aurresateko ahalmen
- 1. Orok.
Teoria zientifiko batek iragarpen edo aurresan egiaztagarriak sortzeko duen ahalmena. Iragarpenak egiaztatzeko aukerarik ez badago, teoria baliozkoa den ala ez argitzerik ez dago, ezinezkoa baita ez teoria indartzen duen ez hura faltsutzen duen esperimenturik egitea. Beraz, teoria bat zientifikotzat joa izateko, aurresateko ahalmena izan behar du, hau da 'faltsugarria' izan behar du. Zenbait kasutan, teoriaren iragarpenak egiaztatzeko behar den teknologia ez da garatu, eta teoria horien izaera eztabaidagai da. Unean ezezagunak diren gertakariak iragar daitezke, edo gertakari jakin batzuei buruzko datuak. Gertakariok ez dute zertan etorkizunekoak izan, iraganekoak ere izan daitezke. Esaterako, erlatibitate bereziaren arabera, Merkurioaren orbitak unean hauteman ez zen desbideratzea agertu behar zuen, eta teoriak horren neurria ere iragarri zuen; gero, desbideratze hori egiazkoa zela eta bere balioa teoriak aurreikusitakotik oso gertu zegoela frogatu zen enpirikoki.