AIDS

1. Med.
sin. acquired immune deficiency syndrome

Organismoaren defentsa-sistema ahultzen edo suntsitzen duen gaitz birikoa, sexu-harremanen edo odolaren bidez transmititzen dena.

GIBaren birioia
GIBaren birioia

1. Med.
Organismoaren defentsa-sistema ahultzen edo suntsitzen duen gaitz birikoa, sexu-harremanen edo odolaren bidez transmititzen dena.

Hartutako immunoeskasiaren sindromea (hiesa) Edit

Egilea: Mikel Alvarez

HARTUTAKO IMMUNOESKASIAREN SINDROMEA (HIESA)

Penizilina eta beste hainbat antibiotiko aurkitzearekin batera sortutako ametsek eraginda, 1960. hamarkadan Amerikako Estatu Batuetako Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiak zera esan zuen: “Gaixotasun infekziosoen liburua ixteko sasoia heldu da. Amerikako Estatu Batuetan infekzioa ia erabat suntsitu dugu”. Hogei urte geroago, munduak aspaldiko urteetan ezagutu ez zuen izurriterik handienaren atarian aurkituko zen.

Hartutako immunoeskasiaren sindromea (hiesa) giza immunoeskasiaren birusak (GIBak) eragindako gaixotasun infekziosoa da. Hiesaren ezaugarri garrantzitsuena immunoeskasia zelularra garatzea da, eta immunitate-galera, batez ere, T-CD4+ linfozitoaren gutxitzeagatik gertatzen da.

Birusa

Bi GIB birusek eragin dezakete hiesa: GIB-1ak eta GIB-2ak, nahiz eta, epidemiologia eta patogenia aldetik, GIB-1ak GIB-2ak baino garrantzi handiagoa izan.

GIBa erretrobirusen familiako (Retroviridae) birusa da. RNA duten birusak dira, eta horrexek piztu zuen, hain zuzen ere, zientzialarien interes aparta. Biologiaren lege nagusiak adierazten duen bezala, eukariotoen eta prokariotoen erreplikazioa era honetan gertatzen da:

DNA---------RNA-------Proteina

Baina erretrobirusen kasuan, birusaren RNAk DNA sintetizatzen du, eta horixe da, hain zuzen, mikroorganismo hauek hain bitxi egiten dituena. Prozesu hori alderantzizko transkriptasa bati esker gertatzen da:

Alderantzizko transkriptasa (AT)

RNA---------DNA--------RNA------Proteina

Retroviridae familia hiru azpifamiliak osatzen dute: Oncovirinae, Spumavirinae eta Lentivirinae azpifamiliek; azken talde horretan kokatzen dira GIB-1a eta GIB-2a. Birus-familia horrek, batez ere, ornodunak kutsatzen ditu eta, horregatik, hiesa bera ere primateek gizakiari transmititutako zoonositzat jo dezakegu. GIBari dagokionez, primateen eta gizakiaren arteko espezie-jauzia azken 50-70 urteotan hiru aldiz gertatu da, gutxienez, eta, horregatik, filogenetikoki ezberdinak diren birus-taldeak aurkitu ditzakegu. Primatetik gizakirako jauzia Afrikaren erdialdean eta mendebaldean gertatu zen. Gaur egungo pandemia M taldeak eragindakoa da eta Afrikaren erdialdean sorturikoa izan liteke.

grafikoak1

GIBaren birioia

GIB birusaren izaera (ikus aurreko irudia) erretrobirus gehienen antzekoa da. Birusaren partikula biribilak 80-100 nm-ko diametroa du. Geruza bi mintz lipoproteikok osatzen dute. Nukleoak kate bakarreko bi RNA-zati ditu, eta hiru gene-egitura nagusi aurkitu daitezke bertan: gag, pol eta env. Aurrenak, batez ere, kapsideko proteinak ekoizten ditu; bigarrenak, proteasa, alderantzizko transkriptasa eta integrasa proteinak; eta hirugarrenak, geruzako gp120 eta gp41 proteinak ekoizten ditu. Horretaz gain, baditu beste gene batzuk ere (ikus hurrengo irudia).

grafikoak2

GIBaren antolaketa genomikoa

Transmisioa eta bizi-zikloa

Beste edozein mikroorganismotan gertatzen denaren antzera, transmisioa eta kutsapena hainbat aldagairen mende daude; besteak beste, dosiaren, transmisio-bidearen eta ostalariaren immunitatearen beraren mende. Infektatzeko bide arruntenak hauek dira: odola edo hemoderibatuak, sexu-harremanak (mukosa genitalaren edo kolonekoaren bitartez), ama-umeki transmisioa eta osasun-laneko nahigabeko istripuak (orratz-ziztada, esaterako). Gizaki infektatu berriak egoera akutuan exantema eta gripearen sintomatologia garatzen du. Egoera horretako biremia plasmatikoak, batik bat, organo linfoideak eta nerbio-sistema zentrala (NSZ) kutsatzen ditu. Gero, gizakiaren immunitate-erantzunagatik (CD8 linfozitoen erantzunagatik, batik bat) biremiak gorabeherak izaten ditu, eta 3-6 hilabetetan behin-behineko oreka-puntua lortzen du. Puntu horretan izandako biremia txikia izanez gero, gaixotasuna astiroago garatuko dela esan nahi du, eta biremia handia bada, alderantzizko pronostikoa susma daiteke.

