Internet

1. Inform.

Elkarrekin konektatutako hainbat sare informatikoz osatutako sare erraldoia, 'sareen sare' esan ohi zaiona eta TCP/IP protokolo-multzoaren bidez mundu osoan barreiaturik dauden sare txikiagoak konektatzen dituena. Gobernu, erakunde, unibertsitate, enpresa eta era guztietako kideek osatzen dute, eta milioika erabiltzailek orotariko informazio eta zerbitzuak eman edo jasotzeko erabiltzen dute (dokumentuak kontsultatu eta atzitzeko, fitxategiak eta mezu elektronikoak trukatzeko, berriketarako, konferentzietarako eta abarretarako).

Interneten barruko egitura. Maila goreneko (Tier1) hornitzaile handizkariek ardatza osatzen dute. Txikizkariek zerbitzua ematen diete Internet-erabiltzaileei, irudian agertzen ez diren sarbide-sareen bidez
Interneten barruko egitura. Maila goreneko (Tier1) hornitzaile handizkariek ardatza osatzen dute. Txikizkariek zerbitzua ematen diete Internet-erabiltzaileei, irudian agertzen ez diren sarbide-sareen bidez

1. Inform.
Elkarrekin konektatutako hainbat sare informatikoz osatutako sare erraldoia, 'sareen sare' esan ohi zaiona eta TCP/IP protokolo-multzoaren bidez mundu osoan barreiaturik dauden sare txikiagoak konektatzen dituena. Gobernu, erakunde, unibertsitate, enpresa eta era guztietako kideek osatzen dute, eta milioika erabiltzailek orotariko informazio eta zerbitzuak eman edo jasotzeko erabiltzen dute (dokumentuak kontsultatu eta atzitzeko, fitxategiak eta mezu elektronikoak trukatzeko, berriketarako, konferentzietarako eta abarretarako).

Internet Edit

Egilea: Jose Maria Rivadeneyra

INTERNET

Egitura fisikoa

Hiru sare-motak osatzen dute Internet.

Erabiltzaileen sareak

Interneten dauden erabiltzaile-sare pribatuak dira: erakundeenak, enpresenak eta etxeko sareak dira. Horietan daude fisikoki konektatuta (kable edo uhinen bidez) erabiltzaileei zerbitzuak ematen dizkieten era guztietako gailuak (ordenagailu pertsonalak, zerbitzariak, telefonoak...). Edozein tamainatako sareak izan daitezke: konputagailu gutxi batzuek kommutagailu (edo switch) baten bidez elkarturik osatutako sare lokala (etxekoak, adibidez), elkarri lotutako sare lokal askok osatutako sareartea, edo erakunde baten egoitzetan dauden sare lokalek telekomunikazio-konpainia bati kontratatutako konexioen bidez osatutako sareartea.

Internet-hornitzaileen sareak

Hornitzaile horiek ingelesezko ISP (Internet Service Provider) siglekin dira ezagunak. Sare horiek erabiltzaileen sareen arteko komunikazioa ahalbidetzen dute mundu osoan. Bi motatako ISPak daude (ikus Erabiltzaileen sareak, sarbide-sareak eta Internet-hornitzaileak izeneko irudia): txikizkariak eta handizkariak. Txikizkariek zuzenean erabiltzaileen sareei ematen diete Interneterako sarrera. Handizkariek, berriz, ISP txikiei ematen diete zerbitzua, trafikoa haien artean mugituz. Handizkarien artean ere badaude mailak. Maila gorenekoek Tier1 izena hartzen dute (tier hitzak, ingelesez, maila esan nahi du). Oso gutxi dira munduan, dozena bat inguru. Haien sareak guztiz konektatuta daude elkarri, hau da, Tier1 baten sareak konexio zuzena du beste Tier1 sare guztiekin, inongo bitartekaririk gabe. Tier1 guztien sareek horrela osatzen duten sareartea Interneten ardatza da (ingelesez, Internet backbone). Bigarren mailako Internet handizkariek Tier2 izena hartzen dute. Tier2 sareek gutxienez Tier1 batekin izango dute konexioa, Internet osorako bidea edukitzeko. Horiek, Tier1 eta Tier2 sareak, igarobideak dira, hau da, ez dute Interneten trafikoa txertatzen, ezta jasotzen ere.

