haririk gabeko teknologia

1. Telekom.

Tresnen edo sareen arteko komunikazioa lortzeko, irrati-uhinak, mikrouhinak edo satelite bidezko komunikazioak darabiltzan teknologia; hau da, sarbidean ez kobrezko haririk, ez kable ardazkiderik, ez zuntz optikorik ez darabilen teknologia.

Haririk gabeko teknologiak. Erabilera: mugikortasuna eta segurtasuna
Haririk gabeko teknologiak. Erabilera: mugikortasuna eta segurtasuna

1. Telekom.
Tresnen edo sareen arteko komunikazioa lortzeko, irrati-uhinak, mikrouhinak edo satelite bidezko komunikazioak darabiltzan teknologia; hau da, sarbidean ez kobrezko haririk, ez kable ardazkiderik, ez zuntz optikorik ez darabilen teknologia.

Haririk gabeko teknologia Edit

Egilea: Leire Agiñako

HARIRIK GABEKO TEKNOLOGIA

Aurrekariak

Gero eta gehiago, komunikazio- eta entretenimendu-zerbitzu guztiak gure gailu mugikorretan  jaso nahi ditugu. Horrek, banda zabaleko zerbitzuak emateko gaituriko haririk gabeko sareak ahalbidetzea eskatzen die operadoreei. Gainera, negozioek langileen mugikortasuna eta dinamismoa beharrezkoa dute. Horretarako, beren lanlekuetatik kanpo, bertan dituzten zerbitzu berberak (ahotsa eta aplikazioak) ematen dizkien teknologiak behar dituzte edonon: etxean, automobilean dabiltzanean, hotelean, beste bulegoetan eta abarretan.

Orain dela gutxi arte, zerbitzu mugikorrak bakarrik ahotsezkoak izan dira, 2G deritzen zerbitzuetan oinarritutakoak, hain zuzen ere. Bi eratako soluzioak aurki ditzakegu egun, aldi berean erabil daitezkeenak: bata, telekomunikazioen mundutik datorrena, UMTS (ingelesezko Universal Mobile Telecommunications Systemen laburtzapena), bere hobekuntza HSPArekin (ingelesezko High-Speed Packet Accessen laburtzapena), —3G deritzen sistemak—, eta, beste alde batetik, sare lokal haridunetatik (LAN, informatika-mundutik) datorren soluzioa, WiFi eta WiMAX sistemak. Ingurune honetan, haririk gabeko komunikazio-teknologiak eta -azpiegiturak elkarrekin hazten ari dira bi esparruetan, eta etorkizunean zerbitzuek azpiegitura heterogeneoak izango dituzte eskuragarri. Era honetan, erabiltzaileek (hasieran, batez ere, enpresatako langileek) aukera izango dute zerbitzu horietara haririk gabeko azpiegitura oso desberdinen bitartez konektatu ahal izateko, eta kasu batzuetan aldi berean egiteko aukera izango dute.

Eskakizun sendo honi erantzuna emateko, telefonia mugikorreko teknologiak belaunaldi berri bat martxan jarri behar du. Esan bezala, gaur egungo ahots-sareak, GSM teknologian oinarritutakoak, oso motz geratzen dira datu-transmisiorako, baldin eta SMS zerbitzuaz edo 9,6 kbps behar dituzten aplikazioez ari ez bagara. Dena den, banda zabalerainoko eboluzioa oso geldoa izango da. GPRS teknologiarekin hasi zen (batez besteko 40-50 kbps-ko  transmisio-abiadurarekin), eta hurrengo pausua UMTS (3G) da, 100-200 kbps-ko batez besteko abiadurarekin. Gainera, sare honek, HSDPA (ingelesezko High-Speed Downlink Packet Accessen laburtzapena) eta HSUPA (ingelesezko High-Speed Uplink Packet Accessen laburtzapena) teknologiaren bitartez, abiadura handiagoa izan dezake, banda zabaleko zerbitzuak ahalbidetzeko. Azken motako sare horien hedadura oraindik ez da osoa, oso teknologia garestia baita.

Informatikaren mundutik etorria den WLAN edo WiFi teknologia ere merkatu berean dago. Izatez lehiakideak izan zitezkeenak, egitez, osogarri bihurtu dira ahots-mundutik datorren UMTS teknologiarekin, horrela bezeroei irtenbide ezberdinak eskaini ahal baitzaizkie.  Bezeroarentzako aukerak, batez ere, hedaduran eta abiaduran dautza.  3G soluzioak hedadura handiko sareak izango dira, GSM sareen antzekoak, eta abiadura azkarrak, baina ez punta-puntakoak, eskainiko dituzte (wideband deritzo; 64 Kbps eta 2 Mbps bitartekoak). Beste alde batetik, WLAN irtenbideak (haririk gabeko sare lokalak) tokian tokiko kokaguneetan oinarritzen dira, beraz, haien hedadura puntualagoa izango da, baina abiadura-transmisioa askoz altuagoa izango da (1,5-45 Mbps bitartekoa, broadband deritzo).

