aerial

1. Telekom.
sin. antenna

Uhin elektromagnetikoak igortzeko eta hartzeko gailua, material eroalez egina eta igorgailu eta/edo hargailu baten osagaia dena.

1. Telekom.
Uhin elektromagnetikoak igortzeko eta hartzeko gailua, material eroalez egina eta igorgailu eta/edo hargailu baten osagaia dena.

Antena Edit

Egilea: Rafael Bañales

ANTENA

Historia pixka bat

Antenaren historia elektrizitatearen historiarekin erabat erlazionatuta dago. 1750. urtean, Benjamin Franklinek, kometaren esperimentuaren bitartez, kargaren kontserbazioaren legea ezarri zuen. 1819an, Hans Christian Oerstedek frogatu zuen elektrizitateak magnetismoa sor dezakeela. Horrek bi fenomeno horien arteko lehenengo lotura erakutsi zuen. 1831n, Michael Faradayk alderantzizko bidea ezarri zuen, eremu magnetiko aldakor batek korronte elektrikoa sor dezakeela frogatuz. Azken horren esperimentuetan oinarrituta, James Clerk Maxwellek A Treatise on Electricity and Magnetism famatua idatzi zuen.

1910 eta 1919 urteen artean, maiztasun baxuko eta potentzia handiko lehen antenak sortuz ziren. Adierazgarria izan zen 1911. urtean eraiki zen Radio Virginiako antena, Arlingtonekoa; 137 kHz-eko maiztasunean igortzen zuen, eta transmisoreak 100 kW-eko potentzia zuen.

Ezaugarri teknikoak

Antenei buruz hitz egitean, antena isotropikoa aipatzea ezinbestekoa da, hau da, uhinak norabide guztietan hein berean igortzen eta jasotzen dituen antena hipotetikoa. Antena-mota hori utopikoa da, ez da benetakoa, baina gainontzeko antenen ezaugarriak horren ezaugarriekin konparatzen dira. Antena isotropikoaren erradiazio-diagrama esfera bat da.

Antena bere parametro garrantzitsuenek definitzen dute; besteak beste, hiru garrantzitsuenak hauek dira:

  • Erradiazio-diagrama: antena baten erradiazio-ezaugarrien diagrama grafikoa da. Antenaren erradiazio-motaren informazioa ematen du.

  • Banda-zabalera: antena batek igorri edo jaso dezakeen maiztasun-multzoa. Zer zerbitzutarako erabil daitekeen definitzen du parametro honek.

  • Antena-irabazia: potentzia maximoa duen norabidean antenak duen r distantzia batera duen potentzia-dentsitatearen eta r erradioko esferaren azaleraren arteko erlazioa. Estalduraren ideia bat ematen du, zenbat eta antena-irabazi handiagoa, orduan eta eremu zabalagoan emango du zerbitzua antenak.

Gainontzeko parametro garrantzitsuak hauek dira:

  • Norabidetasuna: potentzia maximoa duen norabidean antenak r distantzia batera duen potentzia-dentsitatearen eta potentzia irradiatu guztia zati r erradioko esferaren azaleraren arteko erlazioa.

  • Sarrera-inpedantzia: antenaren sarreran dagoen tentsioaren eta korrontearen arteko erlazioa da. Zenbaki konplexu bat da.

  • –3 dB-eko sorta-zabalera: erradiaturiko potentzia potentzia maximoaren erdia den eremu angeluarra.

  • Polarizazioa: antenek erradiazio elektromagnetikoko eremuak sortzen dituzte, eta eremu elektromagnetikoak polarizazio jakin bat dauka. Polarizazioa lineala, zirkularra edo eliptikoa izan daiteke.

  • Aurre/Atze erlazioa: potentzia maximoa duen norabidean antenak duen potentzia-erradiazioaren eta kontrako norabidean duen erradiazioaren arteko erlazioa.

Antena-motak

  • Harizko antenak: hari eroale batez osaturiko antenak dira. Polobakarrak, dipoloak eta helize-itxurako antenak izan daitezke. Haien arteko elkarteak ere egiten dira antenaren ezaugarriak hobetzeko; hala, antena-elkarteak sortzen dira. Haien artean, Yagiak dira famatuenak, etxeetan telebista jasotzeko erabiltzen direnak hain zuzen ere.

  • Irekiera-antenak: norabide batean irekiera dute, norabide horretara zuzentzeko erradiazioa. Antena parabolikoak eta turuta-itxurako antenak sartzen dira talde honetan.

  • Antena lauak: azalera leuneko antenak.

Etorkizuna

Antenen munduan ikerketa asko egiten ari dira, gero eta gailu txikiagoetan antena asko sartu ahal izateko, adibidez, mugikorretan. Gaur egun, mugikor batek bost antena izan ditzake barruan, bostak tamaina txikikoak (GSM, Bluetooth, WiFi, GPS eta DVB-H-rako antena, esaterako).

Bestalde, antenen ezaugarriak hobetzeko, teknologia bereziak erabiltzen dira; besteak beste, MIMO teknologia (multiple-input multiple-output), hau da, sarrera anitzeko eta irteera anitzeko teknologia.