analgesic
- 1. Med.
Mina desagerrarazten edo arintzen duen farmakoa edo medikamentua.
- eu analgesiko
- es analgésico
- fr analgésique
- 1. Med.
- Mina desagerrarazten edo arintzen duen farmakoa edo medikamentua.
Analgesikoa Edit
Egilea: Koldo Callado
Analgesiko hitza grekotik dator; a- aurrizkia (“ukapena, ukatzea”) eta algos hitza (“mina, oinazea”) batuz sortua.
Egungo medikuntzan minaren tratamendurako ditugun farmakoen zerrenda luzea da oso. Hala ere, bi multzo handitan banatzen dira. Alde batetik, minaren kontrako eragin espezifikoa duten farmakoak ditugu (opioideak eta antiinflamatorio ez-esteroideak). Beren eragin farmakologiko nagusia minari kontra egitea denez, farmako horiei, orokorrean, analgesiko deitzen diegu. Beste alde batetik, badaude beste era bateko arazoak konpontzeko baliagarriak izateaz gain, min zehatz batzuk arintzeko balio dezaketen farmakoak (antidepresiboak, neuroleptikoak…) ere. Azken farmako horiek eragin analgesiko zuzena edo zeharkakoa izan dezakete, eta beren eragin farmakologiko nagusia beste era batekoa denez, analgesikoak deitu beharrean laguntzaile deitzen ditugu.
Munduko Osasun Erakundeak (MOEk) mina tratatzeko eskailera terapeutiko bat diseinatu du, analgesiko guztiak kontuan hartuz.
Analgesikoen artean farmako indartsuenak analgesiko opioideak dira. Haien artean, farmako aski ezagunak ditugu: morfina, heroina edo kodeina, esate baterako. Morfina opio-belarretik ateratzen da, eta hortik datorkio, hain zuzen ere, izena taldeari. Morfinaren akzio farmakologikoak aztertu ondoren, substantzia honen egitura kimikoaren eraldaketa ezberdinez baliatuz, eratorri asko garatu dira. Analgesiko opioideak hartzaile opioideekin lotzen dira; hartzaile horien bitartez haien akzioak eragingo dituzte. Ikuspuntu klinikotik begiratuta, talde honen eragin farmakologiko garrantzitsuena analgesia da. Analgesiko opioideen eragina nerbio-sistema zentralean kokatuko da, sistema aferente zein eferentearen mailan. Indar analgesikoa dosiaren araberakoa da, eta, horregatik mina areagotzen den neurrian, opioidearen dosia igoz kontrolatuko dugu min hori. Hala ere, dosia igotzearekin batera, opioideen beste akzio farmakologiko guztiak ere areagotu egingo dira, eta hori arriskutsua izan daiteke pazientearentzat. Esate baterako, opioideek arnas depresioa eragingo dute eta dosi altuak erabiltzen baditugu, gaixoa, arnas depresio horren ondorioz, hil daiteke. Opioideak erabilita agertuko diren beste efektu desiragaitz batzuk hauek izan daitezke: hipotermia, goragaleak, goitikak edo idorreria. Opioideen erabilpenaren ondorioz beste bi arazo larri ere ager daitezke: jasankortasuna eta mendekotasuna, hain zuzen ere.
Orokorrean, opioideak bi multzotan banatuko dira, bere eragin analgesikoaren indarraren arabera: opioide txikiak eta opioide nagusiak. Opioide txikiek eragin analgesiko ahulagoa dute eta Munduko Osasun Erakundearen eskaileran bigarren mailan erabiltzen dira. Horien artean, kodeina da ezagunena. Opioide nagusiek, berriz, oso eragin analgesiko indartsua dute, eta Munduko Osasun Erakundearen eskaileran hirugarren mailan erabiltzen dira. Talde horretan sartzen dira morfina edo fentaniloa.
Antiinflamatorio ez-esteroideak (AIEE) munduan gehien saltzen diren analgesikoak dira. Horien artean, esaterako, hain farmako ezagunak diren azido azetilsalizilikoa edo parazetamola ditugu. Hala ere, AIEEek eragindako efektu analgesikoa oso indartsua ez izateaz gain, duten muga terapeutikoa oso baxua da. Horretara, dosi normala bikoiztean, edo gehienez ere hirukoiztean, farmako horien eragin analgesiko handiena lortuko dugu. Hori dela eta, AIEEak Munduko Osasun Erakundearen eskaileran lehen mailan erabiltzen dira. Beraz, AIEEak eman arren mina arintzen ez bada, analgesiko opiazeoak erabili beharko ditugu.
AIEEen eragin analgesikoa periferikoa denez, mina agertu den leku berean gertatuko dira farmako hauen akzioak. Prostaglandina batzuek nerbioen gune nozizeptiboak sentsibilizatzen dituzte, eta hor askatutako bitartekariek (histaminak, bradikininak...) sortutako mina areagotu egiten dute. AIEEek prostaglandina horien sintesia oztopatzen duten neurrian, ziklooxigenasa entzimaren inhibizioa eraginez, efektu hori desagertu eta mina arinduko da. Eragin analgesikoaz gain, AIEEek, orokorrean, eragin antipiretikoa, antiinflamatorioa eta plaketen elkarketaren kontrakoa ere badituzte.
Analgesiko klasikoaz gain, minaren tratamenduan beste farmako batzuk erabiltzen dira laguntzaile moduan. Horien artean, antidepresiboak, neuroleptikoak, konbultsiokontrakoak edo kortikosteroideak dira aipatzekoak.
Gaixoetan minarekin batera agertu ohi den egoera depresiboa konpontzeaz gain, farmako antidepresiboek berezko eragin analgesikoa ere badute. Gainera, antidepresiboek beste farmako analgesikoen eragina indartu ere egin dezakete. Antidepresiboak, bereziki, min kronikoen tratamendurako erabiltzen dira. Antidepresibo-mota guztien artean, triziklikoek (eta horien artean amitriptilinak) erantzun analgesiko onenak lortzen dituzte.
Farmako neuroleptikoak, normalean, eskizofreniaren tratamendurako erabiltzen dira. Berez, neuroleptikoek ez dute inolako eragin analgesikorik, baina gaixoa lasaitzen duten heinean, minaren pertzepzioa gutxitu egiten dute. Hori dela eta, min kroniko neuropatikoaren tratamendurako erabili dira beste analgesiko batzuekin batera, laguntzaile moduan. Konbultsiokontrako farmakoak ere min neuropatikoaren tratamendurako erabili izan dira.
Kortikosteroideak hanturaren kontrako farmako indartsuenak dira. Farmako hauen erabilpenak edozein hantura-prozesutan sortutako mina arindu dezakete. Hala ere, farmako hauen eragin desiragaitz bortitzak direla eta (glukosuria, ultzera, miopatiak, kataratak…), irizpide egokiez baliatuta erabili beharko dira.
Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duen minaren tratamendurako eskailera