ZTHren kalitate-irizpideak

Edukien fidagarritasuna eta hizkuntza zaindua dira ZTHren bereizgarri nagusietako bi.

  • Edukia: ZTHren helburua da eduki guztiek, Interneten argitaratu aurretik, kalitatea ziurtatua izatea. ZTHkidearen profilean zehazten diren datuen arabera, eta ZTHn duen ibilbidearen eta egindako ekarpenen kalitatearen arabera, hark landutako edukiak ZTHko aditu bati edo batzuei gainbegiratzeko eskatuko zaie edo ez. Horretarako, sistema erdiautomatiko bat erabiliko da, aipatu informazioa erabiliko duena edukia gainbegiratu beharraren aurreebaluazio bat egiteko; horren berri jakinik, ZTHren kudeatzaileek bideratuko dute prozesua.
    • Ekarpena eduki aldetik gainbegiratzekoa dela erabakitzen denean, edizio-taldeak arloko aditu bideratzaileari jakinaraziko dio, hark ekarpen berria aztertzeko egokiena den adituari helaraz diezaion. Hark egiten duen balorazioaren arabera, ekarpen berria argitaratu/zuzendu/baztertu egingo da.
    • Ekarpena eduki aldetik gainbegiratzekoa ez dela erabakitzen denean, ekarpen berria hizkuntza-orrazketaren fasera pasatuko da, Interneten argitaratu aurretik.
  • Hizkuntza: ZTHren helburua da eduki guztiek, Interneten argitaratu aurretik, hizkuntza-kalitatea ziurtatua izatea. Horretarako, planteamendu hau onetsi da:
    • Hizkuntza-kalitatea euskaraz estandarrak diren eta erabileran adostasun zabal batez nagusitu diren irizpideez ebaluatuko da. Beraz, hizkuntzaren normalizazioaz arduratzen diren erakundeen arau eta gomendioek ez ezik, corpusen eta testuen analisiaren bidez eskuratu daitezkeen erabilera-datuek ere moldatzen dituzte irizpide horiek.
    • Irizpideok aplikatzerakoan, lehentasun-eskala bat erabiliko da, irizpideok hizkuntzaren eta haren erabileraren zein alderdiri dagozkion kontuan izanik. Izan ere, ZTH09 edizioan parte hartu zuten adituek adierazi dute hizkuntza-kalitatearen zaintzak ez lukeela alderdi guztiez maila berean arduratu behar. Hizkuntzaren kalitatea zaintzeko, lau alderdi nabarmendu dira, garrantziaren araberako ordena honetan antolatuta:
      Terminologia
      ZTHren kalitate-irizpideak ezartzeko zeregina dutenek ikuspegi inklusibo batetik egingo dute lan.
      • Hizkuntzaren normalizazioaz arduratzen diren erakundeen arau eta gomendioak hartuko dira kontuan, hala nola, euskararen kasuan, Euskaltzaindiarenak eta Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordearenak.
      • Horiez gain, espezialitate-arloetako adituen artean estandarrak diren terminoek ZTHn argitaratuak izateko baldintzak betetzen dituzte.
      • Dena den, termino-ugaritasuna handiegia den muturreko kasuetan, hori gutxitzeko bateratze-ahaleginak egindo dira, adostasunetik urrundu gabe betiere.
      Definizioak
      Bi alderdi zainduko dira:
      • Erredakzioaren zehaztasuna eta ulergarritasuna.
      • Definizioen egituran estandarrak diren estilo-irizpideak: kategoria-komunztadura, genus+differentia egitura.
      Artikuluetako terminologia
      Komeni da artikuluetan erabiltzen den terminologia bat etortzea ZTH hiztegi terminologikoan datorrenarekin. Egile batek fitxa terminologikoan ez dagoen termino bat erabili nahi badu, lehen aukera da delako terminoa gehitzea dagokion kontzeptuaren fitxan; horretarako eragozpen objektiborik badago, egileari fitxa terminologikoan dagoen termino bat erabiltzea proposatuko zaio; azken erabakia, dena den, egilearena da.
      Artikuluen estiloa
      Helburua da zuzentasuna eta ulergarritasuna zaintzeko alderdietara mugatzea idazleei egiten zaizkien aldaketa-proposamenak. Beraz, horietatik harantz, asmoa da ez esku hartzea idazleen estiloak molde jakin baten arabera bateratzen, eta haien estiloa ahalik eta gehien errespetatzea.

Deskribatu berri ditugun irizpideak aplikatzeko prozesua:

  • Noiz: aldaketa bat argitaratu aurretik.
    • Kontzeptu berri bat sortzen denean, edo lehendik argitaratuta dagoen kontzeptu batean aldaketa bat egiten denean, dela edukiari dela hizkuntzari dagokiona.
    • Artikulu berri bat idazten denean.
    • Lehendik dagoen artikulu baten egileari iruzkinak edo oharrak proposatzen zaizkionean.
  • Nork: eduki-motaren arabera (betiere, aldaketa edo ekarpena egin duen ZTHkidearekin ados jarrita).
    • Kontzeptu-fitxa: Elhuyarreko edizio-taldea arduratuko da edukia egiaztatzeaz eta hizkuntza orrazteaz.
    • Artikulu berria: edukia gainbegiratzekoa denean, aditu bati eskatuko zaio artikulua irakurtzeko, eta, oharrik badu, egilearekin adosteko; ondoren, Elhuyarreko edizio-taldeak aztertuko du artikulua, hizkuntza-orrazketarik beharko balu ere. Edukia gainbegiratzekoa ez bada, hizkuntza-orrazketa baino ez da egingo.
    • Artikulu bati egindako iruzkina: artikuluaren egileak aztertuko du iruzkina, eta haren ardura izango da egindako proposamenak kontuan hartzea.