nano marroi

1. Astron.

Bere barnean fusio-erreakzioak mantentzeko adinako masa (~0,08 ME edo ~83 MJ) ez duen azpiizarren saileko objektu-mota. Eratze-prozesuan uzkurtze grabitatorioari esker eta bere bizitzaren hasierako aldi labur batean egiten duen deuterio-fusioari esker bildutako energia dela-eta, erradiazio elektromagnetikoa erradiatzen du. Dena den, gainazaleko tenperatura maximoek nekez gainditzen dute 2.000 K-eko maila; beraz, oso distira ahulekoak dira, eta batez ere infragorrian behatzen dira.

Gliese 229B nano marroia

Nano marroia Edit

Egilea: Itziar Aretxaga, Iñigo Arregi, Jesus Arregi

NANO MARROIA

Nano marroiak izar izatera heldu ez diren objektuak edo azpiizarrak dira (failed stars edo "huts egindako izarrak") eta izar eta planeten artekotzat jo ohi dira. Izarretatik bereizten dien masaren goi-maila nahiko ondo finkatuta badago ere, planetetatik bereizteko irizpideak ez dira, oraingoz behintzat, erabat zehatz eta argiak. Bi irizpide nagusi aipatu ohi dira adituen artean.

  • Masaren irizpidea. Oro har, nano marroiek Jupiterren moduko gas-planeta erraldoiek baino masa handiagoa izaten dute. Eskuarki 13 MJ-ko muga aipatu ohi da. Masa hori litzateke, teorian, gorago aipatu den deuterio-fusioa egiteko behar lukeen masa minimoa. Aipagarria da planeta erraldoi gehienek 5 MJ baino masa txikiagoa dutela, eta 15-60 MJ tartean bateko zein besteko hautagaiak gutxitu egiten direla ("nano marroien basamortua" esan ohi zaio tarte horri). Gainera, behaketa-irizpideak zailak dira finkatzen, espektroak ez direlako behar bezain bereizgarriak. Horren guztiaren ondorioz, ikertzaile askok aitortzen dute 10-20 MJ-ko tartean sailkatzen oso zailak diren objektuak daudela.

  • Erabidearen irizpidea. Nano marroiak izarrarteko hodei protoestelar batetik eratuak lirateke, masa gutxiko izarren antzera; planeta erraldoiak, berriz, objektu masiboago baten, esaterako izar baten, inguruko diskoan eratzen dira (planeta-sistema bateko kideak lirateke beraz). Zein irizpide erabiltzen den, objektu jakin bat nano marroitzat edo planetatzat (planeta erraldoitzat) joa izan daiteke literaturan. Hala, zenbait katalogotan planeta erraldoitzat jotzen diren objektu batzuek beste iturri batzuek nano marroitzat jotzen dituzten objektuek baino masa handiagoa izan dezakete.

Nano marroiak objektu hipotetikoak ziren, harik eta 1995ean Gliese 229B aurkitu zen arte eta 1996an Teide 1 nano marroia egiaztatu zen arte. Materia iluna esplikatzeko aukeren artean aipatu izan dira.

grafikoak1

Gliese 229B nano marroia (iturria: NASA)