Kopenhageko interpretazioa

1. Fis.

Mekanika kuantikoaren interpretazioetako bat, batez ere Niels Bohrrek eta Werner Heisenbergek garatu eta defendatua. Mekanika kuantikoaren interpretazioen helburua da argitzea teoriak zer dakarkion eta zertan eragiten dion dugun natura-ikusmoldeari. Kopenhageko interpretazioa ez da erabat homogeneoa eta ikuspegi bakarrekoa, baina ideia zentrala da uhin-funtzioak sistema kuantiko baten deskribapen osoa egiten duela, eta behatzaileak sistemaz jakin dezakeena biltzen duela, baina ez duela izaera 'errealik'. Gainezarritako zenbait egoera kuantikori dagokio. Behaketa egiten denean, uhin-funtzioa 'kolapsatu' egiten da, eta sistemak egoera kuantiko horietako bati dagokion konfigurazioa hartzen du, behaketaren emaitzaren balioa dena, alegia. Kolapso hori, gainera, probabilistikoa da. Beraz, interpretazio honetan ez dute zentzurik 'zein egoeratan zegoen sistema behaketa egin aurretik?' modu galderek. Badirudi, beraz, errealtasuna neurketekin soilik azaleratzen dela eta, interpretazioaren ikuspegi erradikal baten arabera, errealitatea behaketarekin batera sortzen dela esan liteke. Ondorio horrek zenbait kritika jaso ditu interpretazio errealistago baten aldekoengandik. Bestetik, Kopenhageko interpretazioaren ezaugarri garrantzitsu bat da behaketa-sistema sistema 'klasikoa' dela, ez kuantikoa, eta bereizketa horretan kokatu izan dute batzuek interpretazio ortodoxoaren desegokitasuna.