Leclanché pila

1. Fis./Kim./Teknol. Elektr.

Pila elektrokimiko primarioa, manganeso dioxidozko eta zinkezko elektrodoz osatua. Elektrolitoa amonio kloruro disoluzioa da. G. Leclanchék asmatu zuen 1866an, eta 1,5 volt inguruko indar elektroeragilea sortzen du. Jatorriz, pila hezea zen. Gaur egungo pila komertzialetan, aldiz, eroapen elektriko ona ziurtatzearren, manganeso dioxidoa ikatz-hautsarekin nahasi eta terminal gisa lan egiten duen karbonozko hagaxka baten inguruan ezartzen da estututa; elektrolitoa, bestalde, glizerinarekin nahasten da ore bat osatzeko, eta osagai guztiak zinkezko ontzi batean sartzen dira: zinkak elektrodo negatibo gisa jokatzen du. Era horretan taxututako pilari Leclanché pila lehor deritzo. Ez du balio tentsio konstantea denbora luzean emateko; horregatik, egokia da aldika baino erabiltzen ez diren gailuak elikatzeko.