hozte-ziklo

1. Teknol.

Bero-energia gune hotz batetik gune bero batera transferitzen den ziklo termodinamikoa. Beroa berez transferitzeko modua alderantzizkoa denez (hau da, berotik hotzera), hozte-zikloa ezin da lortu sistemaren kanpoaldetik energia sartu gabe. Ohiko zikloan, funtsa lurrunketazko hoztea da. Lurrun-konpresiozko hozte-sisteman, gas bat (fluido eragilea edo hozgarria) mekanikoki konprimatzen da lehenik, gero kondentsadorean likido bihurtzen da, eta beroa kanpoaldera pasatzen da. Hedatu eta lurrundu egiten da ondoren. Lurruntzeko behar duen bero sorra ingurunetik hartzen du, eta, ondorioz,ingurunea hoztu egiten da. Azkenik, lurruna konpresorera doa, eta zikloa itxi egiten da. Xurgapenezko hozte-sistema, funtsean, berdina da, baina konpresioa erabili beharrean, xurgatzaile batek xurgatzen du fluido eragilearen berotasuna.