botany
1. Biol.
- 1. Biol.
- Landareak aztertzen dituen biologiaren atala.
Botanika Edit
Egilea: Idoia Biurrun
Etimologikoki, grekozko βoτανη hitzetik dator botanika, eta “belarra” esan nahi du. Landareak aztertzen dituen biologiaren atala da, eta, zientzia gisa, metodo zientifikoaren bitartez aztertzen ditu. Landare kontzeptua, ordea, aldatuz joan da historian zehar; onddoak, esate baterako, botanikaren aztergai izan ziren, animalia-landare dikotomian landareen itxura handiagoa dutelako. Gaur egun, landare kontzeptua fotosintesiari loturik dagoenez, Plantae eta Protista erreinuko organismo fotosintetizatzaileak dira botanikaren aztergai. Botanikak hainbat ikuspuntutatik aztertzen ditu landareak, eta, beraz, zenbait atal bereiz daitezke zientzia honen baitan.
Adiera zabalean, botanikak edo landare-biologiak, maila molekular, genetiko eta biokimikotik abiatuta, landare-populazio eta -komunitate mailaraino ikertzen ditu landareak, besteak beste, organelak, zelulak, ehunak, organoak eta indibiduo edo aleak. Adiera hertsiagoan, indibiduo-maila eta hortik gorakoak izango lirateke botanikaren aztergai, eta hortik beherakoak, aldiz, biokimika, zitologia eta histologiarenak. Modu berean, landareak hainbat ikuspuntutatik azter daitezke: sailkapena (taxonomia eta sistematika), egitura (morfologia eta anatomia) edo funtzioa (fisiologia) har daitezke irizpide gisa. Landare-fisiologia beste zientzia-atal bat da gaur egun; beraz, landareen eta horiek osatutako populazio eta komunitateen egitura eta sailkapena ikertzen ditu botanikak.
Etnobotanika eta botanika ekonomikoa
Botanika zientzia oso zaharra da, gizakiak jada historiaurrean ekin baitzion elikagai, sendabelar edo pozoi gisa garrantzizkoak ziren landareak ezagutzeari eta ikertzeari. Etnobotanikak, hortaz, garrantzi handia du botanika-arloen artean, landareen eta gizakien arteko harremanez arduratzen baita. Kontutan izan behar da giza elikadura landareetan oinarrituta dagoela, bai zuzenean jaten ditugulako, bai eta zeharka ere, azienda eta animalia basatien bitartez. Horretaz gain, landare askotatik botika edo droga modura erabiltzen ditugun printzipio aktiboak ateratzen ditugu, hala nola opioa, kokaina eta azido azetilsalizilikoa, eta baita suspertzaile gisa hartzen ditugun beste zenbait substantzia ere, besteak beste, kafeina eta teobromina (txokolatean). Edari alkoholikoak egiteko, hainbat landare erabiltzen dira (mahatsondoa, garagarra, arroza...). Azkenik, industrian, ehungintzan eta beste zenbait lanetan, hainbat landare-zati eta -jariakin erabiltzen ditugu: latexa (kautxua), zuntzak (lihoa), xilema (zura, papera), ileak (kotoia), enbor-azalak, hostoak, etab. Landareen erabilera antzina hasi zen; hortaz, etnobotanika zientziarik zaharrenetakoa izango litzateke.
Botanika sistematikoa
Botanika sistematikoa landareen sailkapena aztertzen duen atala dugu. Botanikaren muina da, landareen sailkapenaz gain, haien aldaeraz, aniztasunaz eta haien arteko erlazioez arduratzen baita. Botanika sistematikoak landare-aniztasuna zenbait mailatako unitateetan antolatzen du, taxonetan, alegia, eta, hala, sistema hierarkiko bat osatzen du. Oinarrizko maila espeziea da, eta, hortik gora, generoa, familia, ordena, klasea eta dibisioa ditugu. Gaur egungo sistematikak zientzia hauek ditu lagungarri: morfologia (garrantzitsuena, sistematikaren historian), enbriologia, anatomia, zitologia, fitokimika, palinologia, fisiologia, ugalketaren biologia, paleobotanika, ekologia eta biogeografia.
