engranaje-tren

1. Teknol. Mek.

Hiru engranaje edo gehiagoz osatutako mekanismoa, halako moldez non engranaje horietako baten atal eragina hurrengo atalaren eragilea baita. Behar den transmisio-erlazioa bi gurpil horzdunez bakarrik lortzea ezinezkoa denean, sarrerako eta irteerako ardatzak bata bestetik aski urrun daudenean edo transmisio-erlazio aldagarriko mekanismo bat behar denean erabiltzen dira. Bi sail handitan banatzen dira engranaje-trenak: 1- ohikoak (trenaren bi muturretako gurpilak higidura-transmisioa gauzatzen duten bi ardatzetan biratzen dira, eta trena osatzen duten gurpil-ardatz guztiak -muturrekoak nahiz tartekoak- euskarri berean bermatuta daude); 2- epizikloidalak (trenaren gurpiletako bat edo batzuk finkoa ez den ardatz baten inguruan biratzen dira; hau da, gurpil finko edo birakari baten inguruan biratzen den gurpil bat edo gehiago daude: engranaje planetarioa). Abiadura-kaxak engranaje-trenak dira.