neurotransmisore

1. Biol.

Sinapsietan jariatzen den mezulari kimikoa, nerbio-bulkada zelulaz zelula garraiatzea ahalbidetzen duena.


1. Biol.
Sinapsietan jariatzen den mezulari kimikoa, nerbio-bulkada zelulaz zelula garraiatzea ahalbidetzen duena.

Neurotransmisorea Edit

Egilea: Olatz Fresnedo

NEUROTRANSMISOREA

Neurotransmisorea zelula arteko informazioaren transmisioan diharduen mezulari kimiko mota bat da. Nerbio-bulkada (ekintza potentziala) zelula kitzikakor batetik bestera (adibidez, neuronaz neurona) transmititzea da haren zeregina. Sinapsi izeneko egitura berezi batean gertatzen da transmisioa; bertan, neurotransmisorea jariatuko duen neuronaren (presinaptikoa) axoia eta mezularia jasoko duen neuronaren (postsinaptikoa) edozein eremu (dendritak, soma edo axoiak) elkartzen dira.

Neurotransmisore-motak

Neurotransmisore-mota asko ezagutzen dira; izaera peptidikoa ez dutenen artean, gehienak aminoazidoak edo haien eratorriak dira. Jariatutako neurotransmisorearen izaera sinapsian lotutako neuronen izaeraren eta transmititutako mezuaren araberakoa da. Zenbait familiatako neurotransmisore batzuk eta haien aitzindari metabolikoak aipatzen dira taulan.

grafikoak1

Neurotransmisoreak sortu, askatu eta ezabatzea

Neuropeptidoen taldeko neurotransmisoreen aitzindariak polipeptido luzeak izaten dira; polipeptido horien biosintesirako mekanismoak proteinen adierazpen genikoan dihardutenen berberak dira. Neurotransmisore ez-peptidikoen sorrera neurona presinaptikoaren edozein eremutan gerta daiteke, eta bakoitzak biosintesirako bide berezia dauka. Molekularen arabera sintesi lekua eta mekanismoak desberdinak diren arren, guztiak besikula sinaptikoetan metatzen dira. Neurotransmisoreen jariapena besikulen edukiaren exozitosi bidez gertatzen da. Kanporaketa bultzatzen duen faktorea (kinada) sinapsira iristen den ekintza potentziala da, eta zelula barruko kaltzio-kontzentrazioaren igoeraren bitartez jokatzen du. Jariatua izan ondoren, ildo sinaptikoan dagoen mezularia zelula postsinaptikoaren mintz plasmatikoko hartzaileekin elkartzen da. Neurotransmisore bakoitzarentzat hartzaileen hainbat azpiklase daude. Mezularia elkartzeko eremua zelularen kanpoaldean daukaten mintz plasmatikoko proteina integralak dira hartzaile gehienak. Mezua zelulan barneratzeko eta eragin biokimikoa gauzatzeko hainbat transdukzio-mekanismo daude, eta hormonen ekintzan dihardutenen antzekoak dira mekanismo horiek.

grafikoak2

Sinapsiko nerbio-bulkadaren transmisioa

Hartzaileak ionotropikoak edo metabotropikoak izan daitezke. Hartzailea ionotropikoa baldin bada, zelula postsinaptikoaren erantzuna azkarra izango da, ioien lekualdaketa hartzaileak berak egiten duelako. Hartzaile metabotropikoen eragina, berriz, zelula barneko bigarren mezulariaren bitartez gauzatzen denez, geldoagoa izaten da.

Sinapsian jariatu den neurotransmisorea zenbait modutan metaboliza daiteke: degradazio entzimatiko bidez, mutur presinaptikoak edo zelula ez-neuronalek atzituta, eta mezularia lotua duten hartzaileen endozitosiaren bidez. Mekanismo horien ondorioz, transmisio sinaptikoa eten egingo da.