Zientzia honen historian zehar, hainbat sailkapen-sistema erabili izan dira, baina hastapena Grezia klasikoan kokatu ohi da. Teofrasto Aristotelesen dizipuluak ikuspuntu zientifikotik aztertu zituen jada landareak, espezie berriak deskribatuz, nomenklatura botaniko arkaiko bat asmatuz eta landareak lau motatan sailkatuz: zuhaitzak, zuhaixkak, muluak eta belarrak. Landareen sailkapena modu zientifikoan burutzeko lehen saioak XVI. mendearen amaieran egin ziren. Cesalpino italiarrak landareak sailkatzeko erabili zuen lehen sistema artifiziala zen, nahierara aukeratutako ezaugarrien aldaeretan oinarriturik baitzegoen. Artifizialak izan ziren ere hurrengo saioak, hala nola XVII. mendearen amaieran hedatu zen Tournefort frantziarrarena. Lineok bere sailkapen- eta nomenklatura-sistemak ezagutarazi zituen XVIII. mendean. Ugaltze-ezaugarrietan oinarrituz, hogeita lau landare-klasez osatutako sailkapen-sistema burutu zuen, baina Lineoren ekarpenik garrantzitsuena eta izugarrizko berrikuntza sortu zuena nomenklatura-sistema binomiala izan zen. XVIII. mendean bertan, eboluzioari buruzko lehen teoriak hasi ziren agertzen, eta, horiekin batera, erlazio filogenetikoak islatzeko helburuarekin sorturiko sistema naturalak, esate baterako, De Candolle frantziarrarena, eta, jada XIX. mendean, Hooker eta Bentham britainiarrena. Kontuan izan behar dugu sistema berri guzti horiek fisiologia, anatomia, morfologia eta zitologiaren esparruan eginiko berrikuntzen laguntza izan zutela. Zentzu horretan, izugarrizko garrantzia izan zuten Hofmeister alemaniarraren lanek. Autore horrek landare kriptogamoen eta fanerogamoen bizi-zikloaren homologia ezagutarazi zuen: bi landare-mota horiek belaunaldien txandaketa dute, espora sortzailea edo esporofitoa eta gameto sortzailea edo gametofitoa; kontua da landare fanerogamoetan (loredun landareak) gametofitoak esporaren barnean geratzen direla. Landareen bilakaera ontogenikoari buruzko ideia baterakor horrek benetako iraultza ekarri zuen botanikaren mundura. Aipatutako lanei jarraituz, Strasburger alemaniarrak, meiosia bizi-zikloan kokatuz, gametofitoaren izaera haploidea eta esporofitoaren izaera diploidea finkatu zituen, eta, hala, oinarri genetikoa eman zion Hofmeisterrek ezagutarazitako belaunaldien txandaketari. Beraz, XIX. mendeko berrikuntza horiek guztiek botanika gorpuzten lagundu zuten, eta landare munduaren ikuspegi bateratzailea emateko gai den zientzia bilakatu zen.
XIX. mende amaieran, beraz, zenbait arlotan landareen ezagutza hain aurreratua zegoenez, Darwin eta Wallaceren teoria ebolutiboak erabat onartuak eta Mendelen lana berrikusia, sailkapen-sistema filogenetikoak garatzen hasi ziren. Sistema horien artean, Eichler alemaniarrarena har daiteke gainontzekoen abiapuntutzat. Landare-erreinua bi taldetan zatitu zuen, Cryptogamae eta Phanerogamae taldeetan, alegia; lehenengoan, algak, onddoak eta briofitoak (Thallophyta) eta hazirik gabeko landare baskularrak (Pteridophyta) sartu zituen, eta, bigarrenean, hazidun landareak. Hazidun landareak ere bi taldetan bereizi zituen, gimnospermoak eta angiospermoak; eta, azken horiek beste bitan, monokotiledoneoak eta dikotiledoneoak. Sistema horretan, primitibotzat jotzen dira periantorik gabeko angiospermo anemofiloak. Eskola angloamerikarrean, beste sistema batzuk eratu zituzten. Bessey botanikariak, loreen ezaugarri primitiboak eta eratorriak bereiziz, lore primitiboa hermafrodita, periantoduna eta zoofiloa zela aldarrikatu zuen. Gaur egungo sailkapen-sistemek Besseyren sistema dute oinarri. Horien artean, aipagarriak dira Takhtajan errusiarra eta Thorne, Cronquist eta Stebbins amerikarrak. Azken urteotan, genetika molekularraren garapenak eragin handia izan du landare-sistematikan, eta, horren ondorioz, aipatutako autoreen sailkapenetako hainbat kontzeptu aldatzen ari dira.
Geobotanika
Landareen banaketa eta horien arteko eta ingurunearekiko elkarrekintza aztertzen dituen zientzia da geobotanika, eta elkarrekintza horien ondorio den landaredia deskribatzea du helburu nagusi. Geobotanikaren sorrera XIX. mendean kokatu behar dugu, eta Humboldt alemaniarra izan zen jakintza-arlo horren aitzindaria. Geobotanikak garapen handia izan zuen mende horren amaieran eta XX. mende hasieran, batez ere Alemanian, eboluzioari buruzko Darwinen ideien gorakadari esker. 1910. urtean, Bruselako Nazioarteko Botanika Biltzarrean, landare-asoziazio kontzeptua ezagutarazi eta onartu zen, eta horixe izan zen fitosoziologiaren abiapuntua. Landaredia aztertzeko metodologia berri horrek garapen handia lortu zuen Braun-Blanquet eta beste hainbat geobotanikari europarren bultzadaz. Fitosoziologiak osaera floristikoan oinarrituz ikertzen ditu landaredia eta landare-komunitateak, eta beren egitura, banaketa eta denboran zeharreko bilakaera aztertzen ditu, bai eta baldintzatzaile historikoak eta ekologikoak ere. Halaber, geobotanikaren garapenean garrantzi handikoa izan da Clements amerikarrak sortutako segida edo jarraiera kontzeptua: biotopo edo toki jakin batean landare-komunitate batek bestea ordezkatzen duenean gertatzen den fenomenoa. Fitosoziologiak kontzeptu hori eta horri loturiko landaredi potentzialarena oinarri hartu, eta landaredi-serie kontzeptua plazaratu zuen, kartografiarako eta landare-paisaia aztertzeko tresna oso erabilgarria dena.
Geobotanikak hainbat zientzia ditu lagungarri, hala nola ekologia, geografia, populazioen genetika, ekofisiologia, edafologia, estatistika, geologia eta geomorfologia. Biogeografia eta bioklimatologia geobotanikaren atal gisa hartzen dira. Lehenak, fitogeografiak zehazki, landareen eta landare-komunitateen banaketa geografikoa aztertzen du, eta, horren arabera, Lurraren sailkapen biogeografikoa egiten du, batez ere banaketa-eremu txikiko taxonak, hots, endemismoak, kontuan hartuz. Sailkapen biogeografiko gehienetan, esate baterako, Gooden eta Takhtajanen sailkapenetan, sei erreinu bereizten dira lurbiran: boreala edo holartikoa, neotropikala, paleotropikala, hegoafrikarra edo lurmuturtarra (Lurmuturreko eskualdekoa), australiarra eta antartikoa.
Bioklimatologiak landare eta landare-komunitateen eta klimaren arteko elkarrekintza aztertzen du, eta, azterketa horren ondorioz, Lurreko klima sailkatzen, parametro eta indize bioklimatikoetan oinarrituz. Hainbat geobotanikarik plazaratu dituzte sailkapen bioklimatikoak; berriena eta osatuena Rivas-Martínez espainiarrarena da, bost makrobioklima handi bereizten dituena: tropikala, mediterraneoa, epela, boreala eta polarra.
Methodus Plantarum Sexualis in sistemate naturae descripta (Georg Dionysius Ehret. Leiden 1736)