printzipio antropiko

1. Astron.

Edozein teoria kosmologikok biziaren eta gizakiaren existentziarekin bat etorri behar duela, hots, unibertsoaren propietateak biziaren existentziarekin lotuta daudela esaten duen printzipioa. Printzipioaren bertsio ezberdinak daude eta nahiko eztabaidatua da.

1. Astron.
Edozein teoria kosmologikok biziaren eta gizakiaren existentziarekin bat etorri behar duela, hots, unibertsoaren propietateak biziaren existentziarekin lotuta daudela esaten duen printzipioa. Printzipioaren bertsio ezberdinak daude eta nahiko eztabaidatua da.

Printzipio antropikoa Edit

Egilea: Mikel Susperregi

PRINTZIPIO ANTROPIKOA

Kosmologian erabiltzen den kontzeptua da printzipio antropikoa, eta ez du definizio argirik, ezta bakarra ere. Printzipioa baino, arrazoibidea da, eta behaketa fisikoak egiten ditugunean munduan ipintzen dugun hautatze-efektua. Ideia nagusia hau da: fisikaren legeak eta horien osagaiak (naturaren konstante fisikoak, adibidez) baldintzatuak daude, gu gizakiok hemen gaudelako behaketak egiten. Ondorioz, hautatze-efektu antropiko horren arabera, teoria fisikoek eta behaketa eta neurketa guztiek derrigor izan behar dute gizakiaren izatea edo existentzia ahalbidetzeko modukoak. Itxuraz, ikuspuntu antropozentrikoa da, baina sakonean tautologia bat da printzipio antropikoa: behatzaile fisikoa eta teoria fisikoen sortzaile gizakia denez, lege fisikoek eta unibertsoak bateragarriak izan behar dute gizakiaren existentziarekin.

Historikoki filosofoek sarritan erabili dute pentsaera antropikoa. Immanuel Kant filosofo alemaniarrak gizakien gaitasunean oinarritu zuen ezagutzaren filosofia. Gizakien ahalmen intelektuala da a priori kontzeptuen munduaren sortzailea, eta ikusmen-organo mugatu horren bidez ulertzen dugu inguratzen gaituen mundua. Mundu fisikoa ere, a posteriori esperimentuen mundua, gure zentzumenen gaitasunak mugatu eta baldintzatzen du. Gizakien muga intelektual eta fisikoetatik haratago ez dago ezagutzarik.

Fisikan, XX. mendean egin zuen printzipio antropikoak lehen agerraldia. 1961ean, R.H. Dicke kosmologo amerikarrak azaldu zuen naturaren konstante batzuen balioak ez direla kointzidentziak, ordura arte Dirac eta Eddington fisikari britainiarrek uste izan zuten bezala; hautatze antropikoaren arabera, konstante fisikoek dituzten balioak izan behar dituzte, gizakiak bizi ahal izateko. Beraz, konstante fisiko horien balioek ez dute esanahi edo arrazoi berezirik: bestelakoak balira, gizakiok ez ginateke biziko eta ez genuke horrelakorik ezagutuko. 1974an, Brandor Carter kosmologo amerikarrak izendatu zuen printzipio antropiko ordura arte aipatutako kontzeptua, eta izen horixe onartu da orduz geroztik.

Printzipio antropikoaren arabera, uler dezakegu probabilitate txikiko gertakizunak ez direla bereziak. Adibidez, planeta batean bizia izateko probabilitatea oso txikia da, eta bizi hori adimenduna izateko probabilitatea, infinitesimala. Horrenbestez, gure existentziak frogatzen du horrelako probabilitate txikiko gertakizun batean bizi garela.

Azken hamarkadan, kosmologian, printzipio antropikoaren hogeita hamar bertsio baino gehiago eztabaidatu dira zientzia-argitalpenetan, eta nahasmen eta eztabaida handia sortu da. Kritikoek diote gehienak tautologiak direla eta ezagutzaren mugatzaileak direla zabaltzaileak baino. Argi dago printzipio antropikoari buruzko interesa berpiztu dela azken urteetan. Unibertso osoari buruzko teoriek behaketa mugatuak dituztenez eta beha daiteken unibertsoaren mugatik haratago zer dagoen ezin jakin daitekeenez, kosmologoek eskura dituzten tresna teoriko guztiak erabili nahi dituzte, printzipio antropikoa barne.