koleoptero

1. Zool.

Pterigotoen subklaseko zenbait intsektuz esaten da. Lehenengo hego-parea, elitro izenekoa, kitinazkoa da, eta bigarren parea, mintzezkoa eta funtzionala dena, babesten du. Aho-apendizeak murtxikatzeko moldatuta daude. Metamorfosi osoa dute. Intsektu ugarienak dira eta kakalardoak, arkanbelea, marigorringoak eta abar biltzen dituen Coleoptera ordena osatzen dute.

1. Zool.
Pterigotoen subklaseko zenbait intsektuz esaten da. Lehenengo hego-parea, elitro izenekoa, kitinazkoa da, eta bigarren parea, mintzezkoa eta funtzionala dena, babesten du. Aho-apendizeak murtxikatzeko moldatuta daude. Metamorfosi osoa dute. Intsektu ugarienak dira eta kakalardoak, arkanbelea, marigorringoak eta abar biltzen dituen Coleoptera ordena osatzen dute.

Koleopteroak Edit

Egilea: Kepa Altonaga

KOLEOPTEROAK

Koleopteroen ezaugarririk nabarmenena, elitro bilakatu diren aurre-aldeko hego gogortuen parea da; atsedenaldian elitroak elkarri ukitzen daude lerro medialetik. Atze-hegoak minzkara eta hegalariak dira, atsedenaldian elitroen azpian babestuta tolesten direlarik; batzuetan, murriztuta edo erabat desagertuta egon daitezke. Ondokoak ere badira gainerako intsektuekiko bereizgarri: buruan, aho-aparatu mastekatzailea; toraxean, protoraxa da metamerorik garatuen eta higikorrena, mesotorax eta metatoraxa elitroek estalita daudelarik abdomenarekin batera. Hankek, funtzio ibiltari eta korrikalariez aparte, bestelako moldapenak aurkez ditzakete: zeregin induskatzailea, igerilaria, jauzkaria. Askotan dimorfismo sexual nabaria dago koleopteroetan, adibidez arkanbelearen kasuan. Gainerako intsektu endopterigotoak bezala, koleopteroak ere holometaboloak dira, hau da, metamorfosi bortitza dute, eta zenbaitetan hipermetamorfosia ere. Helduaren fasea ez da urte bikoa baino luzeagoa izaten, normalena zenbait astetakoa izatea bada ere. Ziklo osoa urtebetekoa izan ohi da, baina kasu askotan garapen postenbrionarioa hainbat urtez luza daiteke.

Hauxe da intsektu-talderik handi eta eraniztunena, 350.000 espezie inguru deskribatu direlarik. Tamainaz neurri txiki eta ertainekoak gailentzen badira ere, espezie tropikal batzuk 15 cm-taraino ailegatzen dira. Koleopteroen ordena lau subordenatan banatu da: arkostematuak (tropikalak) eta mixofagoak ez dira garrantzitsu espezie-kopuruaren aldetik; koleoptero adefagoek antena filiformeak eta bost giltzarteko tartsoak dauzkate; koleoptero polifagoen kasuan, antenak oso modifikaturik egoten dira, eta tartsoetako giltzarte-kopurua hiruraino murriztuta. Denetara 167 familia deskribatu dira. Ezaguturiko koleoptero fosil zaharrena, Tshekardocoleus, Behe-Permikokoa da.

Koleoptero gehienak lurtarrak dira (kakalardoak), baina, badaude talde osoak ur kontinentaletan bizi direnak; horrela izanik ere, koleoptero akuatiko gehienek hegoak kontserbatu dituzte, sistema akuatiko batetik bestera pasatzeko balio direlarik. Bizimodu urtarrera moldatu direnen artean, ziklo osoa uretan betetzen duten espezieak daude, beste batzuetan urtarrak fase larbarioak soilik izanik. Ostera, ez dago koleoptero pelagikorik edo itsas zabalekorik. Bizimodu askeko koleopteroez gainera, ez da espezie parasitikoen adibiderik falta, bai animalietan zein landaretan. Koleopteroen dieta askotarikoa da oso; nolanahi, azpimarratzekoa da duten garrantzia intsektu kaltegarrien harrapakari gisa (marigorringoak kasu), polinizatzaile gisa, edo materia organikoaren andeakuntzan (koprofagoak, saprofitoak, nekrofagoak), eta bai baso eta soroen izurri bezala, zuraren zulatzaile modura, etab.