Batzuetan, Tier3 terminoa ere erabiltzen da lehen guk Internet txikizkari deitu ditugunak izendatzeko, hau da, zuzenean erabiltzaileei Interneterako sarrera ematen dietenak izendatzeko.

grafikoak1

Interneten barruko egitura. Maila goreneko (Tier1) hornitzaile handizkariek ardatza osatzen dute. Txikizkariek zerbitzua ematen diete Internet-erabiltzaileei, irudian agertzen ez diren sarbide-sareen bidez

Sarbide-sareak

Aurreko biak, erabiltzaileen sareak eta ISPak alegia, lotzen dituzten sareak dira. Beste telekomunikazio-zerbitzuak (telefonia, telebista) eskuratzeko erabiltzen diren sare berberak dira. Adibidez, etxean eta enpresa txikietan, telefonoa konektatzeko dugun sarea edo telefono/telebista zerbitzua ematen digun kable-sarea erabiltzen dira Internet atzitzeko. Euskal Herrian, lehen, etxeetan, modem bidezko konexioak erabiltzen ziren gehien. Gaur, sare telefonikoaren kasuan, xDSL konexioek ordezkatu dute modema, eta kablerik gabeko teknologiak (WiMax nagusiki) aukera kabledunetarako alternatiba sendoa ari dira bihurtzen. Etxekoak baino transmisio-behar handiagoak dituzten erakunde eta enpresen sareen kasuan, Interneterako sarbiderako espresuki eskaintzen diren beste konexio batzuk kontratatzen dizkiete telekomunikazio-konpainiei. Horretarako, aukera teknologiko bat baino gehiago dituzte.

Sarbide-sareen garrantzia izugarria da: sarbide txarra badugu, jai dugu Interneten.

grafikoak2

Erabiltzaileen sareak, sarbide-sareak eta Internet-hornitzaileak. Y erabiltzaileak ez du sarerik: bere konputagailu bakarra ISParekin konektatzen du zuzenean. Hori da modem bidez egiten zena

Protokoloak

Interneten TCP/IP protokolo-multzoa erabiltzen da. Horrek esan nahi du Internetera konektatzen ditugun gailu guztiek erabili behar dituztela protokolo horiek. Dozenaka dira, baina Interneten dauden gailu guztiek ez dituzte TCP/IP familiako protokolo guztiak erabili behar. Gailu guztietan agertzen den protokolo bakarra IP da. Hiru talde hauetan sailka ditzakegu TCP/IP protokoloak:

  • Sareak elkarri konektatzeko protokoloak. Nagusia IP protokoloa da (Internet Protocol). Interneten arrakasta, neurri handi batean, protokolo horrek edozein sare-teknologiarekin ibiltzeko duen ahalmenean datza (Ethernet, Wifi, telefono-sareaketa abar). Gaur egun erabiltzen dena 4. bertsioa da (IPv4), baina dagoeneko abiatuta dago haren ordezkoa, IPv6 ezarpena. IPren laguntzaileak diren hainbat protokolo daude: IP kontrolerako protokoloa (ICMP), IP helbideak eta helbide fisikoak erlazionatzeko protokoloa (ARP) eta IP helbideak dinamikoki kudeatzeko (DHCP, NAT) eta bideratzeko protokoloak (OSPF, BGP) dira nagusiak.

  • Garraio mailako protokoloak. Nagusiak TCP (Transport Control Protocol) eta UDP (User Datagram Protocol) dira.

  • Aplikazio-protokoloak. Aplikazio bakoitzak bere protokoloak behar ditu (batzuetan bat baino gehiago). Gehien erabiltzen diren aplikazioek honako hauek erabiltzen dituzte:

    • Weba: HTTP protokoloa.

    • Posta elektronikoa: SMTP, POP3 eta IMAP protokoloak.

    • Izen-zerbitzua: DNS protokoloa.

    • Fitxategi-partekatzea: hainbat aplikazio eta protokolo daude horretarako, P2P teknologia erabiltzen dutenak. Erabilienak eMule, FasTrack, Gnutella, eta BitTorrent dira.

    • Bideo-banaketa (streaming): Aurrekoan bezala, hainbat aukera daude aplikazio eta protokoloetan. Aplikazioek gehien erabiltzen duten protokoloa RTP da.

    • IP telefonia: SIP eta H.323 estandar-multzoa dira gehien erabiltzen diren bi aukerak.

TCP/IP protokoloez gain, sare eta konputagailu bakoitzean sare-teknologiari dagozkion protokoloak bete behar dira. Adibidez, konputagailu gehienek Ethernet familiako protokoloak erabiltzen dituzte sareari konektatzeko. Gure sarea edo gure gailua (ordenagailu bat, telefono bat...) ISP batekin lotzeko, edo ISPen arteko loturak gauzatzeko, hainbat teknologia erabiltzen dira (PPP, xDSL, DWDM, ATM...).

