ur-arazketa

1. Biol./Ekol.
sin. uraren arazketa

Urak kontsumorako edo kontsumitu ondoren ingurunera itzultzeko behar dituen ezaugarriak bermatzeko eragiketa fisiko, kimiko edo biologikoen multzoa.

Bilbo Handiko Uren Partzuergoak Arrigorriagan duen Venta Altako araztegiaren eskema. Araztegitik irteten den ura hornidura-sarera bideratzen da, kontsumora
Bilbo Handiko Uren Partzuergoak Arrigorriagan duen Venta Altako araztegiaren eskema. Araztegitik irteten den ura hornidura-sarera bideratzen da, kontsumora

1. Biol./Ekol.
Urak kontsumorako edo kontsumitu ondoren ingurunera itzultzeko behar dituen ezaugarriak bermatzeko eragiketa fisiko, kimiko edo biologikoen multzoa.

Uraren arazketa Edit

Egilea: Maider Etxaide

URAREN ARAZKETA

Edateko uren arazketa

Edateko uraren arazketa ura biltzeko gunetik herrirako tartean kokatuta egoten den araztegian egiten da. Uraren jatorrizko ezaugarri kimikoen arabera prozesuak aldaketak jasaten dituen arren, oro har, urrats hauek izaten ditu edateko uraren arazketa-prozesuak: ura araztegira iritsi bezain laster, urarekin batera datozen solidoak bereizi egiten dira; ondoren, ozonoa erabiltzen da: ozonizazio-ganberan zehar igarotzen da ura, eta urarekin batera dauden metalak oxidatu egiten dira. Segidan, nahasketa-ganberara igarotzen dira urak. Bertan bildutako uretara gatzatzailea eta sodio hidroxidoa botatzen da uretan dauden koloideen ezegonkortasuna handitu eta hurrengo urratseko jaulkitze-prozesua hobea izateko. Ondoren, malutatzaileak gehitzen zaizkio urari dekantazio-tangan solido txikiak era egokian hondora daitezen; dekantazio-tangaren goialdetik irtengo den urak, oraindik ere, solido batzuk izango ditu, nahiz eta kantitate txikian; beraz, oso tamaina txikiko hondar-alez osatutako iragazkitik pasarazten da ura. Bertatik ateratzen den ura garbia izan arren, mikroorganismoak izan ditzake, eta legeak desinfekzio-prozesu bat egin beharra xedatzen du: horretarako, kloroa eta fluorra erabiltzen dira (fluorra haurren hortzetako txantxarra galaraztearren). Desinfektatzeko metodorik erabiliena klorazioa da, merkea eta erabiltzen erraza delako. Hala ere, metodo gehiago ere badaude, hala nola ozonizazioa edo erradiazio ultramoreak erabiltzea, baina, eraginkorragoak izan arren, garestiagoak dira. Azkenik, uraren pH-a egokitu beharra badago, soda erabiliko da.

Ura araztuta dagoenean, bildu egiten da banatu aurretik. Laginak hartzen dira, eta, kalitatearen arabera, aurreko prozesuan aldaketa batzuk egin daitezke; uraren kalitatea aproposa bada, ur hori iturrietara banatuko da; iturrietan ere, kontrol gisa, laginak hartzen dira.

grafikoak1

Bilbo Handiko Uren Partzuergoak Arrigorriagan duen Venta Altako araztegiaren eskema. Araztegitik irteten den ura hornidura-sarera bideratzen da, kontsumora

