kannabinoide

1. Biol./Med.

Cannabis sativa landarean agertzen diren osagai organikoak edo horien antzeko ekintzak sortzen dituzten konposatu natural zein sintetikoetako bakoitza.

1. Biol./Med.
Cannabis sativa landarean agertzen diren osagai organikoak edo horien antzeko ekintzak sortzen dituzten konposatu natural zein sintetikoetako bakoitza.

Kannabinoideak Edit

Egilea: Erik Aostri, Joseba Pineda, Aitziber Mendiguren

Dokumentua

Kannabinoideak: iturria eta motak

Kannabinoideen taldea azido trikarboxilikoek eta horietatik eratorritako molekulek osatzen dute. Molekula horiek animalietan zein gizakian aurkitzen diren hartzaile espezifikoei lotzen zaizkie, eta, horrela, efektu fisiologiko ugari sortzen dituzte. Kannabinoideen efektuen lehenengo aipamena Pen Tsao (K.a 2737, Txina) liburuan aurki genezake, bertan kalamuari hainbat eragin terapeutiko esleitzen baitzaizkio. Hala ere, XX. mendera arte ez ziren lehenengo kannabinoideak kalamutik isolatu. Izan ere, 40ko hamarkadan identifikatu ziren lehen aldiz Cannabis sativa landarean. Horrez gain, badaude hartzaile kannabinoideak aktibatzen dituzten barneko kannabinoideak ere. Oro har, kannabinoideak bi talde nagusitan sailka daitezke (ikus taula):

  • Exogenoak: kalamuan kantitate handienean aurki daitekeen kannabinoidea tetrahidrokannabidiola da (Δ9-THC). Hala ere, landarean agertzen den kannabinoide kopurua espezietik espeziera aldatu ohi da. Δ9-THC-a da kalamuaren eragin psikoaktiboaren erantzule nagusia. Kalamuan proportzio altuan agertzen diren beste kannabinoide batzuk kannabidiola, kannabinola, kannabigerola eta tetrahidrokannabinarina dira. Konposatu horiek ez dute eragin psikoatibo esanguratsurik Bestalde, sintesi kimikoari esker, gaur egun badira kannabinoide naturalen deribatu intetikoak ere, ikerkuntzan sarritan erabiltzen direnak. Horien artean, hauexek dira ohikoenak: WIN 55212-2 (aminoalkilindola), CP-55940 (konposatu biziklikoa) eta metanandamida (anandamidaren eratorkin sintetikoa).

  • Endogenoak: kannabinoide exogenoen efektu farmakologikoak ikusita, ikertzaileak barneko sistema kannabinoidea bilatzen hasi ziren. Horrela, 1992an Devanek eta lankideek txerriaren garunetik N-arakidonoiletalonamina (anandamida) izenez ezagutzen den lehenengo barneko kannabinoidea isolatu zuten. Anandamidak Δ9-THC-ren antzeko eragin farmakologiko batzuk zituen (Devane et al., 1992). Urte batzuk geroago, 1995ean, Mechoulam-ek eta bere taldekideek 2-arakidonilglizerola (2-AG) isolatu zuten txakurraren hesteetatik (Mechoulam et al., 1995). Era berean, barneko konposatu horiei lotzen zaizkien hartzaile kannabinoide espezifikoak eta kannabinoide endogenoen sintesi eta degradazio-entzimak ere aurkitu ziren.

Kannabinoide ezagunenak: jatorria eta eraginak

Kannabinoidea

Jatorria

Eraginak nerbio-sisteman

Δ9-THC

Exogenoa: kalamua

Zentzumenen alterazioa, mina arintzea, lasaigarria eta goitikaren inhibitzailea

Kannabidiola

Exogenoa: kalamua

Antiepileptikoa eta antipsikotikoa animalia ereduetan

Kannabigerola

Exogenoa: kalamua

Antsiolitikoa animalia ereduetan

Kannabinola

Exogenoa: kalamua

Mina arintzea animalia ereduetan

Anandamida

Endogenoa

Ahoratze eta lo ereduak kontrolatzea, mina arintzea

2-AG

Endogenoa

Pertzepzio somatosentsoriala eta ahoratzea erregulatzea

WIN 55212-2

Exogenoa: sintetikoa

Eragin analgesikoa animalia ereduetan

 