Gobernatzea

Ez dago Internet gobernatzen duen erakunderik, Internet ez baita giza talde bat, baizik eta gizakiek elkarrekin komunikatzeko beste bide bat, besterik ez. Hala ere, Interneten eragina eta garrantzi ekonomikoa nabaria denez, kontrolaren auzia sortu da, eta erabaki tekniko batzuen eragin politiko-ekonomikoa agerian gelditu da. Horren inguruan sortutako ika-mika sonatuena DNS izen-sistemaren kontrolarena izan da. DNS izenen esleipenaren zainketa ICANN izeneko erakundeari dagokio, eta erakunde horretan Amerikako Estatu Batuetako gobernuak duen eragina murriztu nahi dute askok (Amerikako Estatu Batuetako gobernuak berak sortutako erakundea da). Ildo horretatik, 1992an Internet Society (ISOC) sortu zen. Ordura arte, Internetekin lotutako koordinazio-lan teknikoak egiten zituzten erakunde gehienak (denak ez baziren) Amerikako Estatu Batuetako erakundeak ziren. ISOCen sorrerarekin, nazioarteko izaera ematen zaio koordinazio tekniko horri. ISOCen zeregina ez da alde teknikoetara mugatzen, eta, oro har, Internet zabaltzea du helburu, zentzu guztietan.

Interneten gobernatze globalaren kontua ez zen bukatu, hala ere, ISOCen sorrerarekin. ISOCek ez ditu Internet gobernatzeko arauak edo prozedurak definitzen, eta, batzuen iritziz, hori beharrezkoa da. Batez ere gobernuak ari dira Interneten gobernatze global baten sorrera bultzatzen, nazioarteko erakundeen bidez. NEBek lantalde bat abiatu zuen 2003. urtean gaia aztertzeko, eta, horren ondorioz, 2006. urtean IGF (Internet Governance Forum) eratu zen. NBEk sortutako talde bat da IGF, Internet gobernatzearen kontua lantzea helburu duena.

Historia

Aurrekariak

Interneten oinarri teknologikoa pakete-kommutazioa da. Teknologia hori 60ko hamarkadan sortu zen. 1969. urtean abiatu zuten, Amerikako Estatu Batuetan, lehenengo pakete-kommutazioko sare esperimentala, ARPANET izenekoa. Hurrengo hamarkadan, pakete-kommutazioko datu-sareak zabaldu ziren mundu osoan, baina telekomunikazio-konpainiek bultzatutako X.25 protokoloa erabiliz. Aldi berean, Amerikako Estatu Batuetako unibertsitate batzuetan, X.25arenaren guztiz kontrako filosofia zuen TCP/IP protokolo multzoa garatu zuten ARPANET sarerako. Sare horrek Amerikako Estatu Batuetako erakunde akademikoen gero eta sare gehiago komunikatzen zituen, eta, hala, etorkizuneko Interneten lehenengo ardatz-sarea osatu zen.

Sorrera

1983. urtean, gaur erabiltzen ditugun TCP/IP protokoloek ordezkatu zituzten ARPANET sarean ordura arte erabilitako protokoloak (TCP/IPren aurrekariak).

Ordurako, ARPANET sareak konektatzen zuen sare-multzoari Internet izena eman zioten.

Handik gutxira, Amerikako Estatu Batuetako NSFk (National Science Foundation) ARPANET ordezkatu zuen, Interneteko ardatz-sarearena egiteko (NSFNET), eta Internetek esperimentu izateari utzi zion. Hurrengo urteetan, beste herrietako sare akademikoak Amerikako Estatu Batuetakoarekin konektatu ziren. Hasiera batean, beste sareek oraindik erabiltzen zuten X.25 protokoloaren eta TCP/IPren arteko bihurketa egin behar zen, baina beste sareek laster egin zuten TCP/IPrako migrazioa. Horrekin batera, Internetek nazioarteko izaera hartu zuen. Garai hartan gehien erabiltzen ziren sare-aplikazioak ziren, batetik posta elektronikoa (eta haren eratorri den berriak edo news-ak), eta, bestetik, fitxategi-transferentziak (FTP protokoloa erabiliz).

Hazkundea

1989. urtean Interneten arlo unibertsitariotik kanpoko zabalpena hasi zen. Urte hartan agertu ziren lehenengo ISP txikizkariak Amerikako Estatu Batuetan. Urte berean, Genevan, World Wide Web aplikazio berria asmatu zuten, eta hurrengo hamarkadan hasi ziren zabaltzen Interneten. Aplikazio harekin batera hasi zen Interneten hazkunde ikaragarria: konektatutako sare-kopurua urtero biderkatzen zen, eta, aldi berean, etxeetara eta enpresetara heltzen hasi zen. Unibertsitateetatik kanpo Internet webaren bidez ezagutarazten zenez, askok biak, Internet eta weba, nahasten zituzten.