Hondakin-uren arazketa

Behin ura etxean, industrian edo bestelako jardueretan erabili ondoren, eta ibai eta itsasora itzuli aurretik, natura-ingurunean kalterik ez sortzeko moduan utzi behar da, eta, horretarako, araztu egiten da. Industria-uren tratamenduak askotarikoak dira, eta kutsadura-motaren araberakoak; besteak beste, hauspeatzea, neutralizazioa, oxidazio kimikoa eta biologikoa, erredukzioa, filtrazioa eta osmosia dira ezagunenak. Hiri-urak, berriz, ur zikinen araztegi deituriko instalazioetan tratatzen dira, eta elkarren segidako ondoko lehen, bigarren eta, batzuetan, hirugarren tratamendua ere egiten zaie. Lehenak hondakin-uren gai solido gehienak bereizten ditu, eta bi atalez osaturik dago: aurretratamendua eta lehen tratamendu nagusia bera. Aurretratamenduan, urari tamaina handiko gai flotatzaileak eta dentsitate handiko ezpurutasunak, harea, koipeak edo harriak kasu, kentzen zaizkio. Urrats horretan, metodo mekanikoak erabiltzen dira, hala nola burdin sareak eta baheak. Harea kentzeko, ura ubide batetik geldiro igaroarazten da, harea jalki eta hondoan meta dadin. Bestalde, gai koipetsuak kentzeko, ura tangetan gordetzen da denbora batez; koipeak ur gainean geratzeko joera duenez, uretatik berez bereizten dira. Lehen tratamendu nagusiaren xedea, berriz, solido esekiak eta aurretratamenduan kendu ez diren materialak bereiztea da. Ura tanga zirkular handietan biltzen da, eta zenbait prozesu gauzatzen dira, esaterako, dekantazioa, flokulazioa, iragazketa edo neutralizazioa. Dekantazioan, ura baino dentsoago diren partikulak hondoratu egiten dira. Ondoren, tangek dituzten zenbait arraste-mekanismoren bidez kanporatzen dira jalkinak. Flokulazioan, urari zenbait substantzia berezi eransten zaizkio, solido esekiak elkarri atxiki, malutak osatu eta errazago jalki daitezen. Partikula solidoak bereizteko erabiltzen den beste prozedura bat iragaztea da: urak partikula solidoak atxikitzen dituen zenbait iragazki zeharkatzen ditu. Neutralizazio-prozesuek, berriz, uraren pH-a doitzeko balio dute. Ez dira araztegi guztietan egiten.

Bigarren tratamenduak materia organiko biodegradagarria deskonposatzen den prozesu biologikoak biltzen ditu. Hainbat prozedura daude (lohi aktibatuak, bakterio-iragazkiak, istil aireztatuak, egonkortze-urmaelak), eta funts bera dute: urak berez dituen mikroorganismoek edo kanpotik erantsi zaizkionek materia organiko disolbatua digeritzen dute modu aerobioan. Ondorioz, mikroorganismo-masa (hots, lohi aktibatua) handitu egiten da, eta beroa, karbono monoxidoa eta ura ekoizten dira. Prozesua azkartzeko, ura erreaktoreetan gordetzen da, eta, irabiagailuen bidez, oxigenoarekin nahasten da etengabe. Ondoren, ura bigarren dekantazio-tangara eramaten da, mikroorganismoak hondora jalki daitezen. Lohi aktibatuen parte bat erreaktorera itzultzen da, prozesuak etenik izan ez dezan. Prozedura behar bezala egin dadin, biltegietako oxigeno-kontzentrazioa, tenperatura, pH-a eta sortzen diren substantzia toxikoak kontrolpean eduki behar dira. Araztegiek ekoizten dituzten lohi aktibatuek tratamendu desberdina dute tokiaren arabera: zabortegietan metatzea, erraustegietan erretzea, biogasa ekoiztea edota nekazaritzan erabiltzeko konposta egitea.

Arazketaren hirugarren tratamenduaren helburua da uretan geratu diren konposatu organikoak eta disolbaturiko gatzak kentzea. Urrats horretako eragiketak adsortzioa, ioi-trukea, alderantzizko osmosia eta hauspeatze kimikoa dira, nagusiki. Prozedura garestiak direnez, oso araztegi gutxitan erabiltzen dira. Azken urrats horren osagarri gisa, ura desinfektatzeko metodoak erabiltzen dira batzuetan, klorazio edo ozonizazioa bereziki.

grafikoak2

Hondakin-uren arazketaren oinarrizko urratsak