Horiez gain, IEEE taldeak ere teknologia berri bat garatu du, WiMAX teknologia, 802.16 estandarrean definitu dena. Nolanahi ere, urruneko kokaguneetarako teknologia izango da, batez ere. Lehen aparailuak 2007aren hasieran merkaturatu ziren, baina merkatua mugikortasunaren zain dago, batez ere.IEEE 802.16e taldeak IEEE 802.16-2004 estandarraren luzapen bat sortu zuen, erabiltzaile mugikorrei erantzun bat eskaintzeko asmoz. Horren bitartez, banda zabaleko haririk gabeko WiMAX sareak eskura izango genituzke. Estandarraren definizioa 2005ean itxi zen, baina oraindik sareko ekipamendua baino ez da egiaztatu. Erabiltzaileentzako CPEak ez daude guztiz garaturik oraindik. Oraingoz, pre-WiMAX aparailu mugikorrak bakarrik daude merkatuan.

Teknikoki, beraz, haririk gabeko banda zabaleko teknologiak posible egiten du edozein lekutan edozein zerbitzu izatea. Halabeharrez, operadoreek denboran egingo den inbertsioaren berreskurapenaren arabera hedatuko dituzte sare horiek. Tokian tokiko kasu guztiak kontuan hartu beharko dira.

Teknologia horren hedaduraren araberako sailkapena honakoa litzateke: pertsonaren ingurunea (edo PAN sarea, Personal Area Network), sare lokala (edo LAN sarea, Local Area Network), metropoli-eremuko sarea (edo MAN sarea, Metropolitan Area Network) edo hedadura zabalekoa (edo WAN sarea, Wide Area Network, estatu, herrialde eta abarretakoa). Hurrengo irudiak sailkapen hori irudikatzen du:

grafikoak1

Haririk gabeko teknologiak. Erabilera: mugikortasuna eta segurtasuna

Dena den, esan bezala, sailkapen horrek ez du esan nahi teknologia horiek hedaduraren arabera instalatzen direnik; aplikazioaren arabera instalatzen dira. Beharrezko diren transferentzia-mota, mugikortasuna edo kalitatea dira parametro garrantzitsuenak.

Haririk gabeko banda zabala. Teknologiak

UMTS– HSDPA/HSUPA eta LTE

Oro har, komunikazio mugikorrak, batez ere GSM teknologian oinarriturikoak, Europan asko hazi dira azken hamabost urteotan; egun, ehunka milioi pertsonak erabiltzen dituzte. Telefono mugikorra luxuzko artikulu izatetik lanerako ezinbesteko lanabes izateraino garatu da. Baina, ahots-transmisioaren arazoa baino ez du konpontzen, eta gaur egun zerbitzu gehiago beharrezko dira.

Hori dela eta, merkatua datu-zerbitzu mugikorretako merkatu bilakatzen ari da; gaurko merkatuak Internet eta enpresa-sareetarako sarbidea edozein lekutan eskatzen du. Gainera, aplikazioen bilakaerek ere gero eta kapazitate handiagoa eskatzen dute zuzen ekiteko, eta abiadura handiko (banda zabaleko) konexioak eskatzen dituzte.

3GPP (ingelesezko 3rd Generation Partnership Projecten laburtzapena) 1998. urtean lortu zen akordio baten inguruko elkarlanerako talde bat da. Horren helburua hirugarren generazioko sistema mugikor bat martxan jartzeko beharrezkoak diren espezifikazio teknikoak eta txosten teknikoak definitzea da.

Esan bezala, UMTS sareen ahalmenak hurrengo urteetan garatu egin beharko dira, bezeroen beharrizanetara moldatzeko. Horretarako, HSPA (ingelesezko High Speed Packet Accessen laburtzapena) teknologia sortu zen, bere goitik beherako (HSDPA, Downlink) eta behetik gorako (HSUPA, Uplink) bertsioekin.

UMTS teknologiarekin, azken urteotan, beherako zentzuan abiadura nahiko gehitu da, 384 kbps-tik 3,6 Mbps-ra pasatu da, eta urte honetan 7,2 Mbps-raino heldu da, zenbait lekutan bakarrik. Hurrengo urteetan 14 eta 28 Mbps bitarteko abiadurara heltzea espero da. Behetik gorako abiadurak, dena den, ez du horrenbesteko garapenik eduki, 384 kbps-tik sarbide-sareak 1,8 Mbps-raino motel-motel garatzen dihardu eta.

