harrapakaritza

1. Ekol.
sin. predazio

Animalia batzuk beste batzuk janez bizitzean datzan espeziearteko harremana.

1. Ekol.
Animalia batzuk beste batzuk janez bizitzean datzan espeziearteko harremana.

Predazioa Edit

Egilea: Arturo Elosegi

PREDAZIOA

Zentzu zabalenean, bizidun bat (harrapakari edo predatzailea) beste bizidun batez (harrapakina) elikatzea da. Predatzaileak harrapakina hil edo zuzenean kaltetzen du, eta horretan bereizten da detritiboroez, horiek bizidunez elikatu beharrean, materia organiko hilaz (detritu az) elikatzen baitira. Horregatik, predatzaileak zuzenean eragiten dio harrapakinaren populazioari, baina detritiboroek ez dute eragin kaltegarri zuzenik beren bazka-iturrian.

Munduan diren espezieetatik asko eta asko beste bizidunez elikatzen da; horregatik da predazioa estrategia trofiko arruntena, eta baita eboluzioa bultzatzen duen indar nagusietako bat ere. Harrapatzeko moduaren arabera eta harrapakinari egindako kaltearen arabera, hainbat predatzaile-mota bereiz daitezke:

  • Benetako harrapakariak dira harrapakina atzeman, hil eta jan egiten dutenak. Hauen artean biltzen dira, besteak beste, lehoiak, otsoak, marrazoak eta beste harrapakari tipikoak, baina baita inurriak jaten dituen txoria, planktona jaten duen balea edo haziak jaten dituen sagua ere. Kasu guztiotan, predatzaileak banako (harrapakin) ugari hil eta jaten ditu bere bizian zehar.

  • Herbiboroak ere beste izakiak janez bizi dira, baina benetako harrapakariek ez bezala, gehienetan ez dute harrapakina hiltzen: hari zatiren bat (hosto bat, adibidez) kentzean hazkundea eta biziraupena murrizten dizkioten arren, harrapakina ia beti bizirik ateratzen da.

  • Bizkarroiak oso predatzaile bereziak dira, harrapakin (ostalari) baten gainean bizi baitira. Hauentzat, beraz, ostalaria, harrapakinaz gain, habitata ere bada, oso habitat berezia, bizirik baitago eta bizkarroien aurkako mekanismoak baititu. Horrek oso erlazio estua dakar ostalari eta bizkarroien artean. Munduan diren espezieetatik erdia baino gehiago dira bizkarroiak, eta gehienak ostalari-espezie bakar batera moldatuta daude. Bizkarroiak ahalik eta etekin gehien ateratzen dio ostalariari, eta, horregatik, gehienetan ez du hura hiltzen. Bizkarroien artean, mikrobio patogenoak (bakterioak, birusak eta abar) sartzen dira.

  • Parasitoideoek arrautza ostalari baten gainean erruten dute, eta beren larbak ostalaria janez garatzen dira. Baina bizkarroiek ez bezala, parasitoideoek azkenean ostalaria hil egiten dute. Hauen artean, liztor ikneumonidoak dira ezagunenak.

Edozein dela predatzaile-mota, harrapakinak ia beti kaltea jasaten du: askotan, hil egiten da, beste batzuetan, aldiz, bere hazkundea edo osasuna murriztu egiten zaizkio. Baina nahiz eta predazioaren eragina oso kaltegarria izan harrapakin indibidualentzat, ez da beti hain kaltegarria harrapakin-populazioarentzat. Horretarako, badira bi arrazoi gutxienez:

  • Alde batetik, predatzaile asko oso selektiboak izaten dira, eta berez ugaltzeko aukera gutxi dituzten banakoak ehizatzen dituzte gehienbat, dela ezkutalekurik ez dutelako, dela osasunez ahul daudelako. Beraz, banako horiek harrapakinaren populazioaren hazkundean eraginik ez dutenez, predazioak ez du kalte handiegirik sortzen.

  • Horrez gain, harrapakin-populazioan konpentsazioa gertatzen da, alegia, predazioak ale-kopurua murrizten duenez, geratzen diren banakoek baliagai gehiago dute, eta beraz, azkarrago ugaltzen dira. Konpentsazioa erabatekoa denean, predatzaileak izan zein ez, harrapakinen dentsitatea ez da aldatzen. Kasu gehienetan, konpentsazioa ez da horrenbestekoa, baina bai predazioaren eragina dirudiena baino txikiagoa bihurtzeko adinakoa.

Bi arrazoi horien eragina behin baino gehiagotan nabarmen geratu da, adibidez, gizakiak espezie bati lagundu nahian, haren predatzaileak suntsitu dituenean. Kasu gehienetan, harrapakin-espezieak ez du onura handirik izan, eta, batzuetan, kalte nabarmenak ere jasaten ditu. Horregatik esan ohi da predatzaileek harrapakin-populazioen osasun genetikoa bermatzen dutela.

