gastropodo

1. Zool.

Moluskuen filumeko zenbait animaliaz esaten da. Gorputzean, burua, oin muskularra eta errai-masa bereizten dira (azken hori normalean kiribila), eta karekizko maskor kuskubakarrez estalita egoten dira. Gehienak herbiboroak dira, baina karniboro eta parasitoak ere badaude. Barraskiloak, bareak, lapak eta abar biltzen dituen Gastropoda klasea osatzen dute.

Lur-barraskiloaren anatomia
Lur-barraskiloaren anatomia

1. Zool.
Moluskuen filumeko zenbait animaliaz esaten da. Gorputzean, burua, oin muskularra eta errai-masa bereizten dira (azken hori normalean kiribila), eta karekizko maskor kuskubakarrez estalita egoten dira. Gehienak herbiboroak dira, baina karniboro eta parasitoak ere badaude. Barraskiloak, bareak, lapak eta abar biltzen dituen Gastropoda klasea osatzen dute.

Gastropodoak Edit

Egilea: Ana Puente

GASTROPODOAK

Gastropodoena da arrakasta handiena izan duen molusku-taldea, arrakasta neurtzeko espezie-kopurua erabiltzen bada behintzat. Izatez, 70.000 espezie bizi inguru deskribatu dira. Barraskilo eta bareak dira klase honetako moluskuak, eta ingurune guztietara moldatuta daude. Hiru subklase bereizten dira normalean klase honetan: prosobrankioak (itsas barraskiloak, itsas belarriak, lapak), opistobrankioak (itsas erbiak, itsas tximeletak, itsas bareak) eta pulmonatuak (ur gezatako barraskiloak eta, batez ere, lur-barraskilo eta lur-bareak). Hala ere, aditu batzuen ustez, aipaturiko sailkapena artifiziala da nonbait, eta ordezko sailkapen ugari proposatu dira.

Prosobrankio gehienak itsastarrak dira, baina badaude ur gezatako espezieak eta lurtarrak ere. Gehiengoa gonokoristikoa da, eta barrunbe paliala eta bertako organoak animaliaren aurrealdean kokatuta daude. Espezie urtarrek brankia edo ktenidio bat edo bi edukitzen dituzte mantu-barrunbean, eta gehienetan maskorra operkulatua da. Bestalde, opistobrankio gehien-gehienak itsastarrak eta hermafroditikoak dira. Brankia bat eta nefridio bat dute, baina destortsioa erakusten dute. Maskorraren eta barrunbe palialaren murrizpena eta galera oso fenomeno arruntak dira talde honetan. Buruan, oro har, tentakulu zefaliko pare bat dute; goialdekoak errinoforo izenaz ezagutzen dira. Azkenik, gastropodo pulmonatu gehienak lurtarrak dira eta hermafroditikoak. Giltzurrun bat dute, brankiarik ez, eta mantu-barrunbea, gorputzeko eskuinaldean kokatua, ganbera baskularizatua da gas-trukerako, bai airean eta bai, sekundarioki, uretan. Buruan garro zefaliko bi edo pare bi dituzte, non begiak baitaude kokatuta.

Gastropodoak molusku asimetrikoak dira, errai-masa dortsalari dagokionez behintzat, zeren garapen enbrionarioan zehar tortsio deritzon fenomenoa pairatzen baitute: errai-masak eta mantuak aurre-atze ardatzarekiko 180°-ko bira egiten dute erloju-orratzen kontrako noranzkoan, halatan non barrunbe paliala aurrealdean gelditzen baita, digestio-hodiak eta nerbio-sistemak beren linealtasuna galtzen baitute eta guztiz biratuta gelditzen baitira. Hala ere, gastropodoek errotazioa alderantzikatu dute, partzialki edo guztiz, eboluzioan zehar: destortsiorako joera egon da; esaterako, opistobrankio eta pulmonatuetan, 90°-ko destortsioa beha daiteke.

Maskorra pieza bakarrekoa izaten da tipikoki, nahiz eta hainbat taldetan desagertu egin den edo espezie gutxi batzuek maskor kuskubikoa duten. Maskor tipikoa helikoidala da, eta dextrogiroa, alegia, maskorraren punta gorantz kokatuta dagoenez behatzailearen eskuin aldean agertzen da maskorraren irekidura. Lekualdatzen diren bitartean, maskorra zeiharka eramaten dute gorputzarekiko, punta goian, eskuinaldean eta atzerantz. Prosobrankioen maskorraren ahoa operkulu korneo edo karekizko batez ixten da. Pulmonatu batzuek epifragma deritzon mukuzko xafla batez ixten dute maskor-ahoa hibernazio zein estibaziorako.

Errai-masaren tortsioa eta maskor biribilkatu eta asimetrikoaren garapena direla eta, gastropodo gehienetan (opistobrankio eta pulmonatuetan) murriztu edo galdu egin dira barrunbe palialeko eskuineko brankia eta bai oinaren ezkerreko muskulu erretraktorea ere. Aipaturiko aldaketa bi horiez gainera, beste bi gertatu dira gastropodoen eboluzioan zehar: batetik, zefalizazio-emendioa eta, bestetik, gorputzaren elongazio dortsobentrala.

