eragin desiragaitz

1. Biol./Med.
sin. eragin kaltegarri

Medikamentu batek gizakien gaixotasunen tratamendurako, prebentziorako edo diagnosirako zein funtzio fisiologikoak zuzentzeko edo aldatzeko erabiltzen den dosi arruntetan eragiten duen erreakzio kaltegarria.

1. Biol./Med.
Medikamentu batek gizakien gaixotasunen tratamendurako, prebentziorako edo diagnosirako zein funtzio fisiologikoak zuzentzeko edo aldatzeko erabiltzen den dosi arruntetan eragiten duen erreakzio kaltegarria.

Eragin desiragaitza edo erreakzio kaltegarria Edit

Egilea: Iñaki Redondo, Aitziber Mendiguren, Joseba Pineda

Dokumentua

Zer da eragin desiragaitza eta zer ez da?

Eragin desiragaitz esaten zaio medikamentu batek gizakien gaixotasunen tratamendurako, prebentziorako edo diagnosirako zein funtzio fisiologikoak zuzentzeko dosi normaletan erabiltzen denean eragiten duen erreakzio kaltegarriari  (1344/2007 Errege dekretua). Modu orokorrago batean esanda, medikamentu bat hartzean terapeutikoki bilatzen ez den kaltea litzateke. Ingelesez unwanted effect bezala ezagutzen da, eta gaztelaniaz, efecto indeseado. Askotan, eragin desiragaitz terminoaren ordez, eragin kaltegarri (adverse effect edo efecto adverso) edo erreakzio kaltegarri (adverse reaction edo reacción adversa) erabiltzen dira. Akronimoa gaztelaniaz RAM da (reacción adversa al medicamento).

Eragin desiragaitzen artean, efektu kolateralak eta bigarren mailakoak bereizten ditugu:

  • Efektu kolaterala: nahi ez den itu batean eragitearen ondorioz gertatzen den efektua. Farmakoaren lehen mailako efektuarekin erlazio zuzena du. Adibidez, aspirinak sor dezakeen odol-jarioa edota antidepresiboek sortzen duten aho-lehorra.

  • Bigarren mailako efektua: farmakoaren ekintza farmakologiko nagusiaren ondorio den efektua, baina lehen mailako efektuarekin zerikusia ez daukana. Adibidez, diuretikoek eragindako hipokalemia.

Arestian aipaturiko errege-dekretu berean, erreakzio kaltegarri larriak eta ustekabeko erreakzio larriak ere definitzen dira:

  • Erreakzio kaltegarri larria: heriotza, bizi-arriskua, ezintasuna, sortzetiko gaixotasuna, ospitalizazioa edo ospitaleko egonaldiaren luzatzea eragiten dutenak dira. Erreakzio kaltegarrien berri ematera legalki behartuta daude osasun-profesionalak.

  • Ustekabeko erreakzio larria: farmakoak eragindako erreakzioen jatorria, larritasuna eta ondorioak farmakoaren fitxa teknikoarekin bat ez datozenean gertatzen dena (1344/2007 Errege Dekretua). Fitxa teknikoa farmakoaren informazio ofiziala biltzen duen agiria da, eta medikamentuen herrialde guztietako agentzia ofizialetako web-orrian aurki daiteke.

Beraz, aipatutako definizioaren arabera, nahita (suizidioan, esaterako) zein nahigabe gehiegizko dosia hartzearen ondorioz agertzen diren erreakzioak ez dira eragin desiragaitz gisa hartuko.

Era berean, ez da eragin desiragaitz gisa onartuko gertakari kaltegarri gisa ezagutzen duguna, hau da, farmako batek merkaturatu aurretik eragiten duen kaltea.

Eragin desiragaitzen intzidentzia handia da. 2009. urtean argitaratutako ikerketa batek dionez, 525 pazientetan 655 eragin desiragaitz agertu ziren; horietatik, % 45 arinak, % 39 moderatuak eta % 16 larriak. Kasuen % 43 aurreikus zitekeela jakinda, prebentzioak berebiziko garrantzia duela ondoriozta daiteke (Cañas-Puche eta Dios-Luna, 2006; Aranaz et al; 2009).

Honegatik guztiagatik, osasun arloko profesionalak behartuta daude farmakozaintza sailari medikamentu baten eragin desiragaitzen berri ematera.

Eragin desiragaitzak pairatzeko arrisku-faktoreak eta horien ondorioak

Eragin desiragaitzak pairatzeko arrisku-faktoreen artean, farmakoekin edota norbanakoarekin erlazionatutako faktoreak dauzkagu (Flórez, 2012; Rang eta Dale, 2012).