Hurrengo bertsioak, MBMS (ingelesezko Multimedia Broadcast and Multicast Serviceren laburtzapena) funtzioak izango ditu barneraturik. Bertsio horrek gaur egungo espektroaren erabilpen egokiagoarekin bideo-kanalak ematea ahalbidetuko du, eta ahotsaren pakete gaineko transmisioa egokiago eta atzerapen gutxiagorekin egitea ahalbidetuko dute.

Teknologia horietako batzuk (MIMO, QAM) baliogarriak dira haririk gabeko beste teknologia batzuekin erabiltzeko, hala nola WiMAX teknologiarekin erabiltzeko.

Etorkizunean, banda zabal mugikorra eskaintzeko teknologia lehiakorrenak HSPA eta WiMAX mugikorra izango dira (hurrengo sailetan aztertuko eta alderatuko ditugunak). Beste aukera bat UMTSren gaineko LTE (ingelesezko Long Term Evolutionen laburtzapena) eboluzioa da. 3GPPko LTE bertsioa ez da estandar bat, UMTSaren 8. bertsioaren parte bat izango da.

WiFi

WiFi teknologia 90. hamarkadan sortu zen, enpresetan haridun Ethernet sareak handitzeko asmoarekin. Langileak mugikortasunean zituzten enpresak sare haridunak zurrunegiak zirela konturatu ziren, kanpotik zetozkien langileentzako konexio-puntuak antolatzerakoan. Horregatik, haririk gabeko konexioak erabiltzea erabaki zuten eta, horretarako, beren enpresa barruan, sareak sortu zituzten. Geroago, sare horiek enpresaz kanpoko erabiltzaileentzako ireki ere egin dira, hala nola, hotelen sarreretan, bilera-aretoetan eta erakustazoketan.

Estandarraren definizioa 1999. urtean atera zen, eta maila fisikoa (PHY) eta sarerako sarbide kontrola (MAC) definitzen zituen 802.11 estandarrak. Aldi berean, 802.11a eta 802.11b, 5 GHz eta 2,4 GHz-etako bandan abiadura altuko estandarraren definizioa atera zen, eta, harrez geroztik, bertsio ugari jaio dira (802.11 d, e, f, g, h eta i); bakoitza eremu batez arduratzen da: interoperazioa, kapazitate altuagoa, espektroaren erabilpena, segurtasuna, etab. Malgua eta erabiltzen erraza denez, adituek diote WiFi etorkizuneko teknologietako bat izango dela.

WiMAX

Ingelesezko worldwide interoperability for microwave access terminoaren laburtzapen fonetikoa da. IEEE erakundeak jaulkitako 802.16 estandarrean oinarritutako haririk gabeko banda zabaleko sarea da, eta datuak estazio nagusi batetik hainbat hargailutara bidaltzeko aukera ematen du.

WiMAX sareak hainbat maiztasunetako bandak darabiltza (2,3; 2,5; 3,4; 3,6; 5,4 eta 5,8 GHz, eta baita 700 eta 900 MHz ere), eta 70 Mbit/s-ko gehienezko abiadura eskaintzen du.  Sarearen gehienezko distantzia teorikoa, ostera, 50 kilometrokoa da.

WiMAX teknologiaren helburua da, alde batetik, WiFi sare lokalak eremu zabalagoetara hedatzea, eta, bestetik, Interneteko zerbitzu-hornitzaileei (ISP) edo beste garraiatzaile batzuei azken kilometroko konektagarritasuna eskaintzea.

WiMAX estandarrak hainbat bertsio ditu; guztiak 802.16 zenbakiaren bidez identifikatzen dira (802.16a, 802.16d, 802.16e, etab.), eta bakoitza sare-mota jakin bati dagokio (sare finkoa, sare mugikorra, eraikuntza barneko sarea, etab.). Bestalde, WiMAX estandarraren arduradunak teknologia hori gainerako haririk gabeko sarbideekin bateragarria izan dadin ahalegintzen dira.

grafikoak2

3G eta WiMAX teknologien eboluzioa

Haririk gabeko beste zenbait teknologia (LMDS – TTT)

IEEE 802.20

Eremu mugikorretan IEEE 802.20 estandarrak (Mobile-Fi izenaz ere ezagutua) autoen eta azpiegituren arteko komunikazioa ziurtatzeaz arduratzea du helburu. MBWA (ingelesezko Mobile Broadband Wireless Access Systemen laburtzapena) izenaz ere ezagutua, IP protokoloan oinarrituriko pakete bidezko zerbitzuak emateko espezifikazio formalak prestatzea du eginkizun.

