azalpen zientifiko

1. Orok.
sin. esplikazio zientifiko

Zerbait (explananduma) den bezalakoa izatea edo gertatzen den bezala gertatzea ulertarazten duen proposizioa (explanansa). Esplikazioa ikerkuntzaren eta teoria zientifikoen egitekoetako bat da, eta deskribapen eta aurresate hutsetatik bereizi beharrekoa. Fenomeno baten inguruko datu enpirikoen bilduma handi batek ez du fenomeno bat zertan den edo zergatik gertatzen den esplikatzen; lege enpiriko batek fenomenoak edo magnitudeen balioak aurresateko aukera ematen du, baina ez digu, besterik gabe, fenomenoa eragiten duten kausak edo mekanismoak zein diren esaten. Sarritan, esplikazioak bilatzeko hipotesi gisa planteatzen dira, eta esperimentu bidez egiaztatu behar dira. Esplikazio zientifikoaren izaera zientziaren filosofiako aztergai eta eztabaidagai garrantzitsua da gaur egun.