Maxwellen deabrua

1. Fis.

James Clerk Maxwellek termodinamikaren bigarren legea urra litekeen eztabaidatzeko proposatu zuen esperimentu mental bati eman ohi zaion izendapena. Ontzi itxi bat bi ataletan banatuta dago, eta bietan batez besteko tenperatura bereko gas-molekulak daude. Deabrua alegiazko izaki bat da, ontziaren atalak bereizten dituen hormaren zuloaren ondoan dago, eta delako zuloa ireki edo itxi dezake nahierara, lanik egin gabe. Gai da batez bestekoa baino abiadura handiagoa eta txikiagoa duten molekulak bereizteko (kontuan izan gasaren molekula guztiek ez dutela abiadura bera), eta, atal bateko molekula laster bat hautematen duenean, beste atalera iragaten uzten dio (beti noranzko berean). Horretara, entropia gutxituz joango litzateke, molekula lasterren eta motelen arteko bereizketa, eta, beraz, tenperatura-gradientea lanik egin gabe gertatuko bailitzateke.