zefalopodo

1. Zool.

Moluskuen filumeko zenbait ornogabez esaten da. Kartilagoz osatutako kaxa baten barnean kokatutako nerbio-sistema zentral garatua, oso begi irtenak eta hainbat garro dituzte. Haragijaleak dira, eta txibia, olagarroa, amoniteak eta abar biltzen dituen Cephallopoda klasea osatzen dute.

Nautilusa
Nautilusa

1. Zool.
Moluskuen filumeko zenbait ornogabez esaten da. Kartilagoz osatutako kaxa baten barnean kokatutako nerbio-sistema zentral garatua, oso begi irtenak eta hainbat garro dituzte. Haragijaleak dira, eta txibia, olagarroa, amoniteak eta abar biltzen dituen Cephallopoda klasea osatzen dute.

Zefalopodoak Edit

Egilea: Ana Puente

ZEFALOPODOAK

Zefalopodoen taldeak 900 espezie bizi inguru besarkatzen ditu. Espezie biziak bi talde nagusitan sailkatuta daude: nautiloideoak (nautiloak) eta koleoideoak (olagarro, txibia, txipiroi eta potak). Nahiz eta nautiloideoen erregistro fosila oso aberatsa izan (7.500 espezie baino gehiago deskribatu dira), gaur egun bost espezie bizi besterik ez dira ezagutzen. Bostok Nautilus generoan sailkatuta daude, eta eskualde indopazifikoan bizi dira. Zefalopodo guztiak itsastarrak dira, eta gehienak bizimodu pelagikora eta harraparitzara moldatuta daude, nahiz eta hainbat espezie bentiko izan (olagarro gehienak).

grafikoak1

Nautilusa

Anatomikoki eta jokabideari dagokiola, zefalopodoak moluskurik eta, agian, ornogaberik sofistikatuenak dira. Egoera ebolutibo aurreratu horren arrazoia, antza denez, maskor ganberadunaren bidez garatu zituzten mekanismo eraginkorretan bilatu behar da; izan ere, modu horretan, flotatzeko ahalmena eskuratu zuten, eta ingurune pelagikora heldu ziren. Ingurune pelagikoa, era berean, zefalopodoen eboluzio-azeleratzearen arrazoia izan zen, zeren ingurune horrek lehia bortitza eta aukera berri asko aurkezten baitzituen. Horrela izanik, zefalopodoen morfologia funtzionalak frogatu du ondo moldatu zirela ingurunera, zefalopodo ia guztiak harrapari aktiboak baitira, eta, arrainetatik at, itsasoko igerilaririk onenak.

Molusku guztietatik, zefalopodoak dira molusku-eredu orokorretik gehien aldentzen direnak, eta azalpena bizimodu berezian aurkitu dezakegu. Antolakuntzari dagokiola, berriztapenik nabarmenena burua eta barrunbe paliala ardatz dortsobentralean kokatuta egotea da. Zefalopodoen eboluzioan zehar, gorputza dortsobentralki luzatu zen erabat, eta, lokomozio-aldaketaren ondorioz, ardatz dortsobentrala aurre-atzeko ardatz bihurtu zen funtzionalki. Beraz, garroen koroa gorputzaren aurrealdean dago, errai-masa, atzealdean, eta barrunbe paliala, jatorriz atzealdean kokatua, alde bentralean.

Zefalopodoen maskorra kanpokoa eta ganberaduna izan daiteke (nautiloideoetan), edo barnekoa eta murriztua (koleoideoetan; olagarroek erabat galduta dute). Maskorra kanpokoa bada, animalia azken ganberan bizi da (ganberarik gazteena), eta hortik sifunkulu deritzon ehun bizizko harizpi bat sortzen da, ganbera zaharrenak zeharkatzen dituena; sifunkuluari esker, ganberak likidoz betetzen edo husten dira, eta horrela flotazioa erregulatzen dute.

