nitrogeno-oxidoak

1. Kim.

Nitrogenoz eta oxigenoz osatutako konposatuak (NOx). Airean gertatzen diren errekuntza guztietan eratzen dira. Airearen poluzioaren ikuspegitik, nagusiak nitrogeno monoxidoa edo oxido nitrikoa (NO) eta nitrogeno dioxidoa (NO2) dira. Poluzio-ondorio nagusiak smog fotokimikoa eta euri azidoa dira. Atmosferara isurtzen diren nitrogeno-oxido gehienen jatorria erregai fosilen errekuntza (bereziki tenperatura handian egiten direnak) eta hainbat industria-prozesu dira. Emisioak murrizteko bide bat, hortaz, errekuntza-tenperatura txikiagoko prozesuak erabiltzea da. Bestetik, ibilgailuen errekuntza-gasetan bihurgailu katalitikoaren bidez murritz daitezke nitrogeno-oxidoak.