bone

1. Anat./Zool.

Ornodunen eskeletoa osatzen duten pieza gogor eta zurrunetako bakoitza.

Hezur luzearen egitura
Hezur luzearen egitura

2. Eraik.

Begi bat itxi eta bestearekin begiratu, gorputz bat zuzen dagoen edo laua den ikusteko.


1. Anat./Zool.
Ornodunen eskeletoa osatzen duten pieza gogor eta zurrunetako bakoitza.

Hezurra Edit

Egilea: Angel Bidaurrazaga

HEZURRA

Hezurra organo irmo, gogor eta hauskaitza da, ornodunen eskeletoa osatzen duena. Hezur-ehuna, ehun konektiboaren mota espezializatua da, non zelulek ekoizten duten hezurretako matrize hau mineralizatua dagoen. Matrize honetan daude zuntzak eta oinarrizko osagai amorfoa kaltzifikatuta; bai zuntzak eta bai osagai amorfoa mineralizatuta daude. Mineralak irmotasuna ematen dio hezurrari, eta horrela euste- eta babes-funtzioak egokiro betetzea ahalbidetzen dio. Hezurrek gorputzaren eskeletoa osatzen dute. Hezurraren zurruntasunak ez du ehun hila denik esan nahi, ehun bizia da; gainera, etengabe birmoldatzen dihardu.

Hezurra ehun konektiboz (periostioa) eta kartilagoz (giltzadura-aurpegietan) inguratua dago; hezurrek odol-hodiak eta nerbioak dituzte eta batzuetan baita ehun hematopoietikoa eta adiposoa (hezur-muinean) ere.

Hezurrak hurrengo funtzioak betetzen ditu:

  • Mekanikoak.

    • Euslea: hezurrek eskeletoa osatzen dute, eta gorputza tente mantentzen dute; muskuluei eta tendoiei lotuneak ematen dizkie, eta barneko organoak heltzen ditu.

    • Babeslea: garrantzi handiko organoak babesten ditu: garuna, ornomuina, torax barruko organoak eta hezur-muin hematopoietikoa.

  • Metabolikoa: gorputzaren kaltzio-erreserba izatearen funtzioa betetzen du, eta kaltzioaren homeostasia garrantzitsuan parte hartzen du.

  • Odol-zelulak ekoiztea.

  • Energia-erreserba: hezur-muinetan metatzen duten gantza.

Hezurra materia bizia eta dinamikoa da, eta etengabe berriztatzen aritzen da. Metabolismoari, elikadurari, eta hormonen estimuluei erantzuteko gai da. Mugimendu-faltarekin atrofiatu egiten da, eta asko erabiltzearen ondorioz, hipertrofiatu. Birmoldatzeko gaitasun hauez baliatzen dira zirujauek eta ortodontistek beren jardueretan.

Egitura

Makroskopikoa

Hezurrak laburrak, lauak edo luzeak izan daitezke. Hezur luzeetan epifisia, diafisia eta metafisia bereizten dira. Hezurreko giltzaduretako azalerak kartilagoz babesturik daude. Salbuespen batzuetan izan ezik, hezurra periostioz inguratuta dago. Periostioa hezurtze-ahalmena duen ehun konektibozko geruza osteogenikoa da. Hezurraren barneko barrunbeetan dagoena endostio deitzen da. Periostioa ez da agertzen ondorengo kasuetan: giltzaduretako azaleretan, tendoien lotuneetan, eta zenbait hezurretan (errotulan, sesamoideoetan, femurraren kapsulapeko lepoan eta astragaloan).

Helduen hezurrak, laminarra izanik, bi motatako egitura makroskopikoak har ditzake. Makroskopikoki, beraz, bi hezur-antolakuntza bereizten dira:

  • Hezur arola (harroa edo hanpatua). Hezur honek hezur-muinak hartzen dituen sare edo trabekula ugari ditu. Hezur luzeetako epifisien barnean dago, baita burezurreko diploen, kanpoko eta barruko taulen, artean ere.

  • Hezur trinkoa (konpaktua). Hau diafisian egitura gogor gisa ageri da. Hezur honen egituran, laminak hiru eratara antolatzen dira, eta laminen norabidea hezurraren ardatz nagusiarena bera izaten da: zilindrikoak edo osteonak, interstizialak eta zirkunferentzietako laminak.

Hezur luzeak

Hezur luzeetako epifisiak hezur trinkozko geruza duten hezur arolez osaturik daude. Diafisia hezur trinkoaz osatzen da, muinaren barrunbea barnean duela. Metafisian, hezur arola dago, kartilagozko epifisiko plakatik hazten den kartilago-ehuna hezurrez ordezkatzen.

grafikoak1

Hezur luzearen egitura

Hezur laburrak

Hezur laburren kanpoko geruza hezur trinkoak osatzen du, eta barnekoa hezur arolak.

Hezur lauak

Hezur lauetan, hezur trinkozko taula bi bereizten dira, kanpoko taula eta barrukoa, eta bien artean hezur arola dago. Erdiko egitura honi diploe deitzen zaio; garezurraren periostioa perikraneoa da, eta endostioa duramaterra.

