eguzki-instalazio fotovoltaiko

1. Teknol.
sin. sistema fotovoltaiko

Eguzkitiko argia energia elektriko bihurtzeko gailuez osatutako instalazioa. Bi mota nagusi daude: autonomoak (ez daude sare elektriko orokorrera konektatuta eta metatze-sistema behar dute) eta autonomoak ez direnak (sare elektrikora konektatuta daude eta ez dute zertan metatze-sistema eduki). Autonomoaren osagai nagusiak panel fotovoltaikoak, erreguladore-bihurgailu elektronikoa eta metatze-sistema (eskuarki bateria elektrokimikoak) dira. Ekoitzitako energiaren azken erabileraren arabera, hiru osagai horiek hainbat eratara konektatzen dira elkarrekin.

Ezkerrean, zelula fotovoltaikoa; eskuinean, eguzki-panela
Ezkerrean, zelula fotovoltaikoa; eskuinean, eguzki-panela

1. Teknol.
Eguzkitiko argia energia elektriko bihurtzeko gailuez osatutako instalazioa. Bi mota nagusi daude: autonomoak (ez daude sare elektriko orokorrera konektatuta eta metatze-sistema behar dute) eta autonomoak ez direnak (sare elektrikora konektatuta daude eta ez dute zertan metatze-sistema eduki). Autonomoaren osagai nagusiak panel fotovoltaikoak, erreguladore-bihurgailu elektronikoa eta metatze-sistema (eskuarki bateria elektrokimikoak) dira. Ekoitzitako energiaren azken erabileraren arabera, hiru osagai horiek hainbat eratara konektatzen dira elkarrekin.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoa Edit

Egilea: Unai Ugalde Olea

EGUZKI-INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOA

Efektu fotovoltaikoaren bitartez Eguzkitiko argia elektrizitate bihurtzea helburu duen edozein azpiegitura da eguzki-instalazio fotovoltaikoa. Bestela esanda, badaude argi-elektrizitate bihurketa berariazko bero-trukatzeen laguntzaz burutzen duten zentral elektrikoak ere (argiak fluido bat berotuz, horrek turbina bati eraginez eta abar); hau da, bihurketa fotovoltaikoaz baliatu gabe. Bestalde, eguzki-instalazio termiko direlakoek elektrizitatea alde batera utzi, eta Eguzkitiko argia ura berotzeko erabiltzen dute, bizilekuetarako batik bat, aparteko teknologia sofistikaturik gabe. Fotovoltaikoak izendatzeko, ohitura da eguzki aurrizkia baztertzea, argi-iturria Eguzkia dela agerikoa denean (halaxe gertatzen da kasurik gehienetan); termikoekin, ordea, ezabaketa horrek anbiguotasuna lekarke.

Instalazio fotovoltaikoen funtsezko osagaiak panel (edo modulu) fotovoltaikoak dira; neurriz eta tankeraz etxeetako leiho arrunten antzekoak direnez, erraz txerta daitezke eraikin frankotako arkitekturetan. Panelen barnean 30-40na zelula (fotovoltaiko) daude, eta horiena da argia (fotoi-fluxua) korronte elektriko (elektroi-fluxu) bihurtzeko ardura. Eguzkiak gogor joz gero, siliziozko zelula prestu batek 3-4 A zuzen ×  0,6 V zuzen eskaintzen ditu; hortaz, baldintza horietan, panelek 50-100 W zuzen ematen dituzte. Gauzak honela, ia edozein tamainatako instalazioak dira bideragarri teknika aldetik (ez, ordea, ekonomia aldetik, beharbada): potentzia handia behar denean, panel asko jarri behar dira; potentzia txikia behar denean, aldiz, panel gutxi (edo gehixeago, klima hodeitsuko kokalekuetan).

eguzki-instalazio%20fotovoltaiko_1_2

Ezkerrean, zelula fotovoltaikoa; eskuinean, eguzki-panela

Instalazio fotovoltaikoetan, mota nagusi bi daude: argindar sarera konektatutakoak eta konektatu gabekoak (edo autonomoak). Nabarmen desberdinak dira, elektrizitatea hornitzeko moduaren arabera ez ezik, bai osaera (nola proiektatzen diren) bai merkatu (nori zuzenduta dauden) aldetik ere. Esate baterako, sarera konektatukoetan, nahitaezkoak dira inbertsoreak, hots, DC-AC bihurketa burutzeko ekipo elektronikoak, zelulek ematen duten elektrizitatea zuzena (DC) izanik, sareak garraiatzen duena alternoa (AC) delako. Halaber, arretaz diseinatu behar dira, irla-jardunean ez erortzeko: argindar-konpainiak sarea itzali badu, demagun mantentze-lanak egiteko, instalazio fotovoltaikoak hori detektatu eta bere burua saretik deskonektatu egin behar du.

Autonomoetan, aldiz, inbertsorea aukerakoa da: xede nagusia gaueko argiztapena ematea denez, 12 V-eko tentsio zuzeneko banaketa instalatu ohi da; baina horrez gain tresneria elektrikoa (oihalak iruteko, artoa ehotzeko, zulagailuak…) elikatu nahi bada, komenigarria da inbertsore bat gehitzea. Bestalde, sarera konektatutakoetan ez bezala, autonomoetan energia-metagailuak (berun-azidozko bateriak, gehienbat) behar izaten dira, egunez jasotzen den elektrizitatea gorde eta gauez kontsumitu ahal izateko, ez baitago sarearekin energia trukatzerik. Hala ere, badago salbuespen aipagarri oso hedatu bat: lurrazpiko ura azaleratzeko motoponpak elikatzea. Honelakoetan, elektrizitatea ez, uraren energia potentziala metatzen da: Eguzkiak jo ahala ponpatzen da ura, eta biltegian gordetzen, eskaria dagoenean (egunez nahiz gauez) eskuragarri egon dadin.

eguzki-instalazio%20fotovoltaiko_2_2

Ezkerrean, panelak teilatu gainean; eskuinean, ura ponpatzeko eguzki-panelak