Farmakoarekin erlazionatutakoak

  • Farmakoa bide parenteraletik hartzea.

  • Farmakoaren dosi altuak eta iraupen luzeko tratamenduak hartzea.

  • Farmako asko hartzea (polifarmazia). Adibidez, paziente batek 7 farmako hartuz gero, kasuen % 100ean eragin desiragaitzak agertzen direla ikusi da.

Pertsonarekin erlazionaturiko faktoreak

  • Adina: gazteek eta adinekoek aukera gehiago dituzte eragin desiragaitzak pairatzeko.

  • Sexua: emakumeak dira aukera gehiago dituztenak.

  • Oinarri genetikoa.

  • Gaixotasun batzuk pairatzea: desnutrizioa, hipoalbuminemia, giltzurrun eta gibel-gutxiegitasuna, immunoeskasia.

Kasu batzuetan, eragin desiragaitzek oso kontuan hartzeko ondorioak dauzkate. Adibidez, honako organo hauetan gertatzen direnean: bikoizketa azkarreko ehunetan (larruazalean, digestio-aparatuan eta sistema hematopoietikoan); farmakoak metabolizatzen, iraizten, dituzten organoetan (gibelean eta giltzurrunetan) eta funtzio garrantzitsuak dituzten organoetan (bihotzean eta nerbio-sistema zentralean).

Eragin desiragaitzen sailkapena

Eragin desiragaitzak bost taldetan bereiz ditzakegu, mekanismoen eta maiztasunaren arabera (Edwards eta Aronson, 2000):

A motakoak (Augmented, “gehiegizkoak”)

Farmakoak eragindako gehiegizko efektuaren ondorioz gertatzen dira. Aurreikus daitezke (farmakoaren fitxa teknikoan erreakzio kaltegarri posible gisa agertzen dira) eta dosiaren menpe daude, hau da, dosia handitu ahala, eragin desiragaitzak nabarmenagoak izango dira. Erreakzio hauetan, sistema immunologikoak ez du parte hartzen. Maizen gertatzen diren erreakzio kaltegarriak dira, hau da, ohikoenak. Hilkortasun-maila txikia dute. Adibidez, β-blokeatzaileak eta bradikardia; intsulina eta hipogluzemia; eta serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboek eragindako serotonina-sindromea (Edwards eta Aronson, 2000).

B motakoak (Bizarre, “arraroaK”)

Farmakoaren ekintza farmakologikoarekin erlaziorik ez dutenak, ustekabekoak eta paziente suszeptibleetan bakarrik agertzen direnak. Ez dira medikamentuaren dosiaren menpekoak. Intzidentzia baxua dute, baina A motakoak baino larriagoak dira, hilkortasun-maila altua baitute. Ezin aurreikus daitezke.

Adibideak: penizilinarekiko hipersentikortasuna (erreakzio immunologiko baten ondorio dena), anpizilinak eragindako azaleko pseudoalergia, hipertermia kaltegarria eta porfiria akutua (erreakzio idiosinkrasikoak) (Edwards eta Aronson, 2000).

C motakoak (Chronic, “kronikoak”)

Medikamentu baten tratamendu luzearekin erlazionaturik daudenak. A motakoen antzera, aurreikusi egin daitezke, eta dependentzia edo takifilaxia-erreakzioen agerpenarekin erlazionaturik daude. Ez dira ohikoak, eta medikamentu baten dosi ugari hartzean agertzen dira. Adibideak: kortikoideek hipotalamo-hipofisi-giltzurrun gaineko azal ardatzean eragindako supresioa (Edwards eta Aronson, 2000).

D motakoak (Differed, “atzeratuak)

Orokorrean, farmakoa hartzeari utzi eta askoz geroago azaltzen direnak. Farmakoek geneak eraldatzeagatik agertzen dira. Ez dira ohikoak, eta normalean dosiarekin erlazionaturik egoten dira. Adibideak: kartzinogenesia, antipsikotikoek eragindako diskinesia berantiarrak eta dietilestilbestrolak umeetan eragiten duen baginako adenokartzinoma (teratogenesia) (Edwards eta Aronson, 2000).

