Paleozoiko

1. Geol.

Fanerozoiko eonaren (eta eontemaren) lehenengo era (eta eratema), Proterozoikoaren ondorengoa eta Mesozoikoaren aurrekoa, duela 570 milioi urtetik duela 245 milioi urtera arte iraun zuena. Sei periodo (eta sistema) ditu: Kanbriarra, Ordoviziarra, Siluriarra, Devoniarra, Karboniferoa eta Permiarra. Paleozoikoko fosilen artean ornogabeak nagusi dira; ornogabe asko desagertu ziren era honen amaierako suntsipenean, hala nola trilobiteak eta graptoliteak. Paleozoikoan, arrainen eboluzioa gertatu zen, eta lehenengo anfibioak azaldu ziren. Hiru orogenia nagusi gertatu ziren: Asintiarra, Kaledoniarra eta Hertziniarra edo Variskarra. Euskal Herrian, Paleozoikoko arrokak Pirinio aldean azaleratzen dira, Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako iparraldean eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hegoaldean.