kilogramo

1. Fis.

SI sistemako masa-unitatea. Delako sistemako oinarrizko zazpi unitateetako bat da. Haren masa kilogramoaren nazioarteko prototipoaren masaren berdina da, hau da, patroi baten bidez eta ez ezaugarri fisiko baten bidez definitzen den oinarrizko unitate bakarra da. Halaber, SI sisteman aurrizki bat erabiltzen duen unitate bakarra da. SI sistema sortu zenean, urak dentsitaterik handiena duen tenperaturan (4,0 °C) dezimetro kubiko bat ur puruk duen masa gisa definitu zen kilogramoa. Baldintza horietan ur-bolumen horren masa bera zuen platinozko zilindro bat eraiki zen, baina gero aurkitu zen ezinezkoa zela behar zen bezalako ur-kantitate hain purua eta hain egonkorra lortzea. Horregatik, 1901ean, Pisu eta Neurrien 3. Konferentzia Nagusiak, pisu eta masa magnitudeen artean zegoen anbiguotasuna argitzearren, kilogramoaren definizioa aldatu eta Parisen gordetzen den metalezko zilindroaren masarena izatea erabaki zuen. Eta hala jarraitzen du oraindik ere.