Birusen geruzako gp120 Env proteina linfozitoen, makrofagoen edo mikrogliako zelulen CD4 molekula hartzailearekin lotzen denean hasten da infekzioa. Birusaren eta zelulen arteko lotura horretan, gp120 eta CD4 hartzailearen artekoan, alegia, garrantzi handia hartzen dute baita zelulen aldetiko beste hartzailekide batzuek ere, CCR5 eta CXCR4 kimiozina hartzaileek, esaterako.

Zelularekin lotura izan ondoren, birusaren eta zelularen mintzak fusionatu egiten dira, eta birusak bere nukleoa askatzen du zelularen zitoplasmara. Zitoplasman, alderantzizko transkriptasari esker, birusaren RNAk DNA sintetizatuko du, eta hori zelularen genoman integratuko da probirus gisa (ikus hurrengo irudia). Hortik aurrera, probirusak birion berriak ekoitziko ditu eta birionek, zelularen geruzak inguratuta, gemazioz, zelulatik irten egingo dira zelulaz kanpoko ingurunera.

grafikoak3

GIB birusaren bizi-zikloa

Patogenia

Hartutako immunoeskasia-era honen ezaugarri nabarmenena CD4 linfozitoen suntsipenean datza. Gutxitze-egoera hori zenbait mekanismorengatik gertatzen da: CD4en efektu zitopatikoagatik, linfozitoak organo linfoideetan bahituak geratzen direlako eta CD8 linfozito zitotoxikoen eraginagatik, besteak beste. Birusaren infekzioak humore-immunitatearen (antigorputz neutralizatzaileak) eta immunitate zelularraren (CD4-CD8 linfozitoak eta NK zelulak) erantzuna pizten du. Horrela, gaixotasunaren faseak edo aroak hiru direla esan daiteke: primoinfekzioa, fase kronikoa (birusaren erreplikazio kronikoa) eta hiesaren fasea. Gaixotasunaren azken fase horretan, humore-immunitatearen zein immunitate zelularraren porrotagatik, prozesu infekzioso oportunistak eta tumoreak izatea errazten da (ikus hurrengo irudia).

grafikoak4

Hiesaren faseak

Gaixo immunoeskasiadunekin ohi denez, klinika eta sintomatologia zabala eta ezberdina izan dezakete: linfadenopatia hedatua, kakexia, dementzia (birus neurotrofikoa da), mielopatia, neuropatia hedatua eta enteropatia, beste askoren artean. Gainera, infekzio oportunista edo tumore bat garatzen dutenean, horiek eragindako sintoma klinikoak agertuko zaizkie gaixoei.

Diagnostikoa eta tratamendua

GIBak eragindako infekzioaren diagnostikoa serologikoa da, eta froga immunoentzimatiko (ELISA izenekoa) baten bitartez egiten da. Test horrekin birusaren zenbait proteinaren (geruzakoak) kontrako antigorputzak neurtzen dira, eta odolean zein txistuan egin daiteke. Gaixoaren jarraipenean garrantzi handia du, alde batetik, CD4 linfozitoen kopurua ezagutzeak eta, beste alde batetik, baita plasman birusaren zenbat RNA-kopia edo p24 antigeno agertzen diren neurtzeak ere.

Momentu honetan erretrobirusen kontrako farmakoek eragin handia dute birusaren erreplikazioaren kontra, baina ez dira gai gaixotasuna sendatzeko; horregatik, gaixoak bizi-kalitate oneko gaixo kroniko bihurtzen dira. Asko dira (21 baino gehiago) erabiltzen diren farmako erretrobiralak, ia denak alderantzizko transkriptasa eta proteasen kontrakoak. Aipatu behar da, bestalde, birusak erraz garatzen duela farmakoen kontrako erresistentzia, eta hori dela tratamenduaren porrotaren arrazoi nagusia.

Prebentzioa

Uste da munduan 40 milioi gizaki izan litezkeela GIB birusaz kutsatuak, eta 25 milioi orain arte hiesagatik hildakoak. Europaren mendebaldean 720.000 infektatu egon daitezke eta Saharaz hegoaldeko Afrika aldean, berriz, 25 milioi. 2005. urtean, 4,1 milioi kasu berri eta 2,8 milioi hildako izan ziren. Munduko bazter guztietara heldu da pandemia, nahiz Afrika izan gaixotasunaren sorleku eta arazo sanitario handieneko lekua. Transmisio heterosexuala da transmisio-era nagusia, % 85 modu horretan kutsatzen baita, batez ere Afrikan. Ziztatutako drogen bitartez gertatutako hedadura arruntagoa izan da Europan, Amerikako Estatu Batuetan eta epidemia indarrez zabaltzen ari den Asiaren erdialdean eta hegoaldean.

Orain arte ikertu diren birusen artean, agian GIBa da gizakiaren esfortzu eta baliabide gehien izan duena. Halere, birus iheskor eta aldakor honek ez du oraindik aukerarik eman txerto bat lortzeko. Arrazoi asko daude ezintasun horren atzean; besteak beste, birusaren aldakortasuna eta birus motelduekin egin beharreko giza saioak arriskugarriegiak izatea.

Prebentziorako neurriak sinpleak dira; alde batetik, sexu-harremanetan segurtasunez jokatzea, barrera- edo hesi-sistemak (kondoia, esaterako) erabiliz jokatzea, eta, bestalde, droga ziztatzeko katean osasun-neurri prebentiboak garatzea. Baina, neurri prebentiboek teorian errazak badirudite ere, ez da horrela izaten; izan ere, neurri horien garapenak faktore soziologiko eta kultural askorekin egiten du talka. Afrikan, epidemiaren epizentroan, ezer lortu nahi bada, han egingo den edozein prebentzio-programak bertako soziologia, kultura eta, batez ere, pobrezia hartu beharko ditu kontuan.