platihelminte

1. Zool.

Zizare zapal ere esaten zaien hainbat animalia metazoo triploblastiko eta zelomatuez esaten da. Dortsobentralki zapalak dira, eta aldebiko simetria dute. Epidermisa (ektodermoa) eta endodermoa mesodermozko masa handi batez bereiziak dituzte, eta gar-zelulez eratutako iraitz-aparatua daukate. Platyhelmintes filuma osatzen dute.

1. Zool.
Zizare zapal ere esaten zaien hainbat animalia metazoo triploblastiko eta zelomatuez esaten da. Dortsobentralki zapalak dira, eta aldebiko simetria dute. Epidermisa (ektodermoa) eta endodermoa mesodermozko masa handi batez bereiziak dituzte, eta gar-zelulez eratutako iraitz-aparatua daukate. Platyhelmintes filuma osatzen dute.

Platihelmintea Edit

Egilea: Alvaro Anton

PLATIHELMINTEA

Platihelminteen taldea 20.000 espezie bizi inguru barnean hartzen dituen taldea da. Izena grekozko platys ("laua") eta helmins ("zizare") hitzen loturatik dator, esan bezala, gorputza dortsobentralki zapala dutelako. Platihelminte gehienak hermafroditak dira, ugaltze-aparatu konplexua eta barne-ernalketa dute, baina gehienetan ernalketa gurutzatua dute. Zenbait platihelminte ugalketa asexualaz ere ugaritu daitezke.Platihelminteak bizimodu askekoak edo bizkarroiak izan daitezke. Forma askeek (planariak, adibidez) ingurune itsastarrak, ur gezak eta lurzoru hezeak kolonizatu dituzte. Bestetik, talde honetako bizkarroi gehienak endoparasitoak dira, hesteetakoak (teniak) zein barneragokoak (fasziolak). Platihelminteek gizakiarengan sortzen dituzten gaixotasunak oso hedatuta daude (eskistosomiasiak, adibidez), bai gizakia azken ostalari dutenen kasuan, baita bizi-zikloan gizakia bitartekaritzat erabiltzen dutelako ere. Abeltzaintzan eta arrain-hazkuntzan galera ekonomiko larriak ekartzen dituzte. Bizimodu librekoak, edo ostalari bakarra dutenak, garapen zuzena dute. Bizkarroien artean zabalduenak ostalari bat baino gehiagoren beharra dutenak dira, hots, garapen ez-zuzenekoak.

Normalean, lau klasetan banatzen dira platihelminteak: turbelarioak (planariak), trematodoak (fasziolak), monogeneoak (girodaktiloak) eta zestodoak (teniak). Baina filum honen sailkapena eztabaidan dago, besteak beste taldea monofiletikoa ez denaren iritziak daudelako. Turbelarioak gehienbat bizimodu askeko harrapariak edo sarraskijaleak dira, eta higitzeko epitelio ziliatuaz baliatzen dira. Gainerako hiru taldeak bizkarroi hertsiak dira.

Bizimodu bizkarroira egokitzeko talde batzuetan aldaketa nabariak gertatu dira. Zestodoek, adibidez, (batez ere ornodunen bizkarroiak) ez dute digestio-aparaturik, proglotide izeneko egituretan arrautzak metatzen dituzte, eta ostalariaren heste-horman finkatzeko eskolex izeneko egituran agertzen dituzten kizkiez baliatzen dira. Bestetik, trematodotan eta monogeneotan, kizkien ordez kopadurak agertu dira.