eraztun irristariko motor
- 1. Teknol. Elektr.
- sin. errotore harilkatuko motor
Korronte alternoko motor asinkrono mota. Errotoreak estatorekoak bezalako harilak ditu. Harilek mutur bana elkarri lotuta daukate, puntu neutroa osatzeko; haril bakoitzaren beste muturra kobrezko eraztun bati konektatuta dago. Fase bakoitzeko eraztun bat dago; eraztunak bata bestetik isolatuta daude, eta errotoreko ardatzarekin batera biratzen dira. Eraztun horiekin kontaktua egiten duten kanpo-eskuila batzuen bidez, errotoreko hariletan abioko erresistentzia batzuk tarteka daitezke edo harilak zirkuitulaburrean itxi daitezke. Sistema horrek aukera ematen du abioan erresistentziak sartuta korrontea kontrolatzeko eta abioko momentua handiagotzeko. Abio gogorra duten edo inertzia handiko kargak mugitu behar dituzten motorretan eta garabietan erabiltzen da.