa eta balentzia laguntzailea edo sekundarioa. Balentzia nagusia estekatzaile negatiboen bidez neutralizatzen da, hots, ioi metalikoaren oxidazio-egoera da, eta balentzia laguntzailea koordinazio-zenbakia da. Hortaz, balentziaren kontsiderazio arruntetik espero daitekeen lotura-kopurua baino lotura gehiago eratzen dira eta, bestalde, balentzia sekundarioa edo koordinazio-zenbakiak, ez oxidazio-egoerak, konplexuaren geometria definitzen du.

Esate baterako, kobre(II)-aren gatzen disoluzioak urdin argiak dira, baina amoniako apur bat gehitzean urdin bizi bilakatzen dira:

[Cu(H2O)6]2+ (aq) + 4 NH3 (aq) [Cu(NH3)4]2+ (aq) + 6 H2O (l)

urdin argia                                             urdin bizia

[Cu(H2O)6]2+ katioi metalikoaren oxidazio-egoera +2 da eta koordinazio-indizea 6 (geometria oktaedrikoa);

[Cu(NH3)4]2+ katioi metalikoaren oxidazio-egoera +2 da eta koordinazio-indizea 4 (geometria tetraedrikoa).

Konplexuan, estekatzaile bakoitzak —bai molekula, bai ioia— parekatu gabeko elektroi-bikote bat ipintzen du metalarekin σ-lotura eratzeko, eta metalak hutsik dagoen orbital bat ipiniko du elektroiak sartzeko, hots, lotura kobalente koordinatua eratzen da. Beste era batera esanda, konplexuetan, elektroi-hartzaile edo Lewis azidoak eta elektroi-emaile edo Lewis baseak diren espezieak daude.

Mn+ + x :NH3 [M(NH3)x] n+

Katioi metalikoa elektroi-hartzailea edo Lewis azidoa da, eta tamaina txikiko ioiak eta karga nuklear handikoak izaten dira: d multzoko metalak, ez-metal batzuk (PF6-, TeO66-, ICl4-) eta f elementuen katioiak. Ioi metalikoek ahalik eta koordinazio-zenbakirik altuena lortzeko joera izango dute oro har, betiere estekatzaileen elektroiak hartzeko orbital egoki erabilgarriak baldin badituzte eta sor daitekeen edozein arazo esterikoren menpe. Horrela, lehenengo trantsizio-serieko metalen ioiak txiki samarrak direnez, beren koordinazio-zenbakirik altuena sei da, baina faktore elektroniko edo esterikoen ondorioz sarritan baxuagoa da, bereziki seriearen azken aldean. Bigarren eta hirugarren trantsizio-serieetako ioi handietan, koordinazio-zenbakia zortzi izatera hel daiteke.

Koordinazio-konposatuak askotan estekatzaileen izaeraren arabera sailkatzen dira:

  • Konplexu klasikoak: estekatzaileak metalekin lotzen dira parekatu gabeko elektroi-bikoteen bidez.

    Estekatzaileak: H2O, NH3, Cl, CN, en.

    Konplexuak: [Co(EDTA)]], [Co(NH3)6]Cl3, K3[Fe(C2O4)3].

  • Konplexu organometalikoak: estekatzaileak molekula organikoak eta antzekoak dira.

    Estekatzaileak: alkenoak, alkinoak, fosfinak, hidruroa...

    Konplexua: ferrozenoa, Fe(C5 H5)2.

  • Konplexu bioezorganikoak: estekatzaileak molekula naturalak dira.

    Konplexua: hemoglobina.

Mineralogian, materialen zientzian eta egoera solidoaren kimikan ere koordinazio-kimika erabilgarria da, material solidoetan ere katioi metalikoak estekatzailez inguraturik agertzen baitira; estekatzaile horiek oxidoak eta sulfuroak dira.

grafikoak1

[Co(NH3)6]Cl3 konplexua