nematodo

1. Zool.

Aldebiko simetria eta hari-formako gorputz zilindrikoa duten zenbait metazoo ez-segmentatu eta pseudozelomatuz esaten da. Animalia eta landareen parasito dira, eta zenbait espezie uretan edo lehorrean aske bizi dira. Bere barnean espezie kaltegarri ugari biltzen dituen Nematoda filuma osatzen dute.

Mikroskopio elektronikoz lorturiko nematodoaren irudia (<span style="font-style:italic">Heterodera</span> sp.) eta haren arrautza
Mikroskopio elektronikoz lorturiko nematodoaren irudia (Heterodera sp.) eta haren arrautza

1. Zool.
Aldebiko simetria eta hari-formako gorputz zilindrikoa duten zenbait metazoo ez-segmentatu eta pseudozelomatuz esaten da. Animalia eta landareen parasito dira, eta zenbait espezie uretan edo lehorrean aske bizi dira. Bere barnean espezie kaltegarri ugari biltzen dituen Nematoda filuma osatzen dute.

Nematodoak Edit

Egilea: Urtzi Goiti

NEMATODOAK

Karl Rudolphi naturista suediarrak, 1808 urtean, deskribatu zuen taldea lehenengoz. Animalia-talde dibertso eta ugarienen artean aurkitzen dira, 80.000 espezie inguru deskribatu baitira, eta, ustez, kopuru hori errealitatetik urrun egongo litzateke, azken kalkuluen arabera 500.000 espezietik hurbilago legoke eta. Nematodoen bizimodu-ereduen aniztasuna handia da; talde kosmopolita eta ubikista hau ur gezako nahiz gaziko, eta lur lehorreko habitatetan eta klima ia guztietan aurki baitaiteke, itsas sakonera handietatik goi-mendietara eta basamortuetatik poloetara. Espezie lehortarrak ugariagoak dira hezetasuna duen eta deskonposatzen ari den lurzoruetan; nematodo itsastarrak, bestalde, bentonikoak izan ohi dira, hau da substraturen baten gainean bizi dira eta, hortaz, eremu pelagikoan oso urriak izan ohi dira. Gainera, 15.000 espezietik gora endoparasitoak dira, bai landaretan eta bai animalietan, gizakia barne, eta askok gaixotasun larriak eragiten dituzte; ez da espezie ektoparasitorik ezagutzen.

Morfologikoki, animalia sinpleak dira, zizare-itxura dute eta gehienek, bizimodu libreko espezieek, tamaina mikroskopikoa dute; tamaina handienak forma bizkarroietan lortzen dira, espezieren batek metrorainoko luzera izan dezake (ugaztun handien bizkarroiak).

grafikoak1

Mikroskopio elektronikoz lorturiko nematodoaren irudia ( Heterodera sp.) eta haren arrautza

Nematodoak animalia sinpleak dira; digestio-aparatua, ordea, ondo garatua dute, elikagaien sarrera eta irteerarako irekigune desberdinak dituzte, ahoa eta uzkia alegia, eta, hortaz, ezaugarri hau duten animalia sinpleenak dira. Zirkulazio- zein arnas aparaturik ez dutenez, difusioz gertatzen dira arnasketa eta beste hainbat beharrizan fisiologiko. Adibidez, elikagaiak pseudozele izeneko barne-barrunbeko fluidoen bidez garraiatzen dira gorputz osoko zeluletara. Luzetarako muskuluak dituzte soilik, eta mugitzeko ahalmen mugatua —uhin-itxurako mugimenduetara mugatzen da— eskaintzen diete. Muskulu zirkularrik ez dutenez, beraz, inguruko presioaz edo gorputzaren mugimenduekin lortzen dute elikagaiek digestio-hodia zeharkatzea. Ahoaren inguruan agertzen diren luzakinek irensketan eta sentikortasunean laguntzen dute.

Hazkuntzan gorputzeko zelulen tamaina handitzen da, baina hauen kopurua beti konstante mantentzen da.

Epidermisak hiru kolageno-geruzaz osoturiko estalkia jariatzen du, babes-funtzioa duena eta lehortzetik (forma lehortarretan) edo digestio-jariakinetatik (forma bizkarroietan) babesten du nematodoa, besteak beste. Kutikula hau, ordea, zurruna da eta animalia hazi ahala, berriztatu egin behar da.