Moluskuen oinak, zefalopodoen kasuan, sifoi bentrala (inbutua) gauzatu du batetik, eta garroen parte batzuk bestetik; halaber, burutik eratorriak dira garroen beste atalak. Beraz, zefalopodoek ahoa inguratzen duten garro zefaliko muskulutsu batzuk dituzte: nautiloideoetan asko daude (80-90); koleoideoetan, berriz, gutxiago (8, olagarroetan eta 10, gainerakoetan). Olagarroek izan ezik, beste zefalopodo guztiek garro horietatik bi erabiltzen dituzte harrapakinak eskuratzeko. Koleoideoetan, garro guztiak kopadurez hornituta daude. Aho-erraboilean, moko-itxurako baraila korneo ahaltsu bi dituzte (papagaioaren mokoa), zeintzuk harrapakina moztu eta urratzeko erabiltzen baitira. Erradulak harrapakinaren ehunak txikertu, eta ahoan barneratzen ditu. Horiez gainera, espezie askok pozoi-guruinak dituzte (listu-guruin eraldatuak) harrapakinak hiltzeko.

Mantuak barrunbe palial oso zabala eratzen du. Barruan, brankia- edo ktenidio-pare bat edo -pare bi daude, eta bai nefridio-pare bat edo -pare bi ere. Zirkulazio-aparatua itxia da, eta, bihotz sistemikoaz gain, bi bihotz brankial laguntzaile dauzka, odol-presioa handitzen dutenak. Ez dute ziliorik brankietan eta ez mantuan ere, zeren muskulu-uzkurketa nahikoa baita ur-korronte egurastailea eta indar lokomotorra sortzeko. Izatez, igeri egiteko, barrunbe palialean dagoen ura sifoian zehar botatzen dute mantuaren horma uzkurtzean.

Nerbio-sistema eta zentzumen-organoak ornogabeen munduko onenak dira. Gongoilak aurre-muturrean kontzentratuta daude zefalopodoetan —beste moluskuetan, nerbio-kordoien zenbait gunetan kokatzen dira—, eta zerebro konplexu bat eratzen dute, zeina kartilagozko kapsula baten barruan kokatua baitago. Begiak oso garatuta daude, eta anitz paralelismo dauzkate arrainen begiekin. Besoak ukimen-zelulez eta kimiorrezeptorez hornituta daude. Zerebroaren albo bakoitzean estatozisto bat dago.

Kromatoforoak pigmentuz beteriko zelula handiak dira, zeintzuei muskulu-zuntzak lotzen baitzaizkie. Espezieen arabera, kromatoforoak beilegi, laranja, gorri, urdin edo beltzak izan daitezke. Muskulu-zuntzen uzkurketak kromatoforoak hedatzen ditu, eta horrela lortutako kolorazio-aldaketek hainbat zereginetarako balio dute: animalia ingurunean kamuflatzeko, arren gorteiatze sexualerako, erantzun oldarkorretarako edo sarkinen aurreko alarma-erreakzioetarako. Sakonera handitako zefalopodoek ez dute kromatofororik, baina biolumineszenteak izan ahal dira. Argia fotoforo deritzen organoek sortzen dute. Fotoforoak gorputzeko zenbait gunetan kokatuta egoten dira, eta sarritan irudi simetrikoak eratzen dituzte. Uste denez, fotoforoen zeregina espezie eta sexuen identifikazioarekin erlazionatuta dago.

Bestalde, zefalopodo koleoideoek mekanismo eiektore batez hornitutako tinta-guruina dute. Horren bidez, animaliak tinta ilunezko zurrusta bat jaurti dezake, eta hodeiaren atzean ezkutatu. Inoiz iradoki da ez dela tinta-hodei gisara erabiltzen, baizik eta zefalopodoaren kopia balitz bezala, beste harrapariek, nahasita, kopiari eraso diezaioten. Bestalde, tintaren osagai diren alkaloideek zenbait arrain harrapatzaileren kimiorrezeptoreak narkotiza ditzakete.

Sexuz bereiziak dira, eta kopula eta barne-ernalketa egiten dute. Arrak emearen burua atzematen du, eta besoak emearenekin lotzen ditu. Gero, bereziki aldatutako arraren beso bat, beso hektokotileo deritzona, mantu-barrunbera sartzen da. Gonoduktutik espermatoforo-sorta bat ateratzen du, eta emearen barrunbe palialean barneratzen du. Olagarroek beren lurraldean gordetzen dituzte arrautzak, eta etengabe zaindu eta egurasten dituzte. Garapen zuzena dute, eta ale gazteek helduaren itxura osoa izaten dute eklosio-unean.

grafikoak2

Txokoa, Sepia officinalis (iturria: Xabier Mina Ederra. Mutrikuko Akuikultura Eskola)