Arrakastak IP protokoloaren krisia eragin zuen: alde batetik, bazirudien erabil zitekeen IP helbide-kopurua laster agortuko zela, eta, beste alde batetik, ardatz-sarea kolapsatzeko zorian zegoen. Arazoa IP protokoloaren diseinuan zetzala ikusita, bertsio berriaren (IPv6) definizioa abiatu zen. Hala ere, bertsio berria erabiltzeko moduan egon bitartean hartutako neurriek (maskaren bidezko helbide-berrantolaketa eta, horri esker, bideratze-lanen sinplifikazioa) hasierako bertsioaren iraupena iragartzen zen baino askoz luzeagoa egin zuten, eta, XXI. mendearen lehenengo hamarkadaren bukaeran, oraindik, hasierako IPv4 erabiltzen da Interneten.

XXI. mendearen hasieran, P2P aplikazioek webaren tokia hartu zuten Interneten hedapenean. Aplikazio horien fitxategiak (bereziki musika eta filmak) partekatzeko erabilerak iskanbila handia sortu zuen, eta, harrezkero, estatu gehienak beren legedia Internetek sortutako egoera berriari egokitzen ari dira.

2007. urtearen amaieran, zenbait estatistikaren arabera, 200.000 sarek baino gehiagok osatzen zuten Internet, eta 1.300 milioi lagunek erabiltzen zuten mundu osoan, gutxi gorabehera.

Data esanguratsuak:

  • 1969: ARPANET pakete-kommutazioko sare esperimentala abiatu zen Amerikako Estatu Batuetan.

  • 1974: TCP protokoloaren lehenengo espezifikazioa. Espezifikazio hartan, Internet hitza erabili zen lehenengo aldiz, TCP/IP erabiltzen duen sare global bat adierazteko.

  • 1983: TCP protokoloak bere aurrekari NCP ordezkatu zuen ARPANETen.

  • 1985: NSFNET Amerikako Estatu Batuetako sare publikoak ARPANET ordezkatu zuen Interneten ardatz-sarearena egiteko.

  • 1989: Arlo akademikotik kanpo zabaltzen hasi zen Internet, Amerikako Estatu Batuetan.

  • 1991: WWW publiko egin zen. Interneten hazkunde ikaragarria hasi zen.

  • 1993: IP helbideratze-sistemaren krisia gainditzeko, CIDR, IP helbideratze-sistema berria, abiatu zen.

  • 1993: Interneteko lehenengo irrati-emisoreak agertu ziren, Amerikako Estatu Batuetan.

  • 1994: Interneteko lehenengo telebista-programa egin zen (ABC katearen informatibo bat).

  • 1999: Napster, fitxategiak konpartitzeko lehenengo P2P sistema arrakastatsua, abiatu zen.

  • 2003: Skype, IP telefoniarako lehenengo programa arrakastatsua, abiatu zen.

Interneten eragina

Internet oso tresna indartsua da gizakien arteko komunikaziorako. Bere aurreko hedabideekin alderatuta, honako hauek dira alde nagusiak eta ondorioak:

  • Informazio askea: beste mass-mediekin alderatuta (idatzizko prentsa, irratia, telebista), informazioa hedatzea oso erraza eta merkea da, eta, gainera, mundu mailan egiten da. Horrek informazio-iturri kopuru handia jarri du edozeinen esku, eta, berez, asko zaildu du informazioaren kontrola. Gobernu askoren erreakzioa zentsura ezartzea izan da.

  • Komunikazio horizontala, banatua eta parte-hartzailea errazten du, eta, hala, gainditu egiten ditu, batetik, aurreko telekomunikazio-sareen mugak (sare telefonikoetan biren arteko komunikazioa besterik ez da egiten) eta, bestetik, hedabideenak (noranzko bakarreko komunikazioa, igorleak kontrolatua). Horrek suspertu egin du erakundeetatik kanpoko taldeen dinamika, eta giza mugimenduen nazioartekotasuna bultzatu du (giza mugimenduen globalizazioa).

  • Merkataritzaren globalizazioa: oro har, saltzaileek eskuragarri dituzten merkatuak mundu osora zabaldu dira, eta, gainera, kostuak gutxitu egin dira, eta eragiketak arinago egiten dira. Interneten erabilerak eragin handia du merkatu finantzarioen dinamikan, zerbitzu eta ondasunen salerosketetan (bai enpresen artekoetan baita publikoari egindakoetan ere) eta administrazioarekiko harremanetan (hori ere merkataritza elektronikotzat jotzen da). Horren ondorioz, merkataritza hori arautzeko legeak sortzen eta egokitzen ari dira.

  • Sarean zehar bidaltzen edota atzitzen den informazioa era masiboan bildu eta trata daiteke. Horrek asko zailtzen du informazioaren pribatutasunaren babesa. Alde batetik, pribatutasun hori urratzen dute batzuek interes komertzialengatik. Beste alde batetik, segurtasunaren eta pribatutasunaren arteko gatazka agertu da: gobernu askok, delituen kontrako borrokaren izenean, komunikazioaren pribatutasuna urratzearen aldeko legeak sortu dituzte.