Nematodoen nerbio-sistema sinplea da, eta nerbio-korda dortsal eta bentral bana dute. Aurrealdeko zentzumen-egiturei anfido deritze, eta atzekoei, berriz, fasmido.

Nematodoen elikaduran bakterioak, onddoak eta protozooak sartzen dira taldearen arabera; badira forma iragazleak ere.

Ugalketa sexuala da gehienetan. Arra emea baino askoz txikiagoa izan ohi da eta isats gakoduna du, kopulak dirauen bitartean emeari heltzeko. Arrak, kloakan dituen espikula edo arantzen bidez, esperma pasarazten dio emeari. Bizimodu askeko espezietan arrautzari larba-faseak darraio; ondoren, heldu-itxura hartzen du, animalia-filum eta -talde askotan beha daitekeen eredua, alegia. Badira, ordea, bestelako bizi-ziklo konplexu eta bitxiagoak ere, batez ere espezie bizkarroietan. Muturreko adibidea daukagu endotokia matricida izeneko zikloa duten espezieetan. Elikagaietan urri diren ingurunetan gertatzen den prozesua da hau, non nematodoak hermafroditak izan ohi diren; beren arrautzak autoernaltzen dituzte gorputzaren baitan mantenduz, eta behin larbak arrautzatik ateratzen direnean, hauek gurasoa hil eta jan egiten dute.

Bizimodu askeko nematodoak kopuru handitan agertzen direnez, funtzio ekologiko garrantzitsua izan ohi dute. Elikagai-espektro zabala ustiatzen dute, espeziez espezie aldakorra dena: aukak, onddoak, bakterioak, protozooak, animalia txikiak, gorotzak, organismo hilak eta ehun biziak, besteak beste. Hortaz, deskonposizio-prozesuetan parte hartze zuzena eta berebizikoa dute habitat desberdinetan; aipatzekoa itsasoko elikagaien zikloetan duten garrantzia, batez ere.

Aipatu bezala, nematodoen arteko portzentaje esanguratsuak parasitismoa aukeratu du bizi-eredu gisa, eta zenbait landare- eta animalia-talderen —gizakiak barne— bizkarroi da. Forma hauen bizi-zikloak, ordea, konplexuak izan ohi dira eta sarri zikloa osotzeko ostalari desberdinak (talde taxonomiko oso bestelakoak) erabiltzen dituzte, ugalduko direneko azken ostalarira heldu bitartean. Nematodoen parasitismoak gaixotasunak eragin ohi ditu, hauen larritasuna eta sintomak espeziearen arabera aldatzen direla. Infekzioa era askotara gerta daiteke: azaletik zuzenean, zaurietatik, gutxi egindako janaria (haragia, arraina) jatearen ondorioz, intsektu hematofagoek inokulatutaeta abar. Gizakian aurki daitezkeen nematodo bizkarroi arruntenak honakoak dira: Enterobius vermicularis (hesteetan kokatzen dena), Ascaris lumbricoides (hesteetako nematodo erraldoiak), Trichuris trichiura, Necator sp., Ancylostoma sp., Strongyloides stercolaris, Toxocara canis, eta Toxocara cati (azken bi hauek toxokariasia eragiten dute) eta Trichinella spiralis (trikinosiaren erantzulea). Wuchereria bancrofti, Brugia malayi eta B. timori nematodoek neurofibroma edo elefantiasi izeneko gaixotasun deigarria sortzen dute. Honen ezaugarri aipagarriena gorputzeko atal desberdinetako (gehienetan gorputz-adarretako eta genitaletako) azal eta azal azpiko ehunen handitzean datza, tamaina izugarria lortzeraino, batzuetan. Anisakis sp. generoko nematodoek arrainak parasitatzen dituzte zikloaren fase goiztiarretan, eta ondoren, arrain gordina jatearen ondorioz, gizakira pasa daiteke azken ostalari gisa. Nematodo bizkarroien ostalarien zerrenda zabalak eta sorrarazitako gaixotasunen larritasunak eragin ekonomiko larriak sortzen ditu, bai nekazaritzan eta bai abeltzaintzan. Hala ere, eta aipatu bezala, nematodo guztiak ez dira kaltegarriak; are gehiago, beharrezkotzat jo behar ditugu lurzoruetako eta itsasoko dinamika egokian; horren ondorioz, nekazaritzan eta arrantzan eragina dute.