Osagaiak

Hezurraren matrizea

Matrize organikoa (% 35)

  • Zuntzak: kolageno I-a hezurreko proteinen % 90 da.

  • Oinarrizko osagai amorfoa.

  • Beste mota bateko proteinak: K bitaminaren dependentzia duten osteokaltzina eta osteopontina; proteina hauek osteoblastoek ekoizten dituzte.

Matrize ez-organikoa: hezurraren minerala (% 65)

  • Hezurraren mineral nagusia hidroxiapatitaren [Ca10(PO4)6(OH)2] antzeko kaltzio fosfatoa da.

  • Ura.

Zelulak

Hezurrean, lau zelula-mota bereizten dugu:

  • Zelula osteoprogenitoreak: mesenkimatik sortzen dira, eta helduengan hezurraren azaleraren parterik handienean irauten dute.

  • Osteoblastoak: hezurraren zelulak dira, hezur-ehunaren sintetizatzaileak, eta hezurren garapenean eta hazkuntzan zerikusia dute. Osteoidearen ekoizketan bakarrik ez, osteoidearen erresortzioan ere parte hartzen dute.

  • Osteozitoak: guztiz eratua dagoen hezurraren zelula nagusiak dira. Interstizioetako osagai kaltzifikatuaren barnean azaltzen diren aintziratxoetan bizi dira. Barrunbe hauetara moldatzen dira, eta kanikuluetatik luzakinak botatzen dituzte, alboko osteozitoekin harremanetan jartzeko.

  • Osteoklastoak: hezur-erresortzioa aurrera daramaten zelulak dira.

Lehenengo hirurak zelula berberaren hiru egoera funtzional dira; modulazioaren bidez, mota bateko zelula bat beste mota bateko zelula bihur daiteke. Zelula horiek guztiek mesenkiman dute jatorria.

Osteogenesia

Hezurrak eratzeko eta garatzeko prozesua da. Hezurra eratzean, aldez aurretik dagoen ehun konektiboa ordezkatzen da. Osteogenesia bi eratakoa izan daiteke:

  • Mintzetiko osteogenesia: ehun konektibo primitiboa zuzenean ordezkatzen da. Mintzetiko hezurtze hau, mintz-hezurretan (mintzezko hezurretan) gertatzen da: bekoki-hezurrean (hezur frontalean), parietalean, garondo-hezurrean (okzipitalean) eta tenporalean. Mesenkima trinkotu egingo da, eta ehun konektibozko geruza oso baskularizatua eratzen du.

  • Kartilagotiko osteogenesia edo osifikazio endokondrala: hezur kartilaginosoak eratuko ditu: bizkarrezurra, gorputz-adarretako hezurrak, pelbisaeta abar. Osifikazio endokondrala gertatzeko, lehenago, kartilago hialinozko moldea eratu behar da, eta molde hau gero hezur bihurtuko da.

Hezurra birmoldatzea

Birmoldatzeak, kasu honetan, hezurraren forma eta tamainaren aldaketa esan nahi du. Hezurra etengabe birmoldatu egiten da (urtero, % 5-10eko proportzioan). Hala eta guztiz ere, hezurren forma fetuan hartu dutenaren antzera mantentzen da. Birmoldatzeak honakoak dakartza berekin:

  • Gune batzuetan, osteoblastoek egiten dute hezur berriaren ezartzea.

  • Beste gune batzuetan, osteoklastoek eragiten dute birxurgapena.

Konponketa

Hezurra hautsi ostean, edozein ehunetan gertatzen den erreakzio berdina agertzen da. Hezurra oso irrigatua dago, eta hezurrean dauden odol-basoek ixteko ahalmen gutxi dute; haatik, odol-jarioa oparoa da. Odola koagulatu eta orbaintzeko, ehun pikortsua antolatzen da (pikortadura-ehuna). Pikortadura-ehun horrek ehun konektibo trinkoa lehenengo, eta geroago fibrokartilagoa, eratzen du: haustura-maskurra.

Aldi berean, periostioan eta endostioan atsedenean zeuden zelula osteoprogenitoreek, zatitu, eta osteoblastoak eratuko dituzte. Osteoblasto hauek, hasiera batean, hezur erretikulatua eratuko dute (maskur oseoa); aurrerago, birmoldatu egingo dira eta hezur heldua eratuko dute.

Osifikazio ektopikoa

Zenbait egoeratan, hezurra normalean agertzen ez den gunetan azaltzen da: giltzurruneko pelbisean, arterien paretetan, muskuluetan eta tendoietan. Badirudi zenbait gunetako ehun konektiboak hezurra eratzeko ahalmena duela; gune hauetako zelulek ahalmen osteogenikoa izango lukete.

Hezurretako gaixotasunak

Hezurretako gaixotasun nagusiak deformazioak, hausturak, osteogenesi okerra eta osteoporosia dira.

. grafikoak2

Giza eskeletoa