politraumatismo

1. Med.

Traumatismo baten ondorioz gorputzeko bi sistema edo gehiago kaltetuak dituen gaixoaren egoera, haren bizia arriskuan jartzen duena.

1. Med.
Traumatismo baten ondorioz gorputzeko bi sistema edo gehiago kaltetuak dituen gaixoaren egoera, haren bizia arriskuan jartzen duena.

Politraumatismoa Edit

Egilea: Felix Zubia

POLITRAUMATISMOA

Gure inguruan, politraumatismoa heriotza-eragile nagusia da berrogei urte bitarteko pertsonetan; oro har, minbiziak eta gaixotasun kardiobaskularrek bakarrik eragiten dituzte heriotza gehiago. Galdu diren balizko bizitza-urte kopuruari dagokionez, hau da, garaia baino lehen hil den pertsona bat biziko zatekeen urte-kopuruari dagokionez, politraumatismoa da heriotza-arrazoi nagusia. Ezgaitasunaren eragile nagusia ere bada, eta osasun-gastuaren zati handi bat baliatzen da gaixo politraumatizatuak tratatzeko. Datu guzti horiek kontuan hartuz, bistan da osasun publikoko arazo nagusietako bat dela, eta epidemia oso larria, gure gizartean. Gizonezkoei eragiten die bereziki politraumatismoak; izan ere, politraumatizatuen % 75 gizonezkoak dira.

Sorburu nagusiak zirkulazio- eta lan-istripuak izaten dira; hortaz, istripu horiek gutxitu beharko lirateke, gaixo politraumatizatuen kopurua txikitzeko.

Lesioak eta sailkapena

Kalteturiko organoak kontuan hartuz, gaixo politraumatizatuaren lesioak honela sailka ditzakegu:

  • Burua. Traumatismo kranioentzefalikoa. Heriotza gehien eragiten dituzten lesioak burua kaltetzen dutenak dira, bai eta ondorio eta ezgaitasun gehien eragiten dituztenak ere, garunak jasandako lesio sendaezinak direla eta.

  • Bularraldea. Traumatismo torazikoa. Bularraldean birikak eta bihotza daudenez, lesio oso larriak izan ditzakete gaixoek.

  • Sabelaldea. Sabelaldean, organo solidoen lesioak gertatzen dira, gibelaren, barearen eta giltzurrunen lesioak, bereziki. Lesio horien arrisku nagusiak odol-jarioa eta shock hipobolemikoa dira. Pelbiseko traumatismoek odol-jarioa izateko arrisku handia dute, haustura larriren bat gertatu bada.

  • Gorputz-adarrak. Hezur handien hausturak lesio baskularrak eragiten dituzte, eta, beraz, arrisku handiagoa dago odol-jarioa eta shocka izateko. Ondorioei dagokienez, berriz, ez dira lesio oso larriak izaten, baina ezgaitasuna ekar dezakete.

Tratamendua

Gaixo politraumatizatuen tratamendua ulertzeko, heriotza noiz gertatu den jakin behar dugu lehenik eta behin. Horrela, traumatismoaren ondoriozko heriotzak hiru taldetan banatzen dira.

Heriotzen % 15 lehen minutuetan gertatzen da, entzefaloari eta zirkulazio-aparatuari eragiten dieten lesio oso larri eta ia sendaezinen ondorioz. Lesio horiek tratatzeko, oso aukera gutxi daude, eta prebentzioa da heriotza-kausa horiei aurka egiteko modu bakarra.

Bigarren taldea lehen orduetan gertatzen diren heriotzek osatzen dute; heriotza-kopuru totalaren % 50 dira. Lesio hauek sendagarriak dira, baina epe oso laburrean. Hori dela eta, gaixo politraumatizatua artatzeko “urrezko ordua” daukagula esan ohi da, eta tratamendu azkarra, antolatua eta egokia eskatzen du, beherago ikusiko dugunez.

Azken taldea heriotza berankorrek osatzen dute, infekzioen ondoriozkoek bereziki. Heriotza guztien % 35 dira. Hala ere, lehen orduetan gertatzen diren lesioak dira heriotza hauen kausa, eta ezinbestekoa da lesioak egoki tratatzea infekzioak eragozteko.

Horrenbestez, gaixo politraumatizatuari artapen antolatua, egituratua eta azkarra egin behar zaio, kalteak lehenbailehen topatu eta tratatzeko. Horretarako, American College of Surgeons Estatu Batuetako zirujauen elkarteak sortu zuen sistematika erabiltzen da, ingelesez ABCDE sistema deritzona, alegia. Horren oinarri da lehenik eta behin lesiorik larrienak tratatzea, era egituratuan, pausoz pauso, kalteak bilatuz eta tratatuz. Ikus dezagun antolamendua:

  • Arnasbidea (A, ingelesezko airway hitzetik). Lehenik, arnasbideari eragiten dioten lesioak bilatzen dira, eta aurkituz gero, berehala konpondu behar dira.

  • Arnasketa (B, ingelesezko breathing hitzetik). Bigarren urratsean, gaixoaren arnas egoera aztertzen da, eta arnas gutxiegitasunik izanez gero, erremediatzen saiatu.

  • Zirkulazioa (C, ingelesezko circulation hitzetik). Zirkulazio-arazorik baden ala ez begiratzen da, hau da, shock-egoerarik baden ala ez, eta tratamendua egin.   

  • Kalte neurologikoa (D, ingelesezko neuronal damage hitzetatik). Entzefaloak eta bizkarrezur-muinak jasandako lesioak aztertu eta tratatzen dira.

  • Lesioen ikuskapena (E, ingelesezko expossure hitzetik). Azken urratsean, gorputzaren zatikako azterketa egiten da, aurrez topatu gabeko lesioen bila.  

Teknologien aurrerapenek aukera berriak eskaintzen dituzten arren, tratamendurako sistema horrek bere horretan segitzen du oraindik ere.

Baina tratamenduaz gain, aurreikuspenean eta prebentzioan dago gakoa. Hori jakinik, herrialde askotan sistema traumatologikoak antolatu dituzte, eta gaixo politraumatizatuen artatze-prozesuan parte hartzen duten eragileek osatzen dute: zirkulazio-arduradunek, segurtasun-sailek, osasun-arduradunek, auto-fabrikatzaileek eta abarrek. Sistema horien helburua da politraumatismoen azterketa orokorra egitea eta horiei aurre egiteko neurri egokiak hartzea.