filosilikato

1. Miner.

Silikatoen klaseko mineralen familia. Xafla tetraedriko eta oktaedrikoez osaturik daude. SiO44- (edo AlO44-) tetraedroek xafla tetraedrikoak (t) osatzen dituzte. Bestalde, katioien inguruan anioiek (oxigeno eta OH taldeak) osatzen dituzten oktaedroak elkarren artean lotzen dira, xafla oktaedrikoak (o) emanez. Xafla oktaedrikoetako katioiak dibalenteak direnean, hau da, oktaedro bakoitzean katioi bat kokatzen denean, filosilikatoari trioktaedriko deritzo. Katioiak tribalenteak direnean, hiru oktaedrotatik bitan katioi bana aurkitzen da hirugarrena hutsik egonik. Kasu honetan filosilikato dioktaedrikoa deritzo. Xaflak bi eratan pila daitezke t-o edo t-o-t unitateak eratuz. Unitate horiek van der Waalsen indarren, katioien, ur-molekulen edo xafla oktaedrikoen bidez lotzen dira elkarren artean. Ezaugarri horien guztien arabera, filosilikatoen taldean hurrengo talde nagusi hauek bereizten dira: serpentinen taldea, buztin-mineralen taldea, miken taldea eta kloriten taldea. Filosilikato gehienek esfoliazio basal perfektua dute, habitu orritsu bereizgarria baldintzatzen duena.