motor lineal
- 1. Teknol. Elektr.
Energia mekanikoa biratze-higidura gisa ez baizik higidura lineal gisa ematen duen korronte alternoko motorra. Motor linealak indukzio-motorrak dira, asinkronoak. Funtzionamendu-oinarriari dagokionez, indukzio-motor birakariak bezalakoak dira, baina estatorea ez da zilindrikoa, poliedrikoa baizik. Ondorioz, estatorean sortzen den eremu magnetiko ibiltaria ere ez da birakaria, lineala baizik. Estatore bat jarri beharrean, bi jarri ohi dira aurrez aurre eta bien artean plaka eroale bat (motor birakarietan errotorea ohi dena) mugitzen da. Plaka horretan korronte induzituak sortzen dira estatoreko eremu magnetiko ibiltariak zeharkatzen duenean eta, ondorioz, plakak estatoreko eremu magnetikoari jarraitzen dio. Abiadura handiko tren-makina batzuetan, ordea, alderantzizkoa da antolamendua: eremu magnetiko ibiltaria sortzen duena tren-makinan bertan dago luzetarako ardatzarekiko paralelo. Hala, estatorea ez da estatikoa, tren-makinari lotua baitago. Korronte induzituak trenbidean finkatuta dagoen metalezko errail batean sortzen dira. Motor linealak, batez ere, uhal garraiatzaileetan, makina-erremintetako translazio-mekanismoetan eta trakzioan (zenbait tren-makinatan) erabiltzen dira.