Harrapakinak ia beti kaltea jasaten duela esan dugu, hain zuzen, kasu askotan, predazioak erlazio mutualistak sortzen baititu, alegia, bi espezieek onura ateratzen duten erlazioak. Horren adibide argienak ditugu animalien bidezko polinizazioa eta fruituen barreiadura. Hain zuzen, animalia askok landareen nektarra zein fruituak jaten dituztenez, landare askok jakin dute beren mesedetarako erabiltzen. Gero eta lore edo fruitu ikusgarriagoak garatu dituzte, animaliak erakartzeko eta horien zerbitzuak erabiltzeko. Landareentzat estrategia garestia da, nektarra edo fruitu jangarria jarri behar dutelako, baina trukean polinizazioa eta hazien barreiadura errazten die. Hain zuzen, landarerik arrakastatsuenak intsektuen bidezko polinizazioa egiten dute, edo haziak hegaztien bidez zabaltzen dituzte. Horrexegatik, askotan ez da erraza erabakitzea animalia eta landare baten arteko harremana ustiapen hutsa (predazioa) ote den edo elkarri laguntzea (mutualismoa).

Edozein dela predazioak harrapakin-populazioan duen eragina, ekosistemen dibertsitatean garrantzi handia izan ohi du. Hain zuzen, predatzaileek gehienetan ugarienak diren espezieei ekiten dietenez, horien kopurua murriztuz, predazioak komunitatearen dibertsitatea areagotu egiten du. Hori garrantzitsua da espezie oso menderatzaileren bat duten komunitateetan, predatzaileek espezie menderatzailearen populazioa murriztuz beste espezieei bizirauteko aukerak ematen baitizkiete. Dena dela, goi-mailako predatzaileek, bazka-piramideen erpinean daudenek, garrantzi handia izan ohi dute bazka-sare osoan; hala, predatzailea desagertzen bada, horren eragina ur-jauzi moduan iristen da maiz beheko maila trofikoetara.

Predazioak garrantzi handia izan du bizidunen eboluzioan, espezie askoren arrakasta nabarmen baldintzatu baitu. Hain zuzen, maiz predatzaile eta harrapakinen artean arma-gudu ikusgarriak gertatzen dira: harrapakinik azkarrenak ugaltzen direnez, espeziea gero eta azkarragoa bilakatzen da, eta horrek predatzailea gero eta azkarrago bilakatzera behartzen du, gepardo eta gazelen adibidean bezala. Horregatik, bizidunen moldamenak aztertzean, ikus daiteke asko eta asko predazioarekin erlazionatuta daudela. Hona hemen horietako batzuk:

  • Kripsia. Harrapakin askok, eta baita predatzaile askok ere, antzematen zaila den kolorazioa garatu dute.

  • Kolore disruptiboak. Kasu askotan, gainera, kolore arruntaz jantzita egoteaz gain, espezie askok silueta apurtzen duten koloreak dituzte, hala nola tigrearen marrak, oihanean kamuflatzen laguntzen dutenak.

  • Mimetismoa. Batzuetan gakoa ez da detektatzen zaila izatea, baizik eta jangarria ez den zerbaiten itxura hartzea: makila dirudien intsektua edo harria dirudien arraina, kasu.

  • Aposematismoa. Espezie askok predazioari aurre egiteko, pozoia, zapore txarra edo antzeko mekanismoren bat garatu dute. Kasu gehienetan, gainera, ezaugarri horien propaganda egiten dute, mundu osoan errepikatzen diren kolore-patroiekin: hori-beltza, adibidez. Horrela balizko predatzaileari argi geratzen zaio izaki hori ez dela janari egokia.

  • Batesen mimetismoa. Aposematismoak Bates biologo ingelesak deskribatu zuen tranpa baterako bidea zabaltzen du, alegia, izaki aposematikoen antza hartzea, nahiz eta pozoi edo zapore txarrik izan ez. Munduan, Bates mimeta ugari dago, esate baterako, jendeak ustez ikusi ohi dituen liztor gehienak ez dira kalterik egiten ez duten euliak bazik.

  • Gregarismoa. Banakoak taldetan biltzeko arrazoi asko izan daitezke, baina predazioari aurka egitea da horietako bat. Hain zuzen, banako baten ikuspuntutik, predatzaileengatik babesteko modurik errazena talde handi baten erdian egotea baita.

Predazioa ikertzeak badu interes aplikatua. Hainbat saio egin izan dira biomanipulazio aren bitartez ekosistemen egoera hobetzeko. Horien artean, aipa daitezke izurrien aurkako borroka biologikoa edo aintziretan soberako ongarrien kontzentrazioaren ondorioak murrizteko arrain predatzaileak sartu izana.