E motakoak (end, “bukaerakoak”)

Farmako bat hartzeari modu progresibo batean uzten zaionean gertatzen dira. Errebote-efektu deritzo fenomeno hori; hau da, tratamendua hasi aurretik agertzen den sintoma nagusia berriro agertzen da, era indartsuago batean. E motako eragin desiragaitzak ez dira ohikoak izaten. Adibideak: opiazioekiko abstinentzia sindromea, β-blokeatzaileak hartzeari uztean agertzen den miokardioko iskemia (Edwards eta Aronson, 2000).

Eskuzko terapietako erreakzio kaltegarriak

Eragin desiragaitzak farmakoen arlora mugatu dira orain arte, baina eskuzko terapien kasuetan ere gerta daitezke. Eskuzko terapia esaten zaio trebatutako osasun-profesional (kiropraktiko, osteopata edo fisioterapeuta) batek helburu terapeutikoak lortzeko ukimena erabiliz, eskuen bidez, eginiko edozein teknikari. Talde honetan ondorengo teknikak sar ditzakegu: masajea, mobilizazio aktiboak zein pasiboak eta manipulazioak (abiadura handiko bultzada-teknikak, zeintzuek artikulazioak berezko mugimendutik kanpo eramaten dituzten) (Evan eta Breen, 2006).

Honela definitzen dituzte Malone eta kolaboratzaileek eskuko terapien bidez azaltzen diren erreakzio kaltegarriak: tratamendu baten ondoren gertatzen den edozein emaitza kaltegarri, bai arinak (iraupen laburreko sintoma arin edo klinikoki ez esanguratsuak) bai larriak (espero ez den edozein gertakari, minusbaliotasun larria, heriotza zein konplikazio itzulezina eragiten duena) (Malone et al., 2002).

Carnes eta kolaboratzaileek ere, Malone eta kolaboratzaileen antzera, intentsitatearen eta iraupenaren arabera sailkatzen dituzte eskuzko terapiaren bidez gertatzen diren erreakzio kaltegarriak (Carnes et al., 2010a, Carnes et al., 2010b):

  • Erreakzio arina: intentsitate txikikoa eta iraupen laburrekoa. Pazienteen funtzioa bere horretan mantentzen da, itzulgarria da eta ez du aparteko tratamendurik behar. Adibide gisa, ubeldurak eta min muskularrak dauzkagu.

  • Erreakzio moderatua: intentsitate moderatukoa eta iraupen ertain-luzekoa.

  • Erreakzio larria: intentsitate handikoa eta iraupen ertain-luzekoa. Tratamendua behar du eta pazientea arriskuan jartzen du. Adibide gisa, garuneko arterien disekzioak sor dezakeen garun-isuria daukagu.

Aurreko definizio horiek ez dira oso zehatzak eta ez dituzte aipatzen erreakzio kaltegarrientzat OMEk emandako definizioan agertzen diren termino garrantzitsu batzuk,hala nola dos hitza. Izan ere, oso zaila da eskuzko terapietan erabilitako “dosiak” jakitea, baita erreakzio kaltegarrien kausalitatea frogatzea ere (Carnes et al., 2010a). Horregatik, azken urteotan zenbait ikertzaile ahaleginak egiten ari dira, eskuzko terapien bidez gertatzen diren erreakzio kaltegarriak hobeto definitzek. Adibidez, farmakoak erabiltzen direnean bezala, dosia definitzeko ere eskuko terapien intentsitatea estandarizatzea (Carlesso et al., 2010).

Ikertzaile gehienek iritzi bateratua dute eskuzko terapien bidez gertatzen diren erreakzio kaltegarrien inguruan: terapia horien ondorioz azaltzen diren erreakzioak oso kasu gutxitan adierazten dira saio klinikoetan. Horregatik, ikertzaileek eskuzko terapien inguruko saio klinikoetan eragin desiragaitzen aipamena egitearen garrantzia azpimarratu dute, baita eskuzko terapietako profesionalek erreakzioen berri ematearena ere. Izan ere, eskuzko terapiaren bidezko tratamenduetan erreakzio kaltegarri larriak pairatzeko arriskua oso txikia bada ere, pazienteen % 50ek erreakzio kaltegarri arinak zein moderatuak nozitu dituzte, batez ere lehenengo saioaren ondoren. Erreakzio kaltegarriak terapia jaso eta 24 orduren buruan azaltzen dira, eta 72 ordu irauten dute gehienez. Gainera, eskuzko terapia medikamentuekin konbinatuz gero, erreakzioa jasateko arriskua handitu egiten da (Carnes et al, 2010b).

