ingurune sedimentario
- 1. Geol.
Prozesu sedimentario bereizgarrien eraginpean egonik, inguruko eskualdeetatik bereiz daitekeen Lurraren gainazaleko zatia.
1. Geol.
- 1. Geol.
- Prozesu sedimentario bereizgarrien eraginpean egonik, inguruko eskualdeetatik bereiz daitekeen Lurraren gainazaleko zatia.
Ingurune sedimentarioa Edit
Egilea: Aitor Payros
Sedimentuei eragiten dieten prozesu fisiko, kimiko eta biologikoei prozesu sedimentario deritze. Eragin hori sedimentuen higaduran, garraioan edo metaketan gauzatzen da, adibidez, euriak arrokak desegin ditzake eta partikula sedimentario txikiak erauzi; ur-korronteek partikula horiek garraia ditzakete eta, azkenik, korrontea zabalgune batera iristen bada, bere energia murriztu egin daiteke, eta partikula sedimentarioak metatu egingo dira. Gainera, dagoeneko metatuta dauden sedimentuek ingurunean eragiten jarraitzen duten prozesuen araberako eraldaketa goiztiarrak, hots, sedimentua trinkotu baino lehenagoak, jasan ditzakete, hala nola sedimentuaren gainazalean edota barnean bizi diren izaki ornogabeek eragindako bioturbazioa edo urpean metatutako buztina agerian geratu eta lehortu egiten bada eratu ohi diren arrakala poligonalak. Pairatutako prozesu horien guztien arabera, sedimentuek ezaugarri (konposizioa, ehundura eta egitura) bereizgarriak izaten dituzte, bere izaeraren eta historiaren berri ematen dutenak. Ezaugarri bereizgarriak dituen sedimentuari fazie deritzo. Ingurune sedimentario jakin bateko baldintzak eta bertan eragiten duten prozesuak aldakorrak izan daitezke: batzuetan, sedimentuen metaketa nagusitu daiteke, baina, beste batzuetan, metatutako sedimentuen eraldaketa edo higadura gerta daiteke. Beraz, ingurune sedimentario jakin batean fazie desberdinak era daitezkeenez une desberdinetan, ingurune sedimentarioaren bereizgarri zehatzena fazie desberdinen elkarketa da.
Sedimentuak pilatzen dituzten ingurune sedimentarioak lau talde nagusitan banatzen dira: kontinentalak (basamortuak, ibaiak, aintzirak, glaziarrak eta kono alubialak), kostakoak (labar harritsuak, deltak, estuarioak, marea-ordokiak, hondartzak eta hesi-uharteak), sakonera txikiko itsasokoak (zenbait motatako plataformak eta arrapalak) eta sakonera handiko itsasokoak (itsaspeko konoak, ezponda-mantalak, ingerada-korronteen eraginpeko inguruneak eta ordoki abisalak). Ingurune sedimentarioak elkarren artean erlazionatuta egoten dira: glaziarra ibai bihurtzen da, eta ibaia kostara iristen da; beraz, glaziarrean eragiten duten prozesuek ondorioak dituzte glaziarreko sedimentuen gain, baina baita ibaira eta kostara iristen diren sedimentuen gain ere eta, azken batean, itsasoan metatzen direnen gain. Bestalde, ingurune sedimentario jakin baten barnean, hainbat mota aurkitu daitezke, kasu bakoitzean gertatzen diren prozesuen eta metatzen diren sedimentuen arabera (esate baterako, ibai meandriformeak eta txirikordatuak edo basamortu hareatsuak eta harritsuak edo koral-arrezifeak dauzkaten eta ez dauzkaten sakonera txikiko itsasoak), eta baita zenbait motatako azpiinguruneak ere (ibai bateko ubidea eta uholde-ordokia edo aintzira baten ertza edo erdialdea); horietako bakoitzak ere prozesu sedimentario eta fazie-elkarketa bereizgarriak izan ditu.
Ingurune sedimentario gehienek egonkor samar diruditen arren, gizakiaren denbora-ikuspegitik, oso aldakorrak dira denbora-eskala geologikoan. Honela, gaur egungo kostaldean ikusten ditugun itsasadarrak ibai ziren duela 20.000 urte inguru; areago, gaur egun Ebro ibaiaren arroa den eskualdea milaka kilometro karratuko ur gaziko aintzirek estaltzen zuten duela 25 bat milioi urte. Beraz, une jakin batean tokiz toki ingurune sedimentarioak aldatzen diren bezalaxe, toki jakin bateko ingurune sedimentarioa aldatu egiten da denboran zehar. Ingurune sedimentarioen denboran zeharreko aldaketen erantzule kanpo-eragileak izan daitezke (esate baterako, mundu osoko itsas maila igotzea eta ibai-haranak betetzea), baina baita ingurune sedimentario bakoitzaren berezko eboluzioa ere (adibidez, aintzira bat dagoen eskualdea sedimentuz betetzea eta agerian geratzea).
Sedimentuak eta ingurune sedimentarioak aztertzen dituen geologiaren atalari sedimentologia deritzo. Gaur egungo ingurune sedimentarioetan eragiten duten prozesuak ezagutzeak eta bertako sedimentuekin gertatzen dena ulertzeak garrantzia du ingurumen-kudeaketaren aldetik, adibidez, eskualde batek uholdeak jasateko duen arriskua edo hondartza bateko harea desagertzeko dagoen aukera jakiteko. Bestalde, denboraren poderioz sedimentuak trinkotutakoan, arroka sedimentario bihurtzen dira, baina jatorrizko ezaugarri sedimentarioak gordetzen dituzte. Sedimentologian, arroka sedimentarioak ere aztertzen dira jatorrizko ezaugarrien arabera, antzina (duela milioika urte), eratu zirenean eragin zizkieten prozesuak ezagutzeko eta zein ingurune sedimentariotan metatu ziren jakiteko. Izan ere, ingurune sedimentario batzuetan metatutako sedimentuek baliabide natural interesgarriak izan ditzakete, hidrokarburoak, esaterako.
Ingurune sedimentario nagusien sailkapen eta banaketa. Argazkiek adibide zehatzak erakusten dituzte: (A) Urdaibaiko estuarioa. Barnealdean metatzen diren sedimentuek ibaiaren eta marea-korronteen eragina jasotzen dute batik bat; kanpoaldekoak, ordea, olatuen eraginpean metatutakoak dira. Argazki txikian, olatuek hareatan sorrarazitako rippleak. (B) Duela 35 milioi urte inguru, kosta Iruñerrian zegoenean, olatuen eraginpean metatutako hareharri rippleduna (Undianoko harrobia, Nafarroa). (C) Ingurune sedimentario bateko ohiko eremuak. (D) Egungo ibai legartsua. Uholdeetan, urak gainezka egiten du eta ubidearen alboetako legarrezko sedimentuen gain eragiten du. Argazki txikian, ezkerreranzko ur-korronteek teilakatutako legarra. (E) Duela 250 milioi urte inguru ibai baten ubidean metatutako legarrez osatutako konglomeratua. Arrokaren kolore gorrixkak adierazten du sedimentua agerian geratu eta oxidatu egin zela. Horrelako arrokak ugari dira bereziki Nafarroaren iparraldean, Gipuzkoaren ipar-ekialdean eta Behe Nafarroaren eta Zuberoaren hegoaldean