Oina muskularizatuta dago, eta zola narrastaile modura aritzen da. Gastropodoen higidura tipiko hori jarduera ziliarren eta, batez ere, muskularraren konbinazioz lortzen da. Substratu gogorretan bizi diren espezieetan, lapetan esaterako, oina itsaste-organo modura erabiltzen da; horri esker, ur-korronte bortitzetako tokietan egon daitezke. Espezie igerilari eta hondeatzaileetan ere eraldatuta dago oina. Igerilariek, hegatsak balituzte bezala, bulkada batez egiten dute aurrera.

Elikadurari dagokiola, gastropodo primitiboek bizimodu alhatzailea dute, baina bestelako elikabideak ere garatu dituzte, eta sarraskijale, detritiboro, iragazle, harrapari karniboro eta abar ere badira. Gehienak algez edo landare lurtarrez elikatzen dira. Harraparietan, erradulako hortzak handi eta gotorrak izaten dira, eta proboszide protrusible baten muturrean egoten dira. Zenbaitetan, erradula ginbaleta balitz bezala erabiltzen da, bibalbioen kuskuak zulatzeko. Gastropodo bakan batzuk iragazleak dira, gehienak semisesilak, eta brankiak iragazki modura erabiltzen dituzte planktona ustiatzeko. Hainbat gastropodo bibalbioen kanpo-bizkarroiak dira, eta beste batzuk, ekinodermatuen endoparasitoak.

Bestalde, ktenidioek (primarioki bi) zenbait aldiz inboluzionatu dute, ez soilik gastropodo lurtarretan, baita itsastarretan ere, esaterako nudibrankioetan. Kasu horietan, brankia sekundarioak agertu dira: lapetan, mantuaren ertzetako zenbait lobulu desberdindu dira; nudibrankioetan, berriz, luzapen dortsalak garatu dira. Dena den, brankia sekundarioen agerpena deigarria da, zeren arnasketa kutaneoa ez baita inoiz galdu. Gastropodo pulmonatuetan, barrunbe brankiala birika bihurtu da zuzenki, hormak guztiz baskularizatuz. Birika inguratzen duen mantu-ertzak, orduan, puntu batean pneumostoma izeneko arnas irekiunea eratuko du, zeina irekitze- eta ixte-muskulu batzuez eraenduko baita, airearen hezetasunaren arabera. Uretako pulmonatu askok, ostera, ez dute airearen beharrik gas-trukea egiteko, zeren eta birikan zehar zirkulatzen duen uretik eskuratzen baitute oxigenoa. Birikaren barrunbean ez dago ziliorik, eta, beraz, gorputz-hormako muskuluek hartu dute zirkulazioa ziurtatzeko ardura. Zenbait gastropodok larruazaletik arnasten dute soilik, eta ez dute gas-trukerako organorik.

Hondakin nitrogenatua amoniakoa izaten da gastropodo akuatikoen kasuan; lurreko pulmonatuek, aldiz, azido urikoa iraizten dute. Mantuko paretatik eratorritako ureter bat txertatuta, pulmonatu lurtarren irekiune iraizlea barrunbe palialetik kanpo geratu da. Uzkia ere barrunbe horretatik at irekitzen da. Hortaz, bada, birika ez dute lohituko animaliaren hondakinek. Pulmonatuak ez daude ur-galera ekiditeko bereziki moldatuta, eta gainera ur-kantitate handia galtzen dute lokomozioan zehar jariatutako lirdingarekin; horren kariaz, pulmonatu gehienak ingurune hezeetara mugatuta daude, edo gautarrak dira. Neguan edo sikate luzeetan, orbelean ezkutatzen dira edo enbor eta harripetan; gero, maskor-ahoa epifragma babesle batez ixten dute. Epe horretan zehar, animalia ez-aktibo egoten da. Bizimodu gautarrari eta estibaziorako ahalmenari esker, basamortuak eta lurralde idorrak kolonizatu dituzte zenbait pulmonatuk.

Ugalketari dagokiola, espezie gonokoristikoetatik hermafroditikoetaranzko joera beha daiteke, eta bai kanpo-ernalketatik barne-ernalketarakoa ere: gastropodo prosobrankio gehienak sexuz bereiziak dira, eta kanpo-ernalketa egiten dute; pulmonatu eta opistobrankioak, ostera, hermafroditikoak dira, eta ugaltze-aparatu konplexua eta kopula egiten dute. Trokofora eta beliger larbak dituzte, eta espezie lehortarretan arrautza barruan garatzen dira. Hau da, espezie itsastar primitiboetan (prosobrankioetan), larba-fase biak agertzen dira garapenean zehar (bizi-ziklo ez-zuzen primarioa), baina, espezie itsastar askotan eta ur gezatako eta lurtar gehienetan, bizi-zikloa zuzena da.

grafikoak1

Lur-barraskiloaren anatomia