korronte alternoko motor

1. Teknol. Elektr.

Korronte alternoko energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duen motor elektrikoa. Korronte alternoko motorraren oinarria eremu magnetiko birakaria da. Eremu birakaria sortzeko, korronte alterno sinusoidalez elikatzen dira estatoreko haril induzitzaileak. Ondorioz, haril horiek sortzen dituzten eremu magnetikoak ere alternoak eta sinusoidalak dira. Harilak estatorean txandakaturik ezartzen dira. Estatoreko haril bakoitzak norabide bakarreko eta magnitude eta noranzko aldakorreko eremu magnetiko bat sortzen du; baina espazioan bata bestetik distantzia berera dauden sistema trifasiko baten hiru eremu periodikoen baturak balio konstanteko eremu magnetiko birakari bat sortzen du. Korronte trifasikoaren ordez korronte alterno monofasikoa erabiltzen denean ere, eremu magnetiko birakaria lortzeko antolatzen dira harilak. Funtzionamendu-oinarriari dagokionez, hiru motor-mota nagusi bereizi ohi dira: asinkronoak, sinkronoak eta kolektoredunak.