diagenesi

1. Geol.

Sedimentuak arroka trinko bihurtzean datzan prozesu fisiko-kimikoa (harea hareharri bihurtzea esaterako).

Diagenesian eragin zuzena duten faktoreak
Diagenesian eragin zuzena duten faktoreak

1. Geol.
Sedimentuak arroka trinko bihurtzean datzan prozesu fisiko-kimikoa (harea hareharri bihurtzea esaterako).

Diagenesia Edit

Egilea: Arantza Aranburu

DIAGENESIA

Arroka sedimentarioen eraketa-prozesuan azken estaia da diagenesia, sedimentua arroka bilakatzen denekoa. Sedimentuak, metatu ondoren, tenperatura- eta presio-baldintza baxu samarretan paira ditzakeen aldaketa fisiko, kimiko zein biologikoak sartzen dira diagenesian. Diagenesiaren ondorioz, harea hareharri bilakatzen da, karbonatozko buztina, kareharri edo errauts bolkanikoa, zinerita. Hidrokarburoen sorrera ere diagenesian hasten da.

Diagenesiaren tenperatura- eta presio-mugak 300 °C inguru eta 100-200 milioi pascal (Pa) edo newton metro karratuko (N/m2) direla adostu da. Baina, errealitatean, diagenesia metamorfismoa hasten denean amaitzen da, eta bien arteko T- eta P-mugak aldakorrak dira.

Diagenesian parte hartzen duten prozesu garrantzitsuenak bioturbazioa, trinkadura, zementazioa, autigenesia, birkristaltzea, inbertsioa, ordezkapena eta disoluzioa dira.

Bioturbazioak sedimentuaren degradazioa eta ehundura zein egitura sedimentarioen nahastea eragiten du. Metatu ondoren, sedimentua trinkotu egin daiteke, bere gainean pilatutako sedimentu-kargaren ondorioz, eta/edo zementatu, jariakinetatik poroetan edo pikorren inguruan hauspeaturiko mineralei esker. Ondorioz jatorrizko sedimentuaren porositatea gutxiagotu egiten da, baldin eta mineralen disoluzioa edo dolomitizazioa gertatzen ez bada. Sedimentuko pikor, arroka-zati eta fosilak jatorrizko mineralogiarekin zerikusirik ez duen beste mineral batez ordezka daitezke diagenesian. Edo osaera mineralogikoa aldatu gabe, mineralen kristal-tamaina eta/edo -forma alda daiteke birkristaltze prozesuen ondorioz, eta, beraz, jatorrizko sedimentuaren egitura eta ehundura deuseztatu.

Prozesu diagenetiko horiek guztiek lurrazpiko baldintza fisiko zein kimikoek kontrolatzen dituzte (ikus hurrengo irudia). Ingurune sedimentarioetako pH- eta Eh-baldintzak ez dira berdinak, ezta sedimentu-poroetako uraren gazitasuna eta osaera kimikoa ere. Eta sedimentuko partikulen mineralogia ez bada egonkorra, baldintza diagenetikoak aldatu ahala, ezegonkortu eta oreka mineralogiko berriak sortzen dira.

grafikoak1

Diagenesian eragin zuzena duten faktoreak

Beraz, diagenesian gertatzen diren prozesuak sedimentuaren izaeraren (osaera mineralogikoa, tamaina...), sedimentua metatu den inguruneko ezaugarrien eta ingurune diagenetikoko baldintzen baitan daude.