energia aktiboaren kontagailu

1. Teknol. Elektr.
sin. wattordugailu, energia-kontagailu

Denbora-tarte jakin batean instalazio elektriko batean kontsumitutako energia aktiboa neurtu eta watt-ordutan edo unitate horren multiplotan (kilowatt-ordutan, adibidez) adierazten duen neurgailua. Enpresa energia-banatzaileek harpidedun bakoitzaren instalazio elektrikoaren sarreran horrelako neurgailu bat ezarri ohi dute.
Energia-neurgailuek etengabe neurtzen dituzte tentsioa eta intentsitatea potentzia elektrikoa kalkulatzeko, eta denborarekiko integratzen dute energia kalkulatzeko. Bi motatakoak izan daitezke, elektromekanikoak edo elektronikoak. Elektromekanikoek bobinak erabiltzen dituzte, disko batean korronte parasitoak sortzeko. Diskoa, eremu magnetiko baten eraginpean jarrita, biratu egiten da, eta berekin mugiarazten ditu kontagailuaren gurpilak. Neurgailu elektronikoek bihurgailu analogiko-digitalak erabiltzen dituzte.