Eragin desiragaitzen maneiua eta prebentzioa

Eragin desiragaitz baten susmoa duen paziente arrunt batek osasun-arloko profesionalengana jo beharko luke, edo larrialdietara, erreakzioaren sintomen arabera, kasu batzuetan erreakzio desiragaitzak arriskutsuak izan daitezkeelako. Osasun-arloko profesionalek eragin desiragaitz bat atzematen dutenean, berriz, farmakozaintza-sailari adierazi beharko diote dagokien “Txartel horia” deituriko inprimakia erabiliz (ikus farmakozaintza).

Dena dela, eragin desiragaitzak saihesteko egokiena prebentzioa da. Izan ere, prebentzioa eginda eragin desiragaitzen % 50 saihestu daiteke. Prebentziorako neurri orokorrak hurrengoak dira:

  • Farmakoen eraginen jarraipena egin, batez ere, farmakoen eragin desiragaitzak ezagunak direnean eta 3 farmako baino gehiago kontsumitzen duten pertsonetan.

  • Farmakoen konbinazioak saihestu.

  • Ahal den neurrian, bide parenterala saihestu.

  • Pazienteari galdeketa bat egitea aurretik farmakoak hartu dituenean izan dituen eraginen inguruan.

Gainera, eragin desiragaitzak motaren arabera maneia ditzakegu (Edwards eta Aronson, 2000):

  • A motakoak:

    • Dosia jaitsiz edo farmakoa kenduz.

    • Terapia konkomitantearen efektuak kontuan hartuz.

  • B motakoak:

    • Farmakoa kenduz edo etorkizunean ez erabiliz.

  • C motakoak:

    • Dosia jaitsiz edo farmakoa kenduz: farmakoa era progresiboan kendu beharko litzateke.

  • D motakoak:

    • Gehienetan trataezina da, baina farmakoa egoera arriskutsuetan ez erabiliz eta beste farmako batez ordezkatuz, posible da, edo ahalik eta dosi txikiena administratuz.

  • E motakoak:

    • Berrerabiliz edo progresiboki kenduz.

Bibliografia

  • Aranaz, J.M., Aibar, C., Vitaller, J., Requena, J., Terol, E., KElley, E., Gea, M.T., The Eneas Work Group. (2009). Impact and preventability of adverse events in Spanish public hospitals: results of the Spanish national Study of Adverse Events (ENEAS). International Journal for Quality in Health Care, 21, 408-414.

  • Carlesso, L., Macdermid, J., & Santiguada. L. (2010). Standarization of Adverse Event Terminology and Reporting in Orthopaedic Physical Therapy: Application to the Cervical Spine. Journal of Orthopaedic Sports Physical Therapy, 40, 455-463.

  • Carnes, D., Mulllinger, B., Underwood, M. (2010a). Defining adverse events in manual therapies: A modified delphi consensus study. Manual therapy 15:2-6.

  • Carnes, B., Mars, T., Mullinger, B., Froud, R. & Underwood. M. (2010b). Adverse events and manual therapy: A sistematic review. Manual Therapy, 15: 355–363.

  • Cañas-Purche, E., Dios-Luna, J. (2006). Reacciones adversas a medicamentos: una revisión actualizada del problema en España. Revista Clínica Española. 206: 336-339.

  • Edwards, R & Aronson, J. (2000). Adverse drug reactions: definitions, diagnosis, and management. The Lancet, 356, 1255-1259.

  • Evans, D.W., Breen, A.C. (2006). A biomechanical model for mechanically efficient cavitation production during spinal manipulation: pre thrust position and the neutral zone. Journal of Manipulative & Physiological Therapeutics 29 (1):72–82.

  • Flórez, J., Armijo-Simón J.A., Mediavilla-Martínez A. (2012). Farmacología humana. Barcelona (España), Elsevier.

  • Malone, D., Baldwin, N., Tomecek, F., Boxell, C., Gaede, S., Covington, C., et al. (2002). Complications of cervical spine manipulation therapy: 5 year retrospective study in a single group practice. Neurology Focus;13(6).

  • Pineda, J., Mendiguren, A. (2012). Farmakologia aplikatua: Oinarri teorikoak medikamentuak zentzuz erabiltzeko. Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoretzen ikasmaterialgintza (ISBN: 978-84 9860-765.9). www.testubiltegia.ehu.es.

  • Rang, H.P., Dale, M.M., Ritter, J.M., Flower, R.J., Henderson, G. Farmacología. 7a ed. Elsevier, 2012.

  • Real decreto 1344/2007, BOE 262. 44631-44640 or.

  • A

    • b

    • c