Hartzaile kannabinoideak

Hartzaile kannabinoideak bi familia handitan sailka daitezke: CB1 eta CB2 hartzaileak, alegia. Bi hartzaile mota horiek Gi/o proteinei lotutako hartzaileen familiakoak dira. Beraz, kannabinoideak, hartzaileari lotzean, G proteinaren azpiunitateak bideratutako adelinato ziklasa entzima inhibitzen du, AMP ziklikoaren sintesia txikituz. Azken horrek zenbait kinasaren aktibitatea murrizten du. Aldi berean, Gi/o proteinak barneranzko errektifikatzaileak diren potasio-erretenak (GIRK) aktibatu eta tentsioaren menpeko kaltzio-erretenak inhibitzen ditu. Aipaturiko eraginek neuronen aktibitate elektrikoa eta beste neurotransmisore batzuen askapena murrizten dute. Kokapenari dagokionez, CB1 hartzailea nerbio-sistema zentralean aurki daiteke, eta CB2 hartzailea, aldiz, periferian.

  • CB1: Garunean CB1 hartzaileen kopuru handiena gongoil basaletan, garun-azalean, zerebeloko geruza molekularrean eta hipokanpoan agertzen da (Herkenham et al., 1991). Hori dela eta, CB1 hartzailearen aktibazioaren ondorioz azaltzen diren efektu gehienak zentralak izango dira, nahiz eta CB1 hartzailea nerbio-sistema periferikoan ere kantitate txikian aurkitu den (Galiegue et al, 1995; Ishac et al, 1996). Neuronetan, CB1 hartzailea ugariagoa da nerbio-bukaeretan alde somatodendritikoan baino (Tsou et al., 1998; Freund et al., 2003). Nerbio-sistematik kanpo, CB1 hartzailea guruinetan eta metabolismoarekin erlazionatutako zeluletan aurkitzen da (Pagotto et al. 2006).

  • CB2: hartzaile kannabinoide honen presentzia handiagoa da sistema immunologikoan nerbio-sistema zentralean baino. Zehazki, hartzaile hori makrofagoetan, linfozitoetan, barean eta amigdalan aurkitzen da (Munro et al., 1993). Burmuinean, berriz, zerebeloan, garun-azalean eta garun-enborrean agertzen da (Van Sickle, 2005). Horregatik, CB2 hartzailearen eragina batik bat periferikoa da.

Kannabinoideen eraginak

Barneko sistema kannabinoideak jarduera fisiologiko ugari erregulatzen ditu, hala nola aktibitate motorra, oroimena eta ikasketa-prozesuak, erantzun immunologikoa, minaren transmisioa eta botaka, tenperatura eta ahoratze-prozesuak. Horregatik kannabinoide bat hartzean, oroimenaren eta koordinazio motorraren asaldurak, arreta galtzea, pertzepzioaren asaldura, jangura handitzea, eragin antiemetikoa eta analgesia azaltzen dira.

Jatorri ezberdinetakoak izan arren, kannabinoide guztiak hartzaile kannabinoideei lotzen zaizkie, afinitate-maila ezberdinekin. Kannabinoide batek CB1 hartzaileekiko afinitate handia baldin badu, nerbio-sistema zentraleko eraginak izango ditu, hala nola efektu hipnotikoak, antsiolitikoak, antidepresiboak eta, oro har, eragin psikoaktiboak (ikus taula). Afinitatea, aldiz, periferikoki banatuta dauden CB2 hartzaileekiko altuagoa bada, efektu immunosupresoreak, analgesikoak eta antiespasmodikoak nabarmenduko dira batik bat. CB1 eta CB2 hartzaileen antzekotasuna dela eta, kannabinoide batzuek hartzaile biak aktiba ditzakete; adibidez, Δ9-THC-ak egiten duen moduan. Dena den, egun ezagunak dira hartzaile kannabinoideekiko afinitate txikia daukaten eta, aldi berean, beste hartzaile mota ugari erregulatzen dituzten kannabinoideak. Kannabidiolak, adibidez, CB1 hartzailea modu ez zuzen baten bidez erregula dezake, eta zenbait efektu farmakologiko ditu, eragin psikoaktiborik gabe. Gainera, badirudi kannabidiolak hartzaile serotonergikoak zein adrenergikoak ere erregulatzen dituela (Pertwee et al. 2002; Rock et al. 2011). Azken urteetan, kannabinoide ez psikoaktiboen ekintza-mekanismoak eta eragin farmakologikoak hobeto ulertzeko lanean ari dira ikerlariak.