IEEE 802.21

Azkeneko urteetan, datu-sareen eta sare mugikorren arteko operazioa ahalbidetzeko beharra sortu da. IEEE 802.21 estandarra helburu hori lortzeko sortu zen. Estandar hau garatzeko lantaldean zenbait erakunde daude, eta 3GPP taldearen barruan egiten ari diren lanak dira garrantzizkoenak.

Media Independent Handover (MIH) izenazere ezagutzen da, eta arau bihurtuko dela espero dute haren bultzatzaileek, erabiltzaileen terminalak, sareak eta erabilpen-ereduak horretarako sortuak baitira.

Sare ezberdinen arteko transferentzietan laguntzeko garatuko da, eta transferentzia hasi, sare berria aukeratu eta interfazearen aktibazioa bere gain hartuko ditu.

LMDS eta MMDS

LMDS (ingelesezko Local Multipoint Distribution Systemen laburtzapena) banda zabaleko teknologia bat da, bezeroaren sarbide-sarea irrati bidez eskaintzen duena, eta, haridun sareez aparte, beste aukera bat eskaintzen duena.

Teknologia honek telebista, datuak eta IP gaineko ahotsa garraiatzea ahalbidetzen du, hau da, adibidez, kable bidezko operadore batek eskaini ditzakeen zerbitzu berdinak, baina haririk gabeko komunikazioak erabilita.

Gaur egun Europan erabiltzen diren LMDS sistemek 26 GHz-ko bandan lan egiten dute (baina 28 GHz-koa ere erabil daiteke).

MMDS (Multichannel Multipoint Distribution Systemen laburtzapena) teknologia haririk gabeko banda zabala eskaintzeko beste teknologia bat da, frekuentzia baxuagoetan lan egiten duena (2-10GHz), eta, beraz, hedapen handiagoa ahalbidetzen duena. LMDS aplikazio simetrikoentzako dago diseinatua batez ere, eta MMDS, aplikazio asimetrikoentzako (batez ere, difusio-zerbitzuetarako), azpiegituratik erabiltzailearenganako zentzuan (sarea erabiltzailea) ahalbide gehiago eskaintzen duena, gorako zentzuan baino (erabiltzailea sarea).

Beraz, LMDS teknologiak haridun sareek eskaintzen dituzten zerbitzu antzekoak eskaini ditzake, baina urruneko lekuetan edo landa-eremuetan merkeagoa eta hedatzen errazagoa izan daiteke.

Etorkizuneko erronkak

Bezeroek etorkizunean eskatuko dituzten zerbitzuak eskaini ahal izateko, operadoreek gaur egun ikertzen eta teknologia berriak garatzen hasi behar dute. Tokian tokiko beharrizanetara moldatu beharko dute, bezeroei zein aplikazio eskaini nahi dieten kontuan hartuta betiere. Teknologiaren ikuspuntutik, hiru taldetan sailka daitezke erronka nagusiak:

  • Sarerako sarbidea: zerbitzuak eskaini ahal izateko eta transmisio-abiadurak eta mugikortasuna ziurtatzeko, bitartekari (middleware) bat garatu behar da (802.21 gauzatu, beraz). Honela, bezeroak erabilerrazak eta ez oso garestiak diren balio erantsiko zerbitzuak aukeran izango ditu. Beraz, 802.11b, 802.11g, 802.11a estandarrek abiadura eta mugikortasun-eskaerak betetzen dituzten bitartean, bitartekariak, jakinduria gehien aprobetxatuko den eremuetara eramateko bidea errazten du. WiMAX eta ehundutako WiFi sareek ere etorkizunean sarbidearekin zerikusi handia izango dute eta lehiakortasuna handia izango da, batez ere hirietako kokaguneetan. Beste alde batetik, sare mugikorren (3GPP taldearen lanetik datozenak) garapena ere kontuan izan behar da, batez ere LTE teknologiaren inguruan.

  • Arkitektura berrien antolakuntza: alde honetatik IPv6 protokoloan oinarrituriko irtenbide banatuak (distributed)  dira ikerketa- eta garapen-fasean daudenak.  Arkitektura hori bitartekariarekin oso erlazionaturik dago, sare ezberdinak konektatuko dituena (ahots eta informatika mundukoak, interoperabilitatea) eta baita bezeroen arreta zerbitzu- eta fakturazio-sistemekin ere.

Aplikazioen mugikortasuna: beste alde batetik, enpresetan erabiltzen diren aplikazioak edozein lekutatik eta edozein terminalekin erabili ahal izateko, aplikazioak mugikor bihurtu behar dira. Operadoreen aldetik ere, horrek lan handia eskatzen du, bitarteko euskarrietan hainbat sistema integratu behar baitira.