motor sinkrono

1. Teknol. Elektr.

Korronte alternoko motor elektriko mota, biratze-abiadura korronte elikatzailearen maiztasunarekiko proportzionala duena, hau da, korrontearen maiztasunaren eta abiadura angeluarraren artean erlazio konstantea duena (sinkronismoa).

1. Teknol. Elektr.
Korronte alternoko motor elektriko mota, biratze-abiadura korronte elikatzailearen maiztasunarekiko proportzionala duena, hau da, korrontearen maiztasunaren eta abiadura angeluarraren artean erlazio konstantea duena (sinkronismoa).

Motor sinkronoa Edit

Egilea: Elhuyar

MOTOR SINKRONOA

Estatorearen hariletik dabilen korronte alternoak eremu magnetiko birakaria sorrarazten du. Alde horretatik, motor sinkronoaren estatorea motor asinkronoarena bezalakoa da. Errotorean estatorean adina polo magnetiko daude, kanpotik korronte zuzenez elikatzen diren harilek sortuak. Kanpotik eraginda errotorearen sinkronismo-abiaduran birarazten denean, estatoreko poloen eta errotoreko poloen artean lotura magnetikoa sortuko da (adibidez, estatoreko ipar polo bat eta errotoreko hego polo bat aurrez aurre suertatzen direnean, erakarpen magnetikoaren ondorioz, bi poloen arteko lotura magnetikoa gertatuko da, eta bi poloek elkarrekin biratzen jarraituko dute), eta motorrak kanpoko laguntzarik gabe biratzen segituko du. Horrela sortzen da momentua ardatzean. Korrontearen maiztasuna egonkorra bada, makinak denbora-unitateko bira-kopuru bera betetzen du beti.

Errotorea, beraz, estatoreko eremu magnetiko birakariaren maiztasun berarekin biratzen da; horregatik esaten zaio sinkronoa.

Motor sinkronoek potentzia-faktore eta errendimendu ona dute, baina ez dira gai berez abiarazteko. Abiadura finkoa behar denean erabiltzen dira, ezin baitira sinkronismo-abiaduratik irten. Sistema elektronikei esker, gaur egun ez da zaila korronte alternoaren maiztasuna aldatzea; hala, nahi den abiadura finkoa lor daiteke. Hori dela eta, lehen korronte zuzeneko motorrak erabiltzen ziren toki askotan, motor sinkronoak erabiltzen dira orain, bai potentzia handikoetan, bai oso motor txikietan ere (ordenagailuetako diskoak irakurtzeko gailuetan, adibidez).

Erabilera berezietarako, motor sinkrono bereziak erabiltzen dira, hala nola erreluktantzia-motorra: errotorean ez du harilik, iman iraunkorrak baizik. Sinplea eta merkea da. Edo histeresi-motorra, errotorean eroalerik ez duena. Oso potentzia txikiko (10 W, gehienez) motorretan erabiltzen da: erloju elektrikoetan, adibidez.