CB1 hartzailearen nerbio-sistema zentralean zeharreko banaketa heterogeneoa denez, banaketaren arabera kannabinoideek burmuineko nukleo batzuetan beste batzuetan baino eragin handiagoa dute. CB1 hartzailea, normalki, presinaptikoki kokatzen da interneurona GABAergiko zein glutamatergikoetan eta, horrela, GABA zein glutamato neurotransmisoreen askapena erregula dezake. Kasu horietan, kannabinoideen eragina neurona mota ezberdinen arteko CB1 hartzaileen banaketaren menpe legoke. Adibidez, nerbio-sistema zentraleko gune serotonergiko garrantzitsuenean, errafe dortsalean eta interneurona GABAergikoetan kokaturiko CB1 hartzaileek erregulatzen dute neurona serotonergikoen aktibitate elektrikoa (Mendiguren eta Pineda, 2009).

Kannabinoideekiko menpekotasuna

Portaeraren ikerketen arabera, kannabinoideek sari-sarea deritzon bide mesolinbikokortikala aktibatzen dute nerbio-sisteman. Gune tegmental bentralak, accumbens nukleoak, amigdalak, garunazal prefrontalak eta entorrinalak osatzen dute bide mesolinbikokortikala. Bide horrek bizirauteko beharrezkoak diren ekintzak indartzen ditu, estimulu dopaminergikoen bitartez. Droga guztiek sari-sistema hori aktibatzen dute, eta horrek menpekotasuna (“psikikoa”) edota droga kontsumitzeko irrika eragiten du. Zehazki, kannabinoideek GABA eta glutamato sistemak erregulatzen dituzte sari-sistema horretan, gune tegmental bentraleko CB1 hartzaileen bitartez, eta horrek dopaminaren askapena dakar akunbens nukleoan (Szabo et al., 2002; Melis et al., 2004). Beraz, kannabinoideek menpekotasuna eragiten dute.

Menpekotasun fisikoari, hau da, kannabinoideak hartzeari uztean azaltzen den sindromeari dagokionez, gizakietan azaltzen diren zeinuak ez dira opiazeoenak bezain biziak. Izan ere, kannabinoideen kontsumoa etetean agertzen diren zeinuak eramangarriak izaten dira: antsietatea, suminkortasuna, loezina, amesgaiztoak eta anorexia, adibidez.

Kannabinoideen erabilera terapeutikoak

Kannabinoideen erabilera terapeutikoa oso hedatuta ez egon arren, gaixotasun batzuetarako onartuta dago. Orain arteko ebidentziek erakutsi dute kanabinoideen erabilera min kronikorako eta espastizitaterako onargarria dela. Izan ere, Espainian 2010. urtetik legeztatuta dago Sativex medikamentuaren erabilera esklerosi anizkoitzaren aurka, batez ere tratamendu klasikoekiko erresistenteak diren gaixoetan. Sativex-a Δ9-THC eta kannabidiolaren arteko nahasketa bat da, eta efektu antiespasmodikoak zein analgesikoak ditu. Beste erabilera batzuen aldeko ebidentzien pisua, aldiz, txikiagoa da, hala nola mugimenduaren asaldurarekin erlazionatutako gaixotasunak tratatzeko, loezinerako, HIESA duten pazienteen pisua handitzeko, edota goragalea eta goitika tratatzeko (Whiting et al., 2015). Gainera, Sativex prestakinak eta Δ9-THC daukan farmako orok eragin psikoaktiboaren desabantaila du. Horregatik, kannabinoideen erabilera farmako gutxitara dago mugatuta. Arazo horri aurre egiteko, kannabinoide ez psikoaktiboei buruzko ikerketak nabarmenki ugaritu dira azken urteotan, eta, kannabidiolaren kasuan, badira jada epilepsiara bideratutako saio klinikoak.

Bibliografia