antropologia fisiko

1. Antr.

Gizakia organismo biologikotzat hartu eta horren ezaugarri fisikoak, aldakortasuna eta eboluzioa aztertzen dituen alorra.


1. Antr.
Gizakia organismo biologikotzat hartu eta horren ezaugarri fisikoak, aldakortasuna eta eboluzioa aztertzen dituen alorra.

Antropologia fisikoa Edit

Egilea: Neskuts Izagirre

ANTROPOLOGIA FISIKOA

Antropologia fisikoak giza espeziearen aldakortasun biologikoa aztertzen du denboran eta espazioan, betiere kontuan izanik aldaketa hori determinatzen duten zergatiak, oinarri molekularrak zein ingurumenaren eta kulturaren arteko elkarrekintza konplexuak.

Garai bateko eta besteko antropologoek antropologia fisikoari buruz emandako definizioen bilakaera jarraitzen badugu, aldaketa nabariak aipa ditzakegu arlo zientifikoaren barnean. Antropologiaren hastapenak antzinatean daude, garaian garaiko historialari, geografo eta bidaiariek argitaratutako lanetan euren jardute profesionalean aurkitutako giza taldeen deskribapenak egin baitzituzten. XVIII. eta XIX. mendeen artean, antropologia gizakiaren ikerketa fisiko hutsa izatetik, giza taldeak aztertzen zituen zientzia izatera pasatu zen; horrenbestez, gizakia, bere osotasunean eta berezitasunetan ez ezik, gizakiak izadiarekin dituen harremanei dagokienez ere hasi ziren aztertzen. Garai hartan, antropologia fisikoa ikerketa-objektuaren arabera definitzen zen: hots, gizakiaren eta giza taldeen arabera.

XIX. mendean, denboran eta espazioan zeharreko aldakortasunaren azterketa gehitu zitzaion definizio horri. Ordura arteko proposamenak gizakion ikerketa biologikoan oinarritzen ziren, giza izaeraren beste dimentsio batzuk aintzat hartu gabe; hala nola kultura edo gizarte-egitura. Baina gizakiok gai gara sormen, asmakuntza eta jokabidea taxutzearen bidez ingurunera moldatzeko, eta, gainera, erantzunak ondorengo belaunaldietara transmiti ditzakegu DNArekin zerikusirik ez duten mekanismoei esker. Azkenik, gizakia ikuspuntu biologikotik ikertzen duen antropologoak ezin du gure espeziearen dimentsio kulturala ahaztu; aitzitik, faktore kulturalen ondorio biologikoak ere kontuan izan behar ditu.

Antropologia fisikoa gainontzeko zientzia biologikoekin konparatzean, zenbait zehaztasun bereizgarri aipatu behar ditugu. Lehenengoa, goian adierazi dugun giza taldeen eboluzio kulturalaren azterketari dagokio. Gizakian, eboluzio biologikoa eta eboluzio kulturala gainezarri egiten dira. Eboluzio biologikoari esker, eboluzio kulturala ahalbidetzen duten oinarri fisiologikoak agertu ohi dira. Aldi berean, eboluzio kulturalari esker, gizakiak bere ingurune propioa sortu ahal izan du, eta neurri batean bere eboluzioa bideratu ahal izan du.

Bestalde, gainontzeko zientziak ez bezala, antropologia ez da definitzen erabiltzen duen metodologiaren arabera, baizik eta ikerketa-objektuaren arabera, hots, gizakia eta giza taldeen arabera. Beraz, beste zientzien metodologia baliatuz giza taldeen aldakortasunari buruzko (objektu bateratzailea) informazio eta emaitzen sintesia egiten duen zientziatzat joko dugu antropologia. Hori dela eta, enbor bakarretik datozen adar anitzetan deskonposa daiteke antropologia. Adar horien banaketa erabilitako metodologia eta tekniken araberakoa izango da, eta lortu nahi den helburuaren araberakoa.

Hori guztia dela eta, antropologiak harreman estua du biologia alorreko zenbait adarrekin eta beste zientzia batzuekin, bai metodologiari, bai emaitzei eta bai interpretazioei dagokienez. Antropologia beste zientzia batzuen bilgunean dago, zenbait arlo zientifikoren arteko elkartea da: arlo horietatik mekanismo analitikoak mailegatzen ditu, eta, trukean, ikuspuntu sintetikoa eskaintzen die.

Hori aintzat hartuta, ez da batere erraza antropologiaren adarrak mugatzea, kontuan izanda antropologiaren egitura ere denboran zehar aldatu egin dela, bai definizioan azaldu dugun eboluzioari esker eta baita antropologian bertan eta arlo kideetan egin diren aurrerapen tekniko eta zientifikoei esker.

Horrek adierazten digu giza taldeen ikerketarako hainbat ikuspegi erabil daitezkeela. Ikuspegi horietariko bakoitza espezialitate bat izan daiteke (ikus taula). Antropologiaren arlo kideetan aurrerapausoak eman eta teknika berriak garatu izanak antropologiak espezialitate asko izatea ekarri du. Horren ondorioz, antropologia diziplina anitzeko zientzia bilakatu da. Hala ere, espezialitate hauek guztiak ezin dira zientzia bereizietan banandu, denen arteko lotura gizakia eta giza taldeen azterketa baita.

grafikoak1