car

1. Autom.

Motor batek eraginik dabilen ibilgailua, eskuarki lau gurpilekoa eta lauzpabost bidaiari garraia ditzakeena.

Automobil-diseinu mota batzuk: a) berlina; b) familiarra; c) kabrioleta; d) kupea; e) monobolumena; f) 4x4 automobila; g) furgoneta; h) autokarabana
Automobil-diseinu mota batzuk: a) berlina; b) familiarra; c) kabrioleta; d) kupea; e) monobolumena; f) 4x4 automobila; g) furgoneta; h) autokarabana

2. Autom.
sin. passenger car, motor car, automobile

Pertsonak garraiatzeko bereziki diseinaturiko automobila. Eskuarki, gehienez bederatzi pertsona garraiatzeko prestatutakoa hartzen da turismo-automobiltzat.


3. Teknol.

Salgaiak garraiatzeko bagoi txiki estalkirik gabea.


1. Autom.
Motor batek eraginik dabilen ibilgailua, eskuarki lau gurpilekoa eta lauzpabost bidaiari garraia ditzakeena.

Automobila Edit

Egilea: Iñaki Azkune

AUTOMOBILA

Automobila lur gainean ibiltzen den ibilgailua da. Barnean motorra izaten du, eta horren indarraz gurpilak birarazita higiarazten du bere burua. Bere egitekoa bidaiariak eta objektuak eramatea da. Lau gurpileko ibilgailua da, eta, gehienetan, lauzpabost bidaiari garraia ditzake. Badira bi plaza besterik ez dituztenak, baina baita bederatzikoak ere.

Automobilak azken berrehun urteotan asko garatu eta hobetu dira, errepideetara egokitzeko. Motorrak zenbait erregairekin lan egin dezake: gasolinaz, gasolioz, gasaz, elektrizitatez... Motorrak enbragea, abiadura-kaxa eta transmisioaren bidez higidura gurpiletaraino eramaten du, ibilgailua aurrera edo atzera joan dadin. Automobilean lurrean trakzio-indarra aurreko bi gurpilek, atzeko biek ala laurek (4x4) eragin dezakete.

Automobilaren osagaiak

Automobila osatzen duten zatiak honako hauek dira:

Xasisa eta karrozeria

Ibilgailuaren bastidore edo sostenguko egitura da, atal mekanikoak (suspentsioa, motorra eta transmisioa), kabina eta karrozeria bere gain hartzen dituena. Batzuetan xasisa karrozeriaren zati izaten da, biak ere multzo bakarra osatzen dutelako (karrozeria autosostengatzailea).

Erabilpenaren arabera automobilaren karrozeriak forma bereziak izan ditzake, eta bakoitzaren arabera batzuei honela deitzen zaie:

  • Berlina. Maletategia auto-barnetik bereizita daukan lau ateko ibilgailua da. Hiru bolumeneko ibilgailu ere esaten zaio. Zenbaitek bost ateko ibilgailuari ere berlina esaten dio.

  • Kupea. Automobilak aurreko eserlekuak baino ez ditu eta bizpahiru bidaiari eraman ditzake.

  • Kabrioleta. Goiko sabaia, egitura malgukoa delako, nahi denean tolestu eta automobila goitik irekita eramateko aukera eskaintzen duena da.

  • Monobolumena. Karrozeriaren profilean aurreko eta atzeko zatien artean batere bereizketarik egin gabe, gorputz bakar bateko ibilgailua da.

  • Limusina. Lau gurpil eta alboetan sei leiho dituen luxuzko automobil handia da. Gidariaren eta bidaiarien lekuak beiraz bereizita izaten ditu.

grafikoak1

Automobil-diseinu mota batzuk: a) berlina; b) familiarra; c) kabrioleta; d) kupea; e) monobolumena; f) 4x4 automobila; g) furgoneta; h) autokarabana

Propultsio-atala

Alderdi hauek ditu: motorra bere osagarri guztiekin (abiatze-motor, bateria, injekzio-ponpa, karburagailu, ihes-tutu eta abarrekin), enbragea eta abiadura-kaxa.

Automobiletako motor erabilienak hauek dira:

  • Barne-errekuntzako motorrak (barne-errekuntzako motor):

    • Gasolina-motorra. Karburagailuaz hornitutako gasolina erretzen du, eta automobiletan lau pistoi izan ohi ditu lerrokatuta (seikoak edo zortzikoak ere izan daitezke). Motorreko pistoi eta zilindro bakoitzean lau aldi burutzen dira: erregai-xurgaketa, konpresioa, eztanda eta zabalkuntza, eta errekuntza-gasen ihesa.

    • Diesel motorra. Injekzio-ponpak hornitutako gasolioa erretzen du. Gehienetan lau aldiko lau zilindro izaten ditu.

  • Motor elektrikoa. Kargatutako bateriak hornitutako korronte zuzeneko motorra da. Automobil elektrikoa deitzen zaio motor-mota hau duen ibilgailuari.

Zenbait automobil modernok, erregai-kontsumoa murriztearren, bi motor izaten ditu barnean: bata gasolinazkoa edo diesela eta bestea elektrikoa. Automobil hibridoa dela esaten zaio.

Automobiletako enbragea motorraren irteera-ardatzaren biraketa-higidura gurpiletara nahi denean transmititzeko (elkartzeko) eta nahi denean ez transmititzeko (askatzeko) aukera ematen duen mekanismoa da. Automobiletan ia beti marruskadurazko enbrageak erabiltzen dira.

Abiadura-kaxa enbragearen ondoren kokatzen da. Motorrak eragindako higiduratik abiaduraren eta biraketa-momentuaren konbinazio desberdinak lortzeko mekanismo egokia da. Kaxa batean muntaturiko engranaje-trena izaten da eta palanka batez gobernatu ohi du gidariak.

grafikoak2

Barne-errekuntzako motor baten atalen bereizketa [iturria : Motores (99. or.), Editorial Editex, 2007]

Errodadura-organoak

Automobilaren aurreko eta atzeko ardatzean banaturik daude. Hauek dira: gurpilak, pneumatikoak, balaztak, esekidura...

Gurpilek hagun metalikoa izan ohi dute abatzera torlojuz lotzeko. Pneumatikoa muntatzen da haren inguruan. Gurpiletan balaztak muntatzen dira, gehienetan marruskadurazko disko formakoak izaten dira, hau da, biraka dabilen diskoari pastillek estututa balaztatzen da automobila. Inoiz danbor eta zapatazko marruskadura-balaztak ere izaten dira.

Automobilaren esekiduran motelgailuak erabiltzen dira, eta horien helburua da errepidean gorabeherak egon arren bidaiariak ibilgailuan eroso joatea. Motelgailu hidraulikoak eta malgukizkoak erabiltzen dira gehien bat.

Instalazio elektrikoa eta elektronikoa

Automobilaren argiak eta seinaleak, motorra gobernatzeko elektronika, aginte-taula, GPSa, autoaren segurtasun aktiboko mekanismoak (ABS, ESP, gehienezko abiadura mugatzeko gailua, etab.).

Beste zenbait ekipamendu

Talde honetan sartzekoak dira direkzioa (bolante, serbodirekzio, etab.), eserlekuak, segurtasun pasiboko elementuak (segurtasun-gerrikoak, airbaga...), etab.

Automobilaren historia laburra

Automobila XIX. mendean sortu zen. Lehenbizi lurruna erabiltzen zuen energia-iturri gisa, baina laster hasi ziren petroliotik eratorritako erregaizko eztanda-motorrez baliatzen.

Lehenago beste saio batzuk egin baziren ere, 1801. urtean ibili zen kalean lurrunez eragindako lehen automobila. Richard Trevithick izan zen asmatzailea. 1804. urtean Oliver Evansek gauza bera egin zuen Amerikako Estatu Batuetan.

Ia XIX. mende osoan erabili ziren lurrunezko automobil haiek. 40 km/h-ko abiaduraz ibil zitezkeen gehienez.

1886an Benz Patent Motorwagen izeneko automobila izan zen eztanda-motorra zuen eta seriean fabrikatutako lehen automobila. 1889an Rene Panhardek eta Emile Levassorrek lau aldiko lehen motorra erabili zuten automobilean. Rudolf Dieselek, berriz, gasolioa erretzen duen eta haren izena duen motor-mota prestatu zuen.

Automobil-lasterketak ere XIX. mendearen amaieran hasi ziren. 1899. urtean lehen aldiz lortu zuen 100 km/h-ko abiadura Camille Jenatzy belgikarrak automobil elektrikoaz baliatuta.

XX. mendearen hasieran automobilgintza asko garatu zen. 1903. urtean Frantzian 30.000 automobil egin ziren, Amerikako Estatu Batuetan 11.000, Britainia Handian 9.000, Alemanian ia 7.000, Belgikan ia 3.000 eta Italian 1.300. Urte hartantxe Paris Madril lasterketa ospatu zen.

1909. urtean, Amerikako Estatu Batuetan, Ford etxea, lana zientifikoki antolatuta, serieko produkzio handian (taylorismoa) hasi zen, automobila merke saldu eta jende arruntak eros zezan. Ford T izeneko modeloa izan zen muntaia-katean eraikitako automobil famatuena. 1914. urtean Amerikako Estatu Batuetan 485.000 automobil egin ziren guztira, eta horietatik 250.000 Ford T modelokoak ziren. Frantziak, Britainia Handiak eta Alemaniak urte hartan, guztira, 100.000 automobil inguru egin zituzten.

Lehen Mundu Gerraren ondoren 1929ko Depresio Handia izan zen ekonomian, eta automobilgintzari ere erasan zion. Hala ere, fabrikatzaileak asko saiatu ziren modelo arinagoak, potentzia handiagokoak eta azkarragoak egiten, motor zein abiadura-kaxa hobeak egiten eta karrozeria aerodinamikoagoak egiten.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren hogeita hamar urtean automobila asko ugaldu zen, 10 milioitik 30 milioiraino hazi zen urteko ekoizpena. Orduan hasi ziren Europan automobil txiki eta merkeak egiten. Volkswagen, Renault eta Fiat saiatu ziren batez ere sail horretan.

XX. mendearen amaieran herrialde garatuetan biztanleko automobil bat zegoela esan daiteke, baina ugaltze horrek ondorioak eragin ditu ingurumenean. Gainera automobil-istripuetan biztanle ugari hil eta zauritzen da. Horregatik, automobilgileei gero eta arau zorrotzagoak ezartzen zaizkie motorren kontsumoa jaisteko eta atmosfera gutxiago kutsatzeko. Automobilgile batzuek, automobil “garbia” egitea lortu arte, automobil hibridoa merkaturatu dute. Ohiko motorraren ondoan motor elektrikoa du automobilak, kontsumoa txikiagoa izan dadin.

Automobil hibridoa

Ibiltzeko energia iturri desberdinak erabiltzen dituena da. Gehienek eztanda motorra eta motor elektrikoa izaten dute. Toyota etxearen Prius modeloa, esaterako, gasolinaz eta elektrizitatez dabilena da.

Automobil horietan batzuetan motor elektrikoak lan egiten du, beste batzuetan eztanda-motorrak, eta beste batzuetan biek batera. Automobila geldirik dagoenean, bi motorrak geldirik daude. Abiatzen denean, motor elektrikoak lan egiten du 25-30 km/h-ko abiaduraraino heltzen den arte. Abiadura handiagoetan eztanda-motorrak lan egiten du, baina azelerazio handiak daudenean bi motorrek batera ere lan egiten dute. Automobila balaztatzen denean, berriz, duen energia zinetikoa bateria elektrikoak kargatzeko erabiltzen da.

Automobil hibridoetan erregai-kontsumoa % 10-50 murrizten da. Kontsumo-murrizketa handiena automobila hirian dabilenean gertatzen da. Horregatik da interesgarria hiritako taxientzat eta autobusentzat.

Automobil-mota horrek badu, ordea, oztopo bat. Bateria elektrokimikoek ez dute automobilak adina irauten, eta aldatu egin behar izaten dira (behin edo zenbait aldiz) automobil osoa birziklatu baino lehen.

grafikoak3

Toyota etxearen Prius automobil hibridoa (iturria: Car Culture/Collection Mix: Subjects/Getty Images)

Automobiletako segurtasuna

Urtero errepideetan hiltzen zen pertsona-kopurua ikusita, neurriak hartu ziren: abiadura mugatzea, segurtasun-uhala ezartzea, gidariaren alkohol-tasa neurtzea, etab. Automobilean egin diren hobekuntzek ere lagundu egin diote errepideko segurtasunari. Gero eta esekidura eta pneumatiko hobeak dituzte automobilek. Gainera gurpilak ez blokeatzeko sistemak (ABS) eta ESP (Electronic Stability Program) sistemak ere asko lagundu dute.

ABS (AntiBlockier System) autoa balaztatzeko segurtasun-sistema da. Gurpil bakoitzaren abiadura neurtzen duten sentsore batzuk jartzen dira gurpiletan, eta, kalkulagailu elektroniko baten bidez, gurpil bat blokeatzeko zorian noiz dagoen erabakitzen du sistema horrek.

ESP programak ibilgailuaren angelua, gurpilen abiadura, balazten presioa eta alboko azelerazioa aztertzen ditu. Horrela ibilgailua gurpilen ibilbidetik zenbat desbideratu den detektatzen du, eta milisegundotan eta gurpilez gurpil balaztatzen du sistema elektroniko horrek.

Airbaga edo aire-poltsa ere, segurtasun-uhalarekin batera, sistema baliagarriak dira. Automobilak talka egiten duenean puztu eta bidaiaria babestu egiten du. Nylonezko poltsa hori 40 milisegundo baino gutxiagoan nitrogenoz puzten da. Sistema pirotekniko bati eta kalkulagailu elektroniko bati esker sortzen da gas babesle hori. Hasieran automobilean bi airbag baino ez ziren ipintzen (aurrean), baina orain zortzi ere izaten ditu.

Dena den, gero eta segurtasun-sistema berri gehiago ari dira prestatzen automobilentzat. Etorkizunean automobil arruntetara bana daitezkeen batzuk hauek dira:

  • EBV edo balaztaketaren banatzaile elektronikoa.

  • ASR edo motrizitatearen kontrola. Irristatzearen aurkakoa da, oso egokia lurra bustia dagoenerako. Hala ere, batzuetan automobilari, elur gainean dagoenean, ez dio abiatzen uzten. Horregatik, sistema hau deskonektatu egin daiteke nahi denean.

  • Abiadura-mugatzailea. Gidariak parte hartu gabe ibilgailuari gehienezko abiadura ezartzen dio. Halaber, beti abiadura berean joateko sistema ere bada.

  • Talka-aurkako radarra. Aurreko automobilarekiko gutxieneko distantzia mantentzearren